Zanzibar, Espezien Bidean erdigune 05 NOV. 2020 - 18:33h Urtzi Urrutikoetxea Afrikako mapari begira, igarri ezin den leku bat dago eskuinaldean. «Zoom in» egin eta, fokoa Tanzanian jarrita ere, puntu txikia baino ez da. Alabaina, kontinentean eragina izan du, eta historia katramilatsuaren ondarea artxipelagoaren izen bera duen Zanzibar hiriburuan ageri da. Nekez iradoki dezake gehiago izen batek: Zanzibar egun Indiako ozeanoko hondartza zuriak dira askorentzat, baina espezien bidearen iragan aberatsa ere badakarkigu gogora, Afrika oparoa dakarkigun legez, eta Arabiarekiko ezinbesteko katebegia da. Swahili kulturaren arragoa ere bada, eta kontinentearen ekialde osoari eragin dion islam mota baten gune garrantzitsuena. Eta, egun, hakuna matata (arazorik ez) dioten kamisetekin eta harea finaren eta ur gardenen postalekin batera, postkolonialismoak sortutako halamoduzko estatuen adibide ere badela ohartuko gara laster: Tanzania Tanganika (kontinenteko lur eremu handia) eta Zanzibar batzetik sortutako izena eta herrialdea da; bien ezkontza duela mende erdi baino gehiago aski traumatikoa izan zen, eta, oraindik ere, interes pixkat izanda, berehala jabetuko gara itsasartearen alde baten eta bestearen arteko harremanak ez direla guztiz gozoak. Zanzibarren autonomia handiagoa nahi lukete, aireportu ondoko Ordezkarien Ganberak burujabetza izatea, baita iragan aberats hori berreraikiko lukeen independentzia ere, eta «Afrikako» aldeari («beltz» ere esaten diote zanzibartar batzuek, euren arabiar eta persiar lotura gogora ekarriz) kolonizatzea eta uharteko kultura ez errespetatzea egozten diote. Kontinentetik ere, berehala markatu ohi dira diferentziak. Zanzibarren iragan mitikoan esklabotzaren memoria ezin dela ezabatu gogora ekarriko dute. Estatu osoan swahilia nagusi izan arren, iparraldetik etorritako masaiak, hainbat hotel eta hondartzatan lanean, animistak edo kristauak dira. Stone Town, historiaren erdigune Zanzibar hirian eta, zehazki, Stone Town bihotzean bizi da historia luze hori, batez ere; kalexketan paseatzen, jauregi, etxe eta tenpluak ezagutzen, azokak bisitatzen eta, zelan ez, jendearekin solasean jasoko dugu horren berri. Iragan mitikoak iradokitzen duena baino txikiagoa begitandu zaigu, kostaldearen, portuaren eta hiri modernoaren artean; oharkabean Shanghaniko kale estuak inguratzen duen itsasbazterreraino heldu, eta han utzi dugu autoa lehen bisitarako. Elkarren ondoan daude Beit al-Ajaib (Mirarien Etxea) eta Beit el-Sahel jauregiak eta Gotorleku Zaharra, sultanerriaren eraikuntzarik finenetakoak, itsasoari begira. Egun Zanzibarreko historia ezagutzeko museoak izateaz gain, ilunabarrean eguzkia gordetzen ikustera etortzeko txoko paregabea da, eta bertakoek ere maite duten Forodhani lorategian afaltzeko. Monzoiaren arabera Persiar golkora etorri edo joango ziren dhow ontzien ibilera irudika daiteke. Mareen arabera, ikuskizun paregabea da oraindik Kendwa, Nungwi edo Mnembako arrantzaleak ikustea. Baina itsasoari bizkar emanda hiriburuko kale estuetan galtzea da lehen aukera, egurretan zizelkatutako ate paregabeen eraginei erreparatzeko, muezzinaren deia entzuteko meskitetan, edo Eliza anglikanoan Zanzibarko beste iragan izugarria ez ahazteko: behinolako esklabo-azokaren gunean dago eraikita, mendeetako merkataritza kriminal horren biktimei ohore eginez. Espeziei buruzko txangoa Uhartea handia ez bada ere, distantziak eta denborak neurtu behar dira: ordubete dago Nungwi iparraldeko muturrera iristeko, hiri inguruetatik urrunduz lehendabizi, britainiarrek arabiar estiloan eraikitako Kibweni edo Zoriontasunaren Jauregia atzean utziz (Khalifa II.a sultanaren hiritik kanpoko egoitza), eta han-hemenka espeziak lantzen dituzten soroekin bat eginez. Ohikoa da espeziei buruzko txangoa egitea uhartea bisitatzen dutenen artean. Nungwi dhow ontzien eraikuntzan famatutako herria da, eta uharteko lekurik turistikoenetakoa. Hiru kilometrora Kendwa du, gero eta hotel gehiago dituen beste herri atsegin bat. Arrantzaleak itzuleran datozenean hondartzan bertan salerosketan aritzen dira. Emakumeak, berriz, marea jaisteaz bat itsasoak utzitako eremuan barneratzen dira alga-bilketan, herrialde aberatsetako kosmetikoetarako. Diru-iturri garrantzitsua da Zanzibarren gaur egun, baina aski lan gogorra ere bai; besteak beste, ikusmenarazoak ere ekarri izan dizkiena eguzki tropikalak itsasoan eta harea zurian eragindako distiragatik. Ekialdeko kostaldetik jarraituta, algak lehortzen aurkitu ditugu Pongwen, postal asko hornitzen dituen uhartetxoaren aurrean. Pixka bat iparralderago, Matemwa hondartza zoragarrian egin dugu geldialdia. Kontraste bitxian dihardute zanzibartar familiek, arrantzaleek eta turistek. Inguruko Mnemba herrixkan gabiltzala, arrabots berezi batek eman digu atentzioa. Jozaniko basoa Herri osoa dantza eta kantu dator, inon iragartzen ez diren ospakizunetako batean. Afrikar swahili tradizioak batzuk, islamarekin eta Omango historiarekin lotuak besteak. Denetan ezagunena ziur aski uztail aldean hegoaldeko Makunduchin egiten den Mwaka Kogwa da, persiar eguzkiaren ospakizunekin lotutakoa. Hiriburutik hego-ekialdera doan bideak badu beste geltoki ezinbesteko bat: Jozaniko basoa. Erraza da errepidean aurrera jarraitzea, baina merezi du geldialdia egitea, bertako landaredia eta fauna ezagutzeko, colobus gorri tximinoa bereziki. Gero bideak beherantz egiten du ekialdeko hondartza ederretara. Egunsentian ikuskizuna da, eta Paje, Jambiani eta Bwejuuko arratsaldean ere herriko giro berezia dago; neska-mutilak olgetan, baloiari joz edo musika nonbaitetik datorrela. Biharamunean itsasoan murgildu edo mareak utzitako hutsuneetako koralak ezagutzeko unea izango da.