03 JAN. 2021 - 00:00h Hiru Hankako Artea Txoko bereziak ez dira falta Euskal Herrian eta natura nagusi den guneetan altxor txiki ugari gordetzen dira. Horietako bat Hiru Hankako Artea da, Lizarrerriko Berrotza ibarrean. Otsailean Europako Zuhaitza izendapena lortzeko lehiatu zen hamabost hautagairekin. Hiru Hankako Artea. Tamalez, bederatzigarren postuan gelditu zen, baina horrek ez dio bere xarman galerarik eragin. Adituek neurtutakoaren arabera, Quercus ilex honek 1.200 urte ditu eta Lizarratik 22 kilometrora dagoen Mendaza herriko erakargarri nagusia da. Ia 16 metro luze, 7,7 metro diametroko enborra, eta zabaleran 20 bat metroko adaburua ditu. Edonola ere, bere adierazgarri nagusia lurretik kanpo gelditutako hiru sustraiek ematen dioten itxura da; bi elkarri lotuta daude 1,40 metroko altuera duen barnehutsa sortuz. Santa Coloma baselizara bidean Mendaza herrigunetik kilometro erdira dago, urmael batetik gertu. Egarria bertan asetzeaz gain, barrunbea aprobetxatuta, animaliek enbor azalaren kontra hazka egiten zutela erakusten dute artxiboko argazkiek. Eta abereak ez dira handik igarotako bakarrak, zuloa zeharkatzea bertako ohitura baita. Mendazarrentzat zuhaitz berezia da, gizaldiz gizaldi beraien egunerokoaren lekuko izan baita. Bizilagunak sarri joaten dira hura bisitatzera, eta ez dira gutxi asteburuetan bertaratzen diren bisitariak. Bere gerizpean ezkondu denik ere bada. Egunerokotik haratago, Hiru Hankako Arteak historiako pasarteak ere ikusi ditu. Benito Perez Galdos idazle espainiarrak jaso zuenez, baso soilgune horretan kanpatu zuen gudaroste karlistaren atzeguardiaren zati batek, Tomas Zumalakarregi jenerala buru zuela, Mendazako Guduaren aurretik. 1834ko abenduaren 12an izan zen Lehen Karlistadako borroka hura eta Zumalakarregiren gizonek ihesean irten behar izan zuten. Urteak ez dira alperrik pasatzen, are gutxiago milurtekoak. Denboraren joan-etorrian haizete askoren kolpeak pairatu ditu arbolak, ageriko kalteak jasanda. 1993an Nafarroako Gobernuak altzairuzko bi torloju jarri zizkion behealdean zabaldutako pitzadura josteko, baina ezin izan zuten narriadura gelditu. Adinaren ajeei aurre egiten lagundu nahi izan diote mendazarrek ere. Hala, 2000an Pedro Alecha eta Elias Asensiok metalezko uztai bat jarri zioten erortzea saihesteko. Bi hamarkada geroago gerrikoak bertan jarraitzen du, eta, arteak, zutik. Legeak babestua Nafarroako legediak babesten du zuhaitza, duen balio paisajistiko eta ekologikoagatik. 1991n monumentu natural izendatu zuten eta 2007an Espainiako Ingurumen Ministerioak zuhaitz zaharren saria eman zion, Estatuko adintsuenetako bat baita. Aipatutako guztiagatik iazko azaroan 2020ko Espainiako Zuhaitza izendatu zuten eta joan zen otsailean Europako aintzatespen bera lortzeko lehiatu zen hamabost herrialdetako hautagaiekin. Environmental Partnership Asociation eta Bosques Sin Fronteras elkarteek antolatutako lehiaketan, ordea, bederatzigarren postuan gelditu zen. Garai eta Muxikako arteak, bizkaiko famatuenak Nafarroan ez ezik, Euskal Herria guztian ere oso zabalduta egon ziren artadiak. Horren adierazgarri dira gaur egun Bizkaian zutik jarraitzen duten Garai eta Muxika herrietako arte ikusgarriak. Mendazakoa bezala, hauek ere «Quercus ilex» espeziekoak dira. Garaikoa –irudian– Etxeita baserriaren ondoan dago eta oso forma berezia du, belaunaldi askotan egin zaion adarren inausketaren ondorioz. Bere itzalpean 360 ardi inguruko artalde bat aterpetu izan dela esaten da. 19 metro baino gehiagoko diametroa du eta 60 metro baino gehiagoko zirkunferentzia. Euskal Herriko Zuhaitz Berezi bezala izendatua dago. Muxikako San Roman auzoan, bestalde, Urkieta artea dago, hau ere Zuhaitz Berezi bezala izendatua. Zabaleran 26 metroko adaburua du, eta, adar nagusiak oso lodiak direnez, horietako bat egurrezko egitura baten gainean eusten da.