GAIAK

AEB-etako mendebaldeko kostaldea: nazio baten jatorrira bidaia

«Mayflower» itsasontzia Ameriketako Estatu Batuetako ekialdeko kostaldera iritsi eta laurehun urtera, Bostonek eta Plymouthek Aita Erromes deiturikoen espirituari eusten diote. AEBentzat data enblematikoa da, eta guretzat, bidaia honetan murgiltzeko aitzakia.

Quincy azoka herrikoia.

Airetik ikusita, Bostongo erdigunea urez inguratutako eraikinen gune trinkoa da, baina bere kale estuen, adreilu gorriko etxeen eta hiriaren profila inguratzen duten kai zaharren artean jaitsi eta sartzean, zera egiaztatu dugu, bere espaloien gainean baino gehiago historiaren gainean gabiltzala. Bostonen dena gertu geratzen da; beraz, Charles eta Mystic ibaien artean bildutako unibertso hau zeharkatzeko modurik onena oinez egitea da.

Massachusettseko hiriburua europar kutsuko antzinako hiri bat da, neguko izotzek eta udako bero itogarriak astindua, nahiz eta hori ez den oztopo izan herrialdeko hiri erakargarri eta bisitatuenetako bat bihurtzeko. 1629an kolono batzuk Charlestown auzoan finkatu zirenetik, hiria modernizatu egin da, baina bere esentziari eusten jakin du. Boston herrialdeko hiririk zaharrenetako bat delako, eta hori agerian uzten dute bertako estatuek, monumentuek, elkarrizketek eta arkitekturak.

Historia honetan barnako bidaia Common Park-en hasiko da, Bostonen bihotzean. Hemen jaiotzen da Freedom Trail edo Askatasunaren Bidea, marra gorri batek lurrean markatutako ibilbidea. Lau kilometroko pasealekua da, hiriaren zati handi bateko hamasei toki historiko zeharkatzen ditu; Samuel Adams edo Benjamin Franklin bezalako heroien monumentuetatik hilerri historikoetara eramango gaitu, hamahiru koloniak Erresuma Batutik independizatzera eraman zituzten gertaera erabakigarriak jazo ziren lekuetatik pasatuz.



Freedom Trailen ibilbideari jarraituz, laster agertzen da Old State House, 1776ra arte gobernu kolonialaren egoitza izan zena. Zutik jarraitzen duen Bostongo eraikin publikorik zaharrena da, eta gaur egun beirazko dorreen artean itota dago. Soldadu britainiarrek Bostongo sarraskia eragin zuten leku horretan bertan, eta gertakari horrek are gehiago elikatu zituen kolonoen independentzia nahiak. Hiru urte geroago, Old South Meeting House-n, puritanoak zerga igoeraren aldeko errebeldia ekitaldi bat antolatzeko bildu ziren. Tearen Matxinada ezaguna izan zen hori eta 1775eko Independentzia Gerra ekarri zuen.

Hortik aurrera, bideak erdialdean zehar sigi-sagaka jarraitzen du; kaleak, monumentuak eta elizak zeharkatzen ditu, pixka bat aurrerago North End auzoan sartu arte; Italia txiki bat aurkituko dugu, ehun bat pizzeria, jatetxe eta gozotegirekin. Eta, hiriko txoko bakoitzean bezala, historiak leku nabarmena du. North Endekoa, beharbada, sinbolikoenetako bat da, Paul Revereren etxea mantentzen baitu, Bostongo zaharrena. Soldadu britainiarrak koloniako buruzagiak harrapatzera zihoazenean alerta emateagatik ezaguna da Revere.

Konbinazio arkitektoniko horrek eta parke, estatua eta adreilu gorrietan inprimatutako tradizio batek Boston begi bat iraganean eta bestea etorkizunean duen hiri bihurtzen dute. Batzuetan, dena nahastuta dago. Hiriak bere Chinatown eta antzoki barrutia ditu, konpainia handien egoitzak ere bai eta bere auzo tradizionalak, film batetik ateratakoak bezalakoak. Beacon Hill muinoa, adibidez, AEBetako hiri prototipikoarekin zerikusirik ez duen ikonoa da. Noizbait mundu osoko etorkinak erakarri zituen, eta gaur egun auzo lasaia da, jende dirudunaren bizileku, kale estuetan gasezko farolak, denda txikiak eta loredun fatxadak dituena. Acorn kale harriztatua da enblematikoena.



400 urteko historia

AEBek data enblematiko bat sortu nahi izan zuten, eta “Mayflower” itsasontziaren etorrera aukeratu zuten beren historia modernoaren hasiera gisa. Itsasontziko 102 bidaiariak 1620ko irailean abiatu ziren Ingalaterrako Plymouth hiritik, erlijioaren jazarpenetik ihesi. Ordura arte, kolonoak merkataritzarako edo esploraziorako iritsi ziren lurralde berrira. “Mayflower”, ordea, beren herrialdeak betiko uzten zituzten familiez osatuta zegoen. Abenturazaleak 1620ko abenduaren 21ean lehorreratu ziren gaur egungo Plymouth estatubatuarrean.

Plymouth Bostonetik 70 kilometro hegoaldera dagoen kostaldeko hiria da. Han hasi zuten Aita Erromesek beren bizitza berria eta herrialdeko kokaleku zaharrenetako bat sortu zuten. Ur geza ematen zien erreka baten ondoan kokatu zituzten etxebizitzak, eta beren etxe komunitarioa herrixkaren hondoan altxatu zuten. Gaur egun, biztanleak hedatu ziren eremuak Leyden du izena eta herrialdeko kalerik zaharrena da, duela laurehun urtetik biztanleria baitu. Koloniako lehen gobernadorea William Bradford izan zen, lehen 30 urteetako egunkari zorrotza eraman zuen itsasontziko erromesetako bat. Idatzi horiek iturri bikainak dira lehen biztanleen ohiturak eta bizimodua ezagutzeko, baina kokagunea berreraikitzeko balio izan zuten dokumentuetako bat ere izan zen. Plymouthetik kanpo, 1947an, koloniaren erreplika bat eraiki zen Leyden kalearen antzeko muino batean.

Plimoth Plantation deiturikoak, museo bizidunaren itxura hartuta, orduko egunak islatzen ditu. Gizon eta emakumeek ohiturak birsortu eta animaliak zaintzen dituzte, orduko arropak jantzita. Egurrezko etxeen barruan, emakumeak ehuntzen edo janaria prestatzen dihardute, eta kanpoan gizonak egurra mozten edo baratzeak lantzen ari dira. Erromesei buruz galdetzean, haien zeharkaldia zein gogorra izan zen edo pasatu zuten gosearen inguruko istorioak kontatzen dituzte.

Paperean sartuz ematen dute orain 400 urte betetzen dituzten gertakari batzuen berri; negu latz batekin hasi ziren, non biztanleen erdiak hil ziren. Esku hutsik iritsi ziren, eta wampanoag indiarrek, 10.000 urte lehenagotik inguru hartan bizi zirenek, haziak eman zizkieten eta landatzeko, arrantzatzeko eta ehizatzeko teknikak irakatsi zizkieten. 1621eko udazkenean, kolonoek bertakoen laguntzari esker euren uztak lortu zituztenean, oturuntza handi batera gonbidatu zituzten eta elikagaiak partekatu. Horrela hasi zen Eskerrak Emateko Eguna (Thanksgiving Day).

Plymoutheko museoan, historia

Plymouth-eko museoa herrialdeko zaharrena da. 1824an ireki zuten eta barruan haurtxoen saskiak, eltzeak, kaskoak, ezpatak, pipak, motrailuak, jatorrizko arropak eta erromesek ekarritako liburu ugari daude, batik bat erlijiosoak. Gaur egun, ondare horrek taupadaka jarraitzen du bidaiarien ondorengoengan; Mayflower Societyk ordezkatzen ditu horiek, 3.000 kide biltzen dituen elkarteak. Baina lagin txiki bat baino ez da, mundu osoan 30 milioi ondorengo inguru daudela kalkulatzen baita.

Plymouth-eko museotik oso hurbil –50.000 biztanleko hiria da, baina udan izugarri hazten da bertako biztanle kopurua eta lehorreratzearen laugarren mendeurrena ospatzen hasia da–, oraindik Jabez Howlandek 1667an eraiki zuen jatorrizko etxea aurkituko dugu. Plymouthen, “Mayflower”-eko bidaiariak bizi izan ziren etxeetatik mantentzen den bakarra da. Bertan eman zuten azken negua Howland senar-emazteek, etxea erosi zuen semearekin batera. Handik gertu, Duxbury herrian eraiki zuen Alden familiak bere etxea hamahiru urte geroago, eta, Plymouthen bizirik dirauen etxe bakarra bezala, egoera ezin hobean dago. Koloniako beste egitura batzuk, erromesek erabilitakoak, Jenney Grist errota kasu, berreraiki egin behar izan dituzte.



Hiri aitzindaria

Bostonera itzulita, beste begi batzuekin ikusten dugu hiria. Plymouthek bidaia honen hasiera historikoa markatzen du; Boston, berriz, beste mugarri askotan amaitzen den haria da: lehen aldien hiria. “Boston News-Letter” izan zen herrialdeko lehen egunkaria, eta Boston Common, AEBetako lehen parke publikoa, 1634an ireki zena. XIX. mendearen amaieran inauguratu zuten metroa, eta, beraz, AEBetako lehen metro sistema ere bada. Liburutegi publikoa, bere arkitektura klasikoa eta hegal modernoagoak uztartzen dituen eraikin erraldoia, lehen liburutegi publikoa da, 1848an sortua. Harvard Unibertsitatea 1636an sortu zen eta herrialde osoko lehen hezkuntza zentroa da.

Bostongo erdigunetik sei kilometro eskasera kokatuta, Cambridge hirian, Harvardek eta Massachusettseko Teknologia Institutuak protagonismoa partekatzen dute, baina bi zentroak Bostongo eremuan finkatuta dauden 50 unibertsitateen artean bi baino ez dira.

Cambridge ikasle hiri txikia da, kafetegiz, liburu-dendaz eta modako tabernaz inguratua. Harvard Uni-bertsitateko lorategietara bisita egitea ezinbesteko esperientzia da, eta ikasleek ere bisita gidatuak antolatzen dituzte. Bere sekretuetan barneratzea herrialde handieneko eliteen biografietan barneratzea ere bada; izan ere, horietako asko, John F. Kennedy presidentea eta Bill Gates bezalako enpresari handiak, erakunde ospetsuan heziak izan ziren. Ez da harritzekoa puntako teknologia arloko enpresa asko Cambridgen instalatu izana, unibertsitateetatik ateratzen den talentua gertutik arakatu ahal izateko.


Charles Dickens idazlea 1843an iritsi zen Bostonera, hirian batera eta bestera ibili eta, bertan aurkitu zituen sinesmen erlijiosoekin harrituta geratzeaz gain, liluratuta jarraitu zuen egonaldiaren amaierara arte. «Hiria ederra da, eta uste dut kanpotar guztiei zirrara egiten diela etengabe», idatzi zuen “Amerikako oharrak” lanean, ibilian zihoala bertako adreilu gorriko kaleak, etxebizitza dotoreak, dendetako erakusleihoak eta erakunde publikoek erakusten zuten gizatasuna deskribatzen zituen bitartean. Perfekzio hori ikusi zuen ateetako heldulekuetan eta antzoki bateko dekoratua ziruditen kaleetan ere.

Aberastasun kultural hori eta etorkizuneko abangoardia uztartzen ditu Massachusettseko hiriburuak. Bitartean, itsasorantz iraulitako jatetxeek euren otarrain plater ospetsuak zerbitzatzen jarraitzen dute, irlandar iragana gogorarazten duten gitarra eta biolinak entzuten dira eta belaontziak ibaietan zehar ibiltzen jarraitzen dute. Izan ere, Dickens liluratuta utzi eta bi mende geroago, Bostonen oraindik posible da harritzen jarraitzea.