GAIAK

San Petersburgo, arratsaldearen amaieran berpizten den hiria

Arratsaldearen amaieran, kale-argiak pizten direnean, bere xarma berreskuratzen du San Petesburgok, Errusiako bigarren hiriak. Jauregiek, zubiek eta monumentuek distira egiten dute ilunabarrean, Petrograd edo Leningrad zaharrean.

San Petesburgok xarma berezia du gauetan.

Kaleak jendez gainezka, musika zuzenean edozein txokotan, tabernetako giroa, 24 orduz irekita dauden mota guztietako dendak... Urteko edozein garaitan gauez, lasai eta arriskurik gabe, bisitatu daitekeen hiria da San Petersburgo.

Negu luzeak eta hotzak, uda beroak eta motzak. Horiek dira San Petersburgoko urtaroak. Hotz handia egin arren, hiria ezin politagoa da orain, Neva ibaia izozturik dagoenean. Nevski Prospekt etorbideko taberna bateko leihoaren ondoan eseri gara argiak noiz piztuko dituzten zain. Nevski hiriko kale nagusia dela esan daiteke; lau kilometro eta erdi ditu eta Alexandre Jean Baptiste Le Blond arkitekto frantsesak diseinatu zuen 1718. urtean, Parisko bulebarren modura. Gaur egun, egunez nahiz gauez, izugarrizko bizia duen etorbidea da eta hiriko leku interesgarrienak bisitatzeko abiapuntutzat har daiteke. Baina egunez polita den arren, gauez beste xarma bat du.

Argiztatzen hasi dira pixkanaka parean ditugun jauregiak, eskaparateak, hiriko kanalak... benetan irudi ederra kristalaren beste aldean ikusi ahal duguna. Astirik galdu gabe, oinez abiatzen gara gorantz kale nagusitik norabide finkorik gabe. Atsegina da oso paseatzea presarik gabe eta noraezean, mila geldiune eginez zeozerk erakartzen gaituenean.

Autoz beteriko ibilbidea gurutzatu dugu, bidean topatu ditugun monumentu eta jauregiak lasai ikusi eta azkenean Neva errekarekin egin dugu topo parez pare. Hiria «zubi museo» bat dela esan daiteke. San Petersburgok 60 erreka eta kanal baino gehiago ditu, hauen gainean 342 zubi, beraien artean 40 uharte. Zubiak negu amaieran irekitzen hasten dira itsasontziak igaro daitezen eta ikusgarriak dira gauean; Neva oinez jarraitu besterik ez dago euren edertasunaz jabetzeko.

Odol isuriaren katedrala

Bidean Odol isuriaren katedrala –hiriko ikonoetako bat– eta Hermitage museoa begiztatuko ditugu. 18:00etan ateak ixten dituen arren, merezi du gauez azken honetara gerturatzea, ikusgarria baita eraikina eta inguratzen dituen plaza eta kaleak. Museo hau munduko handienetarikoa da eta sei eraikinez osatzen da. Nagusia tsarren neguko jauregia izan zen, 1904. urtean erregeak erabiltzeari utzi zion arte. 1914an, Lehen Mundu Gerrarekin, ospitale bezala erabili zuten eta artelan guztiak Moskura eraman behar izan zituzten segurtasunagatik. Ez ziren 1924. urtera arte berriro itzuli San Petersburgora, tartean 1917an Errusiako Iraultzak eztanda egin zuen.

Hain ospetsuak bihurtu diren zubiak jarraituz kontu-kontari ohartu gara 22.00ak direla eta ez dugula afaldu. Ordua begiratu ez bagenu, kaleetan dabilen jendea ikusirik esango genuke 18.00ak diruditela. Harrigarria egiten da egiten duen hotzarekin eta astelehena izanik honelako giroa egotea. Errusiar neska bati galdetu behar izan diogu benetan arraroa egiten zaigulako. Berak esanda orain badakigu errusiarrak oso gautxoriak direla, ez zaiela hotza axola, taberna batean sartu eta kito, arrazoi horrengatik omen daude hainbeste denda 24 orduz zabalik. Zapata dendak, mugikorren dendak, jatetxeak… edozer behar duzularik ziur gaude San Petersburgon eskuratu ahalko duzula, nahiz eta 3.00k izan.

«Stolovaia» batean

Oinez bira bat eman ondoren, kale nagusira bueltatu gara afaltzeko esperantzarekin. Bertan eta inguruko kaleetan ere asko dira errusiar buffet antzeko jatetxeak, Stolovaia izenekoak. Guk aukeratu dugunak xarma berezia dauka, eskailerak jaitsita soto batean kokatua dagoelako. Stolovaia asko daude hirian zehar eta oso merkeak izan ohi dira. Errusiar janari tipikoez gain, denetarik aurkitu daiteke. Estetikoki ere interesgarriak dira oso, askok sobietar garaiko dekorazioa baitute. Nevski etorbidekoak sotoetan egoten dira, eta ez da erraza aurkitzea.

Ondo afaldu ondoren, atetik irten eta gogo gutxi dugu gure hotelera itzultzeko, gaugiroa ikusita. Jende multzo bat ikusi eta bertara hurbildu gara zer gertatzen den ikusteko. Musika talde bat da, bertakoen eta atzerritarren gozamenerako. Entzuten gaudela burura etorri zaizkit gaur gauean ikusi ditugun leku interesgarri guztiak eta ezin atseginagoa izan dela ohartu naiz, nahiz eta tenperatura 0 gradu ingurukoa izan den. Metroan sartzea besterik ez zaigu geratzen... eta bertara abiatu gara, parean dugun lehen geltokira.

San Petersburgoko metroa munduko sakonenetarikoa da. Neva ibaiaren azpitik igarotzen da eta ia 110 metroko sakonera du. Gaur egun bost linea ditu eta 43 geltoki. 1955ean inauguratua, Moskuko metroaren antzera, geltoki batzuek jauregiak dirudite, arkitekturaren ikuspuntutik ikusgarriak. 2017ko apirilaren 3an, tamalez, ospetsu bihurtu zen linea gorria, atentatu baten ondorioz hamar hildako eta 40 zauritu suertatu zirelako. Segurtasun neurriak askoz ere zorrotzagoak omen dira ordutik.

Dena dela, arrazoi zuten esan zigutenek metro geltoki batzuk benetan ikusgarriak direla... haiek ikusi eta etxera iritsi gara gaua amaitutzat emanda.