GAIAK
Entrevue
Alex Irazusta
Nøgen taldeko gitarra jotzailea

«Zabalik dituzue asteburuan NAIZ gunean irekiko dugun ‘Nøgen etxeko’ ateak»

Markel Idigoras taldekideak Danimarkan egindako egonaldi batean sustraia bota eta egun ongi errotutako proiektua da Nøgen. ‘Under alt’ izeneko lanarekin datoz orain eta, hori aurkezteko, ‘Nøgen etxea’ eraikiko dute asteburuari begira NAIZ gunean.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


«Inspekzioa pasatzera etorri gara NAIZ gunera ‘Nøgen etxea’ zabaltzen dugunerako», horrela ekin diote elkarrizketari taldeko kideak diren Alex Irazustak eta Jokin Gilisagastik. Gitarra jotzen du lehenak eta bateria bigarrenak.

Diskoaren izena danieraz dator beste behin. «Danierari eutsi nahi izan diogu, gure nortasunaren zatia delako eta beti egiten diogu erreferentzia jatorri horri», aipatu digu Gilisagastik. Irazustak, umorez, «ez dut inoiz Danimarka zapaldu, Julio», gaineratu du. Aurretik, gaileta daniarren potoak baino ez omen zituzten ezagutzen.

Diskoaren tituluaren inguruan galdetuta, zera esan digute: «Azalaren azpian esan nahi du ‘Under Alt’-ek eta hori da bilatu duguna. Zerbait ponpoxoaren bila joan ordez, azalaren azpian dagoen gordintasunaz jardun dugu disko honetako hitzetan». Diskoaren irudi nagusian, biluzik agertzen den pertsona bat ikusten da. Azalaren jokoari taldearena gehitu behar zaio, Nøgen hitzaren esanahia bera ere biluzik delako eta nolabait ere beren burua biluztu dutelako lan honetan.

Thomas Ibarrolak egindako argazkian ikusi dezakegun pertsona, «oraindik ere Nøgenen zati» den Ane Negeruela da, 2018a arte taldeko abeslari izan zena. Disko honetan bere atzetik etorri zen Eider Saezek abestu du. Eta bada bitxikeria bat, Donostiatik kanpoko taldekide bakarrak biak izan direlako eta biak ere Lazkaokoak direlako.



Saezek grabatzen duen lehen diskoa izan da: «‘Liv til døden’ diskoa atera eta segidan eman zen abeslari aldaketa. Ikasketak zirela eta agur esan zigun Ane Negeruelak, baina guk aurrera jarraitzea erabaki genuen. Hau da, Eider Saezek hartu zuen diskoa zuzenean defendatzearen ardura, eta hori sekulako marroia izan zen, baina ederki atera da horretatik», azpimarratu du Jokin Gilisagasti bateria-jotzaileak.

Etxe bat eraikitzea aipatzen dute ‘Zeri begira hartu nahi duzu lo?’ kantuan eta Zurriola inguruan dagoen NAIZ gunean, Kursaal parean, eraikiko dute ‘Nøgen etxea’.

Xehetasun batzuk kontatu dizkigute bi musikariek. Asteazkena eta osteguna bitartean tokia egokituko dute, ostiral arratsaldetik igande arratsaldera jendeari ateak zabaltzeko. «Diskoaren esparru fisikoa bilakatzea nahiko genuke, azalaren mamia; gero ez dakigu lortuko ote dugun. Bertan merchandisinga eta diskoa erosteko aukera egongo da, berau sinatzekoa, baita Nøgen garagardoa erostekoa ere…», esan digute bi kideek. Emanaldi akustikoren bat egiteko asmoa ere badutela aurreratu digute.

Ahal dela gonbidapen bidez gerturatzea nahiko lukete jendea, edukiera mugak zorrotz mantenduko dituztelako. «Baina, bertatik pasaeran dagoen jendeari ezingo diogu aterik itxi, beti ere horretarako aukera ematen badu tokiak. Hartara, gonbidapena dutenen sarrera lehenetsiko dugu», esan digu Irazusta gitarra-jotzaileak.

Disko berria, soinu berria?
Estilo aldaketa batekin badator ‘Under alt’ lana. Folkari eusten dioten arren, pop kutsu handia ere hartzen du. Izkander Fernandezek NAIZ kontzertuen ostean iragarri zuen diskoan eboluzio bat etorri zitekeela eta taldearen ibilbidean diskorik helduena etorriko zela. Baita gitarrek pisu gehiago izango zutela ere, eta hein batean asmatu du Lemoako musika-kritikariak.



Alex Irazustak izkin eginaz, «Markel Idigorasek gitarra erosi duela eta asko konposatu duela instrumentu horrekin» aipatu digu. Jokin Gilisagastik, aldiz, Markelek eta Alexek sortutako gitarra ‘riff’-ei erritmoak jartzerako orduan batzuetan «folkaren kutsua nabarmen mantendu beharra» ikusi du eta beste batzuetan «kantuaren onerako, hortik ihes egitea» erabakirik onena zela pentsatzen du. Hartara, pop kutsu nabarmeneko kantuak ere sortu ditu oraingo honetan Nøgenek.

Beren hitzetan Nøgenen 2020ko argazkia da ‘Under alt’. «Bageneukan 2021a arte itxarotea kaleratzeko? Bai. Baina justuena eta errealena orain argitaratzea zen, hori baita gaur egun garena. Datorren urtean beste disko bat badator, ba hor ikusiko da zer garen 2021ean», gaineratu du Gilisagastik.

Haritz Harreguyren Higain estudioetan grabatu dute berriro. «Diskoan gertukoez, ia etxekotzat ditugunez inguratzen gara, eta luxua da Haritz bezalako batekin lanean jardutea. Eztabaida eta haserre guztiekin, gauean eztabaidatu osteko barkamena eskatzeko deiekin eta abar luzearekin…», kontatu digute. Harreguyz gainera, gertukoak dituzten Borja Anton, Maria Bustos eta Julen Idigoras musikariak ere izan dituzte diskoan kolaboratzen.

Salto egitea, erortzea… halako kontuak asko aipatzen dira hitzetan. Akaso taldeak salto egin eta erortzen ikasi behar izan duelako bere ibilbidean. «Ez zaigu kantuen hitzen inguruan hitz egitea gehiegi gustatzen, baina hortik joan daiteke kontua. Dena dela, eta berriz ere izkin eginaz, esango dut nik ez dudala erortzeko beldurrik. Niri salto egiteak sortzen didan gogo horrek gehiago beldurtzen nau erortzeak berak baino», azpimarratu du Irazustak.

Ereserkien bolada
Bolada berri bat bada gurean eta ereserkiak idatzi dituzte talde askok. Nøgenek ere ustekabean hori egin du, nahiz eta pandemia aurretik idatzitako kantua den ‘Gelditu dena’. Garai berri honen aurrean elkarrekin eta pozez abesteko abestia da. «Plateruenan izan genuen aurrekoan entsegu orokorra eta bertan zirenek ere esan digute indar berezi hori mantentzen duela zuzenean kantuak. Ez zaigu gehiegi gustatzen ereserkiaren kontua aipatzea, batez ere hitz potoloa delako, baina bai transmititu nahi izan dugula energia hori», kontatu digute bi taldekideek.  



NAIZ kontzertuen baitan kulturaren aldeko mezua eta bertan lanean dabiltzanen aipamen berezia egin zuten Nøgeneko kideek. «Aurten ez dugu gehiegi pairatu egoera negargarri hau. Baina bai gure lankideek. Musikari askok zein teknikari nola bulegoetakoek asko sufritu dute egoera honetan eta, errepikakorrak garen arren, besarkada estu bat bidali nahi diegu. Batzuk pentsatuko dute ogia eskatzen dugula eta kitto. Zuzenekoak edota diskoak aurrera atera daitezen, beste jende batek egin behar du lan. Hartara, errotak martxan jarraitu dezan, kultura modu batera edo bestera babestu egin behar da. Bai sortzaileek aurrera jarraitzeko, baina baita beste horiek guztiek bizirauteko ere», aldarrikatu dute Nøgen taldekoek.

Victoria Eugenia antzokian aurkeztuko dute ‘Under alt’ diskoa. Bertan bukatu zuten aurreko bira eta bertan ekingo diote berriari. «Abenduaren 4rako sarreran bat edo beste tartean behin agertzen da, egoera berria dela-eta itzuli dituztelako hainbat, eta abenduaren 5erako bakan batzuk ere badaude. Baina hori guztia antzokiaren beraren web orrialdean kontsultatzea da modurik egokiena, uneoro aldatu daitekeelako sarrerak erosteko aukerarena», bukatu dute Nøgenekoek.

Zurriola inguruan NAIZek duen gunean ‘Nøgen etxea’ eraikitzea tokatzen zaie orain. Plazer baduzue, pozarren hartuko zaituztete azaroaren 27tik 29ra.