Ezpalartak, itsaso azpiko matriarken kultura 06 DéC. 2020 - 14:58h Jon Mikel Fernandez Elorz/Pierre Robert de Latour, Nils Aukan, Getty Ezpalartak kriminalizatuak izan dira aurten. Izena duenak izana duela esan ohi da, eta, zoritxarrez, zetazeo honi egokitu zaion deiturak beldurrak baizik ez ditu elikatu historikoki. Orcinus orca da, «infernuko izaki beldurgarria». Baina, benetan, miresgarriak dira. Joan den uda hondarrean, egunkari anitzetako lerroburu izan ziren ezpalartak. Arrazoia, hurrengoa: Portugalgo nahiz Galiziako kostaldean zehar belaontzi txikiei egindako ustezko «erasoak». Berriz ere beldurraren betaurrekoak soinean genituela, eta ezezagun zaigunari erraietatik aurre egiteko dugun ohiturak bultzatuta, itsas ugaztun hau kriminalizatzeari ekin genion. Zaharrak berri, jarrera antropozentrista hau aspalditik baitator. Aitzitik, itsas ugaztun hau hobeto ezagutzeko hautua eginez gero, ikaratik baino, miresmenetik begiratuko lioke nornahik.Izena duenak izana duela esan ohi da, eta, tamalez, zetazeo honi egokitu zaion deiturak gure beldurrak baizik ez ditu elikatu historikoki. Orcinus orca da bere izen zientifikoa. Jatorri latindarra duen izendapen horrek infernuko izaki beldurgarria esan nahi du, eta greziar mitologian du iturburua. Hori aski ez, eta urte luzez killer whale (balea hiltzaile) gisa ere ezagutu dugu. Hipotesi askok diotenez, izen horren gibelean XVIII. mendeko balea-arrantzaleak daude. Ezpalartak baleak ehizatzen ikusi eta whale killer deitu ei zituzten. Denboraren poderioz whale killer zena killer whale bilakatu da, eta ondorioz, izenak izana desitxuratu du. Aurtengo udan ezpalarten eta belaontzien artean gertaturikoak, baina, azalpena merezi du, eta zeregin horretan ari da buru-belarri Galiziako CEMMA Itsan Ugaztunen Ikerketarako Koordinakundeko Alfredo Lopez biologoa. Galiziarra, Iberiar penintsulako kostaldean bizi diren ezpalartak ikertzeko sortu berri den aditu taldeko kide izateaz gain, itsas ugaztunetan aditua da. Gibraltarreko itsasartetik Bizkaiko golkoraino Lopezek azaldu duenez, uda honetan ahoz aho ibili den orka taldea Gibraltarreko itsasartean bizi den komunitate zabalago baten parte da, nahiz eta gaur egun bere biziraupena ez den batere ziurra. Alegia, «galzorian» den orka komunitatea dela. Zehazki, maiatz eta abuztu bitartean, ur mediterranear eta atlantikoak batzen diren puntuan aritzen dira arrantzan. Udak aurrera egin ahala, ordea, Portugalgo kostaldean gora Bizkaiko golkoraino joaten dira atunaren xerka. CEMMAko biologoak aitortu duenez, «nehork ez daki non igarotzen duten negua, baina maiatzean Gibraltarreko itsasartera itzultzen dira beti». Uztailaz geroztik, Portugalgo nahiz Kantauri itsasoko uretan orka hauen eta gizakiaren arteko 85 elkarrekintza zenbatu dituztela dio Alfredok: %47 urrundik egindako begiztatuak izan dira, eta beste %53 itsasontziekin izandako «elkarrekintzak». Hain zuzen, itsasontziekin izandako kontaktu edo «elkarrekintza» horien ondorioz, barkuen %17k matxurak izan dituzte; leman, batez ere. Gainera, bakanen batzuek arrisku egoerak sufritu zituztela esan du galiziarrak, «kontaktuek luzaz iraun zutelako eta gauez izan zirelako». Gertakari «guztiz ezohikoak», Alfredo Lopezen hitzetan, «ezpalarten eta itsasontzien arteko elkarrekintzak aspaldikoak izanagatik ere, aurten gertatu dena zeharo berria baita». Gertakari hauen protagonistei dagokienez, «elkarrekintza» ia guztietan hiru ezpalartek parte hartu dutela uste dute adituek, eta izena jarri diete, jakina: Gladis beltza, Gladis zuria eta Gladis grisa. Ohikoa denez, orbain ugari dute gorputzean; gehienak atuna arrantzatzeko orduan arrantzaleen tretza edo palangreekin eginikoak. CEMMAko kidearen arabera, «hirurak gazteak dira, eta haietarik bi aurretiaz ezagutzen genituen». Galdera, baina, ekidinezina da: zer dela eta hiru ezpalarta gazte hauen jarrera berezia? Lopezek baieztatzen duen gisara, ezpalartak sarri hurbiltzen dira itsasontzietara, izan jolastera, izan jakin-minak bultzatuta, eta belaontziak bereziki erakargarriak egiten zaizkie, besteak beste, motorrik gabeko barkuak direnez arrisku gabeak direlako. Halere, hiru orka hauek barkuekin izandako «kontaktu fisikoa» berria da, edo, ezohikoa, bederen. Horregatik hain zuzen, aurtengo udako «elkarrekintzak» azaltzeko orduan biologo galiziarrak aitortzen du bi hipotesi baizik ez dituztela esku artean. Lehenak, aurretiaz aipaturiko orken berezko jakin-minarekin eta jolasteko irrikarekin luke zerikusia. Bigarrenak, berriz, barkuren batekin izandako esperientzia negatibo edo gatazkatsu bat luke oinarrian. Ondorioz, ezpalarta hauek barkuen abiadura moteldu nahian arituko lirateke, izandako esperientzia hori sortu zuen arriskua desagerrarazteko asmoan-edo. Oraingoz, ordea, ez dute azken hipotesi hau baieztatzeko nahikoa daturik. Hiru orka gazte hauen gaineko datu zehatzik gabe, baina esperientziak ematen dion ikuskerarekin, Pierre Robert de Latour urpekari frantsesak (Ikus ‘Pierre Robert de Latour, orken enbaxadore’) hirugarren hipotesi bat maneiatzen du. Kontuan hartuta ezpalartek familia-lotura zinez estuak dituztela, eta matriarka batek gidatuta bizi ohi direla, amalehenaren edo matriarkaren faltak azalduko luke hiru orka gazteen jarrera. Alegia, nork hezi izan ez duten hiru gazte bihurri liratekeela Gladis beltz, zuri eta grisa. Hipotesi onargarria, baina frogaezina; izan ere, hiru itsas ugaztun gazteak uda sasoian Gibraltarreko itsasartean bizi den orka komunitateko kide direla frogatu den arren, adituek ez dakite oraindik norekin batera bidaiatzen duten, ez eta nolakoa den euren taldearen osaera ere. Beraz, ezin baieztatu heldu baten erreferentzia edota aholkua faltan izan dutenik. Edonola ere, hipotesietatik harago, bada nabarmentzea merezi duen ebidentzia zientifiko bat: aske direlarik ezpalartek ez dute sekula gizakirik hil, eta apenas dago haien eraso dokumentaturik, nahiz eta, milaka eta milaka diren haiekin harreman estua izan duten arrantzale, urpekari eta itsas ikertzaileak. Gatibutasunean, ordea, gauzak bestelakoak dira. 60ko hamarkada inguruan kultura mendebaldarrak «itsas parkeak» sortu eta ezpalartak ikusgarrietako izar nagusi bihurtu zituenetik, hiru zaindari edo hezitzaile hil dira ezpalarten ondorioz. 1991ean izan zen lehena, Kanadako Sealand of the Pacific deiturikoan. Bigarrena, berriz, 2009. urtean Kanaria uharteetako Loro Parque delakoan, eta azkena, urtebete beranduago Floridako Sea World parkean. Hain zuzen, lehen heriotzak eta azkenak protagonista bera dute, Tilikum orka ezaguna. Ezpalarta honen historia oinarri hartuta, 2013an Gabriela Cowperthwaite zuzendariak ‘Blackfish’ dokumental ezaguna egin zuen. Ikus-entzunezkoaren xedea bikoitza zen; batetik, Tilikum-ek urte luzez pairatu zuen sufrikarioa salatzea, eta bestetik, gatibutasunak ezpalartengan sortzen duen mina eta eragiten dizkien ondorio fisiko zein psikologiko lazgarriak jendarteratzea. Kultura matriarkala Ezpalarten berezko izaera ezagutzeko ez dago bidezidorrik. Horretarako, haien bizitokira joan beharra dago, itsaso zabalera, eta ur-azalera gerturatzen diren une bakan horiek ahalik eta hobekien baliatu. Zeregin horretan urteak daramatza Ruth Esteban ikertzaileak. Madeirako (Portugal) Museu da Baleia-ko kide ez ezik, Iberiar penintsulako orken harira sortu berri den aditu taldeko partaide ere bada, eta, zehazki, Gibraltarreko itsasartean bizi diren ezpalarta familiak ikertzen ditu. Itsas ugaztun honen antolaketa ereduari dagozkion ezaugarri nagusiak zerrendatzean, Estebanek bi nabarmentzen ditu: «Matriarkatua dira. Familia da taldearen muina, eta familia bereko kide guztien artean harreman oso estuak garatzen dituzte. Ondorioz, eta bigarren ezaugarri gisa, talde berean bizi diren orkek antzekotasun genetiko handiak dituzte». Edonola ere, horrek ez du esan nahi familia bereko kideen artean ugaltzen direnik; izan ere, heldutasun sexuala erdietsi eta gero, arrak, euren familia utzi, eta beste familia batzuekin elkartu ohi dira. Emeek eta, zehazki, eme helduek taldean duten funtzioa ulertu nahi baldin bada, hauen berezitasunak ezagutu behar dira, ez baitira nolanahikoak. Madeirako Museu da Baleia-ko ikertzaileak nabarmentzen duenez, «emeak heldutasun fisikora lehenago iritsi arren, arrak baino askozaz ere gehiago bizi dira». Datuak ikusgarriak dira: arrak asko jota 50-60 urte bizi daitezke; emeak, berriz, 100 bat urte. Estebanek baieztatzen duenez, «orka taldeetan eme zaharrenak izan ohi dira lidergoa dutenak, eta jakin badakigu, ikerketa asko egin direlako, taldeko matriarkaren heriotzak familia osoa arriskuan jarri izan duela behin baino gehiagotan». Antolaketa eredu matriarkal honekin lotuta, bada ezpalartak beste animaliengandik desberdintzen dituen ezaugarri deigarri bat: menopausia. Azken ikerketek diotenez, gizakiaz gain, soilik orkek eta beste hiruzpalau balea espeziek bizi duten prozesu biologikoa da menopausia. Washingtoneko Baleen Ikerketarako Zentroak Erresuma Batuko Exeter eta York unibertsitateetako hainbat aditurekin elkarlanean eginiko ikerketak dio, orkek ugalkortasuna 40 urte inguru betetzean galdu arren, beste horrenbeste bizi daitezkeela. Zientzialari talde honek dioenari kasu eginez gero, amonen jakintza eta jakintza horrek kolektiboari egin diezaiokeen ekarpena lirateke salbuespen honen arrazoia; izan ere, ezpalarten artean amonak dira lider naturalak, taldearen gidaritza beren gain hartzen dutenak. Antolaketa eredu matriarkalarekin batera, itsas ugaztun honen bereizgarri nagusia, beste hainbat balearena bezala, bere hizkuntza propioa izatea da. Ezpalartak ikertzen dituzten hainbat adituk ondorioztatu ahal izan dutenari erreparatuz gero, argi dago ezpalartak hizkuntza propio baten jabe izateaz gain, talde edo familia bakoitzak bere dialekto propioa duela. Esther Esteban adituak ere horixe bera defendatzen du: «Orkek beren artean komunikatzeko nahiz itsasoan kokatzeko sortzen dituzten soinuak ez dituzte jaiotzez, hau da, genetikoki jasotzen. Taldeko helduek hala irakatsita ikasten dituzte». Hizkuntzarekin gertatu legez, arrantzarekin, ehizarekin nahiz elkarbizitzarako arauekin ere gauza bera gertatzen da; belaunaldiz belaunaldi trasmititzen dituzte jakintza horiek guztiak eta, hortaz, ur-azalaren beste aldean ikusezin zaigun izaki itsastarra, milaka eta milaka urteetan zehar pilatutako jakintzaren eta kulturaren jabe da. Ezpalarten enbaxadore Pierre Robert de Latour Ezpalartekin batera egindako 6.000 urperaldi baino gehiagorekin, eta memorian beste horrenbeste elkarrekintzekin, pertsona gutxi da munduan zetazeo hau Pierre Robert de Latour frantsesak bezain ongi ezagutzen duenik. Besteak beste, ‘Frère des orques. 20 ans de plongée avec les orques libres’ liburuaren egilea eta Orques sans Frontières nazioarteko elkartearen sortzailea izateaz gain, urpekari frantsesa orken maitale sutsua da, eta askorentzat, baita orken enbaxadore ere. Gaur egun ezpalartekin duen harreman estu bezain berezia deskribatzeko orduan atzera begirako azalpena ematen du Latourrek: «Lehen kontaktua 1997. urtean gertatu zen Norvegian, urpeko arrantza txapelketa batean lehiatzen ari nintzelarik. Ur uherretan ehizan, ezin izan nituen ikusi, baina haien deia gertu, oso gertu, sentitu nuen. Ezpalartak ziren, halaxe baieztatu zidan nirekin ur azpian zebilen kide batek». Orduko hartan ikusezin suertatu zitzaion izaki misteriotsu hark urpekari frantsesaren jakin-mina piztu zuen, eta urtebete beranduago, 1998. urtean, Olav Magne Strømsholm kapitain norvegiarraren barkuan engaiatu zen urpekari profesional gisa. Orka taldeak munduko ozeano guztietan bizi diren arren, Norvegiako fiordoak itsas eremu pribilegiatua dira zetazeo espezie hau bertatik bertara ikusi eta apur bat gehiago ezagutzeko. Hain zuzen, azken 22 urteetan ur hotz horietan murgildurik aritu da lanean Pierre Robert de Latour. Jakina, urteen joan-etorrian pilatu duen jakintza eta bildu dituen bizipenak zenbatezinak dira. Bizipen horietako askok, gainera, izen berezia dute Latourren kasuan: Anna, Heiko, Leilani... Orken izenak dira guztiak, noski. Dolurik luzeena Izen propioa duen horietako bat Stumpy da. 1996an begiztatu zuen lehenbizikoz zientzialari talde batek Norvegiako uretan, eta orduz geroztik ezpalarta hau mundu osoan ezaguna da, eta ikerketa zientifiko anitzen xedea ere bai. Bere berezitasunik handiena; sortzetik dituen malformazioak. Bizkarrezurrean duen elbarritasun baten ondorioz ez da bere kabuz elikatzeko gai, eta, halere, beste orka familia batzuei esker urte luzez bizirauteko gai izan da. Baina nola da posible ustez indartsuenaren legeak agintzen duen animalia salbaien munduan? Pierre Robert de Latour-ek Stumpy-rekin, edo, hobeto esanda, Stumpy zaintzeko ardura bere gain hartu zuen orka familia horietako batekin, igeri egiteko parada izan zuen orain urte batzuk: «Pertsonalki Stumpy-ren kasua ezagutzen dut; izan ere, bere taldearekin batera igeri egiteko aukera izan dut. Halere, ez nuen ur azpian ikusteko betarik izan taldeko ar nagusiak Stumpyrengana hurbiltzea eragotzi zidalako. Ziurrenik, Stumpyren zaurgarritasuna zaintzeko xedearekin ari zen ar hura». Neguan bere kabuz elikatzen da Stumpy, sardinzar sardak ugariak direnean. Uda garaian, ordea, elikadura ohiturak halabeharrez aldatu eta bestelakoak jan behar dituztenean –hala nola, izokinak edota fokak–, beste ezpalarten laguntzari esker elikatzen da orka elbarritua. Halere, Stumpyrena ez da kasu bakana, zientzialariek antzeko kasuak ikertu baitituzte azken urteotan. Horren harira, urpekari frantsesak Tahlequah ezizenarekin bataiaturiko ezpalartaren kasua dakar gogora. Washingtonetik gertu dagoen Puget-eko itsasartean bizi den eta galzorian den orka komunitate bateko kidea da eta duela bi urte bere kumea galdu zuen. Zehazki, kumea erditze unetik 15 bat minutura hil zen arren, 20 urte inguruko orka eme honek 17 egunez ur gainean mantendu zuen jaioberriaren gorpu iharra, orain arte ezagutu den animalia baten dolurik luzeenean. Partekatzearen kultura Alta, bada ezpalarten komunitatea neurri bereko harrapakariengandik desberdintzen duen beste berezitasun bat, eta hori, Pierre Robert de Latourrek nabarmentzen duen gisara, «elikatzeko duten manera da». Horrela marrazten du urpekari frantsesak bere 6.000 murgiltze horietan guztietan ikusi ahal izan duena: «Elikadura kudeatzeko duten modua zinez harrigarria da, eta are harrigarriagoa da kontuan hartuta elikadura katearen postu gorenean direla. Gizakion begiradatik ehizaren edo arrantzaren unea bortitza da, baina behin harrapakina hilik eta eskuragarri dutenean dena da harmoniatsua, biolentziarik gabea. Presarik gabe jaten dute, baita partekatu ere». Baten batek pentsa lezake janaria sobera dutelako gertatzen dela, eta logikoa ere izan daiteke pentsaera hori, baina urpekari frantsesak kontrakoa dio: «Jateko manera harmoniatsu hau ez da soilik janaria sobera dutenean, eskasia denean ere jokaera bera baitute. Susmoa dut ugaltzeko adinean ez dauden helduek beren borondatez jateari uzten diotela gazteagoak elikatzearren».Hortaz, janari kantitatea edozein dela ere, ezpalartek baliabideak partekatzen dituzte. Amildegietako sinfonia Horiek eta gehiago dira Pierre Robert de Latourek orken gainean hitz egitean nabarmentzen dituenak, nahiz eta bere orkekiko jakin-minak bidezidor berri batetik eraman duen berriki: ezpalarten hizkuntza ulertzeko giltzaren bila ari da, eta ez da bakarra. Ugariak dira mundu mailan orken nahiz baleen lengoaia ikertzeko martxan diren ikerketak. Ingurumari horretan, ezpalartak hizkuntza baten jabe direla diote aditu askok, eta, ondorioz, belaunaldiz belaunaldi transmititzen den kultura bat ere badutela. Oraingoz, baina, itsaso azpiko hizkuntza horiek guztiak ulertzetik urrun da zientzia. Itsas amildegietako izaki hauen sinfoniaren harira, ederra da bere ‘Frère des orques. 20 ans de plongée avec les orques libres’ liburuan urpekariak egiten duen hausnarketa, eta menturaz zuzen da frantsesa: «Egun batez beren abestiak deszifratuko ditugu. Haien bizitza zeinen ederra den ulertuko dugu. Haien arimaren kantua ezagutuko dugu. Egun horretan, begi-bistakoa irudituko zaigu ozeanoen azpian zibilizazio eder, argitsu eta harmoniatsua bizi dela, eta gizakiak sarraskitu, pozoitu, harrapatu eta giltzapetu egiten dituen izaki horiek asko irakats diezaguketela».