GAIAK

Ekoizleak eta erosleak harremanetan jartzeko ekimen berria Nafarroan

«Sardetik sardeskara» izeneko aplikazioaren bitartez, Nafarroako 65 nekazari eta abeltzain baino gehiagok zuzenean saldu ahal izango dizkiete euren produktuak kontsumitzaileei.

Pandemiaren ondorioz azokarik ez dagoenez, ekoizleek zuzeneko salmentara jo behar izan dute aurten.

Pandemiak udaberrian eragindako egoera larriak agerian utzi zuen ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremana hobetzeko beharra eta, bide batez, lehen sektoreari eta tokiko kontsumoari balioa emateko beharra. Egoera horretaz jabeturik, Nafarroako INTIA elkarte publikoa lanean jarri zen eta baliabide guztiak eskaini zizkien ekoizle txikiei, modu jasangarrian ekoizten dituzten hurbileko elikagaiak kontsumitzaileei helarazteko.

Ardoak, barazkiak, esnekiak, eztia eta haragia dira, besteak beste, aplikazio berritzaile horretan aurki daitezkeen produktu motak. Bertan, kontsumitzaileei zuzenean beren produktuak saltzen dizkieten Nafarroako ekoizleen harremanetarako informazioa erakusten da.

INTIAko arduradunek diotenez, aplikazio horrek errentagarritasuna hobetzen lagunduko die, salmenta marjina osorik jasoko baitute eta kontsumitzaileak, kalitate bikaineko elikagaiak.
«Nekazariak dira gehienetan balio katean posiziorik ahulena dutenak. Prezio eskasak bultzatuta, askok etxaldea handitzeko bidea hartzen dute, ekoizpen handiagoarekin errentagarritasuna hobetuko dutelakoan, baina guztiek ez dituzte pentsatutako helburuak lortzen», diote INTIAko kanal laburreko kideek.

Tamaina txikikoentzat, aldiz, ekoizpena handitu beharrean, balio erantsia handitzea da aukerarik onena, eta horretarako, salmenta zuzena, izen horrek duen esanahi guztiarekin. «Zuzenak euskaraz bi esanahi ditu: bitartekorik gabea eta justua. Eta biak lortu ahal dira», azaldu dute INTIAko kideek.
Aldi berean, kontsumitzaileek kalitatezko elikagaiak, hurbileko freskotasuna eta konfiantza lortzen dituzte, eta horrekin batera, tokiko ekonomia sustatzea. «Horrelako lotura ezartzeak konfiantzazko harremanak sortzen ditu, ekonomia sozial eta solidarioa bermatzen dutenak, landa eremuak bizirik mantentzen laguntzen dituztenak».

Ekoizleen zerrenda

Bertako nekazarien eta beraiek osatutako elkarteen zerrenda eskuratuko dugu aplikazioaren bitartez, betiere «sardetik sardeskara» elikagaia hurbiltzeko asmoz. Kontsumitzaileak hainbat bilaketa egin ditzake, hala nola produktu motaren arabera (barazkiak, ardoa, esnekiak, haragia, eztia…) eta salmenta motaren arabera (etxera edo ustiategian bertan).

Era berean, ustiategi bakoitzaren datuak eskaintzen ditu (kokapena, telefonoa, helbide elektronikoa, webgunea), bai eta produktuen ezaugarriei, gutxieneko eskaerei eta banaketa eremuei buruzko hainbat ohar ere. Bilaketa errazteko, aplikazioak ustiategien zerrenda ere erakusten du, bai mapa moduan, bai zerrenda moduan.

Horrez gain, elikagaiak nola ekoizten dituzten erakusteko bisitak antolatzen dituzten ustiategiak ezagutzeko aukera eskaintzen du. Une honetan, Nafarroako 57 herritako 65 ustiategi baino gehiago daude erregistratuta aplikazioan: 28 esneki ustiategi, 10 haragi ustiategi, 9 ezti ustiategi, 7 barazki ustiategi, 5 ardo ustiategi eta beste produktu batzuen hainbat ustiategi (olioa, intxaurrak...). Zazpi plataforma kolektibori buruzko informazioa ere sartu da, non hainbat ekoizle elkartzen diren beren produktuak elkarrekin saltzeko.

INTIA elkarte publikoa arduratzen da aplikazioaren informazioa eguneratzeaz. Horrenbestez, ekimenarekin bat egin nahi dutenek INTIArekin harremanetan jarri behar dute helbide elektroniko honen bitartez: circuitoscortos@intiasa.es.