Antartika: Iparraldeko lurralde basatia 08 JAN. 2021 - 00:00h Teresa Jareño Antartika, pinguinoen eta izotzaren lurraldea, bizileku izan nuen hilabete eta erdiz. Guretzat ezezaguna eta urruna izan arren, urtero milaka pertsonak bidaiatzen dute bertara, hain berezia den leku horretara, motibazio ezberdinek eraginda. Antartikari buruz hitz egiten denean, antzeko irudiak etortzen zaizkigu guztioi burura: izotzez estalitako lur eremu handiak, pinguino enperadoreak neguko amaigabeko gauei aurre egiten diete eta itsas elefanteak borrokan hondartza zatitxo bakoitza okupatu nahian. Egia da Antartika basatia dela. Osorik eta ustiatu gabe dirau nazioarteko akordio bati esker. Bertako animalia eta landare espezieak planetako beste edozein lekutan baino babestuago daude Lurraren mutur honetan. Alabaina, azken mende erdialdeaz geroztik lortutako aurrerapen teknikoek mundua garai batean zena baino askoz ere txikiagoa bihurtu dute, eta norabide hori bera hartu dute Antartikaren inguruko aurkikuntza eta garraiobideek. Urtero milaka pertsonak bidaiatzen dute hainbat herrialdek Antartidan dituzten baseetara, ikerketa proiektuak egiteko helburuarekin, batik bat. Ni ez naiz zientzialaria, ezta militarra ere, eta ez naiz turista moduan joan. Argentinako Antartikako Zuzendaritza Nazionalak (DNA) azken hamarkadan martxan jarri duen egonaldi artistikoen programa bati esker bidaiatu dut kontinente zurira. Lehenengo aldiz ireki dute ikasleentzako deialdia eta, Technarteren eskutik, EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasle moduan parte hartu dut abentura honetan. ‘Uraren hezurra’, nire proiektua, garatzeko, Antartikaren ezaugarri esanguratsuenetako batean oinarritu naiz: bertako gizaki populaziorik ez du inoiz izan, eta hortaz, ez da berezkoa den espresio artistikorik garatu. Antartikaren sonoritate propio bat sortzeko helburuarekin, bertako naturaren soinuak grabatu ditut, eta han aurki daitezkeen materialekin instrumentuak sortuko ditut, Antartikako bertako musika bat konposatzeko, musika autoktono batek izango lukeen sonoritatea bilatuz. Antartikak dituen ezaugarri berezi guztiengatik, bere kabuz hitz egiten utzi behar zaio, posible diren ikuspuntu guztietatik ezagutzeko. Bidaia luze eta neketsua Antartikaraino iristeko bidaia ez da batere erosoa. Bi bide daude: airez edo itsasoz. Itsasontziz egitea erabakiz gero, Drake itsasartea zeharkatu behar da, eta itsasaldi horren gainean entzun ditudan istorioak ez dira batere atseginak. Bertako itsasoa munduan dagoen zakarrenetakoa dela diote, eta benetan gutxi dira hamar egun inguru irauten duen bidaia hau gaixotu gabe egitea lortzen dutenak. Airez joanda, bidaia motzagoa da, baina horrek ez du esan nahi lehenago iristen denik helmugara, ezta bidaiaria ondoezik sentitzetik salbu geratzen denik. Antartika guratsua da; eguraldia momentu batetik bestera aldatzen da, eta edozein egitasmo okertu edo bertan behera gera daiteke egoera meteorologikoaren erruz. Argentina hegoaldeko Rio Gallegos hiriko aireportu militarretik aireratzen dira Marambio baseraino doazen Hercules hegazkinak. Ez da bidaia lasaia, kargarako diseinatutako hegazkin bat baita eta presurizatu gabeko kabina daukanez, ez du barruan daramana babesten zarata eta tenperatura aldaketetatik. Hala ere, egokienak dira modu honetako bidaiak egiteko, oso egonkorrak baitira eta, pertsonak eramateaz gain, baseetarako lehen mailako produktuak garraiatzeko erabiltzen direlako. Goizaldeko bostetan base militarreko hangarrean prest geunden hegaldi hori hartu behar genuen guztiak: biologo eta zientzialari talde handi bat, militarrak, beste mota batzuetako lanak egitera zihoazen DNAko langileak eta egonaldi artistikoa egitera gindoazen laukotea. Antartikara aurreneko aldiz gindoazenok iristeko irrikitan geunden, guztiek kontatzen zizkiguten paisaiak eta sentsazioak guk geuk bertatik bertara ikusi eta bizitzeko. Zoritxarrez, ez genuen lehenengo bidaian lurreratzea lortu eta atzera Rio Gallegosera itzuli izan behar izan genuen. Eguraldi aurreikuspena ez zen behar bezain zehatza izan, eta Marambio basea laino estaldura handi baten azpian ezkutatu zen pilotuaren begi-bistatik. Horrek lur hartzea eragotzi zuen eta hurrengo egunen batean zabal zitekeen «leiho» bat aprobetxatuz beste ahalegin bat egiteko zain geratu behar izan genuen. Bi egun pasatu genituen Rio Gallegoseko base militarrean, eguraldiaren gaineko edozein berriren zain. Marambion lur hartzeko aukera ikusi zenean, harantz abiatu ginen berriro ere. Argitasun izugarria Arazorik gabe lurreratzea lortu genuela ikusi orduko, irribarre zabala genuen guztiok ahoan, eta pilotoak eguraldiaren eta tenperaturaren berri eman zuenean, begiak zabal-zabalik geratu zitzaizkigun berrioi. Hogei gradu zero azpitik! Ezin nuen sinetsi, Antartikan nengoen, bene-benetan. Hegazkinetik irtetean, aurpegian haize hotza sentitu nuela gogoratzen dut eta argitasun izugarria zetorrela norabide guztietatik. Sekulako elur multzoak zeuden pilatuta pistatik eraikinetara bideratuko gintuzten metalezko pasarelen inguruan. Marambioko basea James Ross izeneko uharte multzoan dago, penintsula antartikoaren ekialdean. Itsas maila baino gorago dagoen goi-lautada batean kokatuta dago, eta Argentinatik etortzen diren tamaina handiko hegazkinek lurreratzeko moduko pista bat dauka. Basea osatzen duten eraikinak metalezko pasarela batzuen bitartez lotuta daude, eta baranda bana dute alde bietan, horiei eutsita haize bolada bortitzek oinezkoa lurrera botatzea ekiditen dutenak. Eraikin nagusia handia da. Logelek, komunek, liburutegiak, museoak, bulegoek, ehun pertsona inguruk bazkaltzeko adina leku daukan jangelak, sukaldeak, gimnasioak eta egongela batek osatzen dute. Marambiora iristean gure zortea ez zen gehiegi hobetu. Antartikara iritsi ginen, bai, baina ez gure helmugara. Base hau ez dago bertan lan egiten geratzeko pentsatua. Gainerako baseetara bidaiatuko duen jendeari denbora-epe motz batez ostatu emateko diseinatuta dago, nor bere helburura eramango duen Twin-otter izeneko hegazkin txikia iritsi bitartean. Motor biko hegazkin hau glaziarren gainean lur hartzeko gai da, baina lauzpabost pertsona besterik ezin ditu garraiatu aldi berean. Eguraldia ez geneukan alde, haize handiegia egin baitzuen aste osoan zehar Twin txikiak aireratu ahal izateko. Gainera, zain geunden bitartean, lana aurreratzen joateko arazoak izan genituen, gure mugimenduak oso mugatuak baitzeuden, pasareletara murriztuta. Pazientzia antartikoa Bertan bizi direnek «pazientzia antartikoa» esaten diotena landu genuen; alegia, datorrena datorrela, lasaitasunez hartzen eta bitartean egin daitekeenaz gozatzen ikastea. Itsaso izoztuaren gainean, inoiz ikusi ditudan egunsenti ederrenak ikusi nituen. Gu bezala trabatuta geratu ziren zientzialari eta gainerako jendeagandik gauzak ikasteko eta Antartikari buruzko istorioak entzuteko aprobetxatu nuen. Zailtasun dezente izan arren, proiektuan erabilgarria suertatzen ari zaidan materiala grabatzea lortu nuen, azkenik. Eguraldia hobetu zen aste berria hastearekin bat, eta egunetik egunera zain geundenak gero eta gutxiago ginen. Hamahiru egun igaro eta gero, azkenik, gure txanda iritsi zen Twin-otterrean mendebalderantz dagoen 12 de Mayo irlako Carlini basera bidaiatzeko. Izotz eta elurraren islak eguzkiak zeruan sortzen dituen koloreak biderkatzen ditu. Laranja koloreko egunsentiaren argitan bilduta hasi zen hegan Twin-otterra, ia bi astean gure etxea izan zen basea atzean utziz. Beste planeta bat Airetik ikusita, beste planeta bat begiratzen ari nintzela zirudien. Udako tenperatura epelek eraginda, itsaso sakonaren urdin iluna erakusten duten izotzezko plaka garden erraldoiak krakelatzen hasiak ziren, atzera osatu ezina den puzzle abstraktuaren piezak bata bestearengandik urrunduz. Iceberg erraldoiek, itsasoaren korronteek eta haizeak modelatuta, arkitekto garaikide batek proiektatutako eraikinak dirudite, uraren azpian turkesa koloreko islak sortuz. Glaziarraren gailurrean militar talde bat genuen zain elurretako motorrekin baseraino jaisteko. Paisaia zuri leuna alde batera utziz, Tres Hermanos, Carlini basea magalean duen mendia, urrutian azaldu zen, eta jaisten gindoazen heinean, itsasoa gure aurrean agertu zen. Carlini basea laranja koloreko eraikin multzo txiki bat da, urrutitik herrixka itxura duena. Bizitza orokorra egiteko hiru eraikin daude. Bakoitzean logelak, bi edo lau kidek lo egiteko pentsatuta daudenak, komunak eta sukalde txiki bana daukate; azken honetan, mikrouhin-labea, arraska eta despentsa txiki bat. Elkarrekin mate beroa partekatzeko egindako mahai handi bat ere ez zaie falta. Eraikin nagusiak logelak izateaz gain, arropa garbigailuak, 60 pertsonak bazkaltzeko adina leku daukan jangela eta sukaldariak guztiontzako otorduak prestatzeko sukalde handia dauka. Laborategiak, tailerra eta garajea, sorgailua, aroztegia, biltegia, meteorologia saila, bulegoak, gimnasioa eta zinema areto txiki bat, elektronika saila, hondakin erraustegia eta urpekaritza saila dira basea osatzen duten gainerako eraikinak. Bertan urte osoa pasatzen duten militar taldea eroso bizitzeko beharrezkoak diren elementu guztiak ditu, urtean pare bat aldiz itsasontziz ekartzen dituzten janari eta erregaiaz gain, buruaskiak izateko pentsatua. Militarren basea Militar talde honek urte oso bat ematen du basean bizitzen, beste militar talde batek erreleboa hartzen duen arte. Beraien funtzio nagusia egonaldi laburrak egiten dituzten zientzialariek euren ikerketetan, eta gure kasuan gure proiektuetan, lan egin ahal izateko baseak behar dituen mantentze lan guztiak egitea da. Militar bakoitzak postu bat dauka, eta baseak behar bezala funtziona dezan guztiek bete behar dute dagokien lana. Iturriko ura izateko, adibidez, pertsona bat joan behar da lakuraino ur bonba martxan jartzera, eta ateratako ura eraikinetara bideratzeko lanak egitera. Gure proiektuak ahal bezain ondoen bete ahal izateko laguntza eskaini ziguten, behar izan genituen gai tekniko guztietan lagunduz. Bertan zeuden biologoek eskaini zidaten laguntza, eta nire proiektuaren kasuan ezinbestekoa izan zen. Marambio basean gertatzen ez den bezala, Carlinin eremu handi bat dago oinez ibiltzeko, beti ere beste norbaitekin joanda. Potter izeneko kala handiaren itsasertzean dago, eta mutur batean Fourcade glaziarra eta Yamana nunataka daude. Azken urteotan, itsas elefante kolonia basera gero eta gehiago hurbiltzen joan da. Eguneroko kontua zen gosaltzera joateko atera eta sarreratik metro gutxira itsas elefante kume bat edo bi etzanda aurkitzea, beraien begi borobil eta beltzekin. Pinguinera irlaren beste aldean dago. Papua eta adelia pinguino espezieetako koloniak dira, eta banaka edo talde txikietan agertu ohi dira baseko kostaldean, ibilaldi txikiak egitera. Hegazti espezie dezentek eta itsas animalia talde ugari batek osatzen dute hango fauna. Hegazti esanguratsuenak albatrosa eta skua dira, eta ugaztun itsastarren artean, xibarta eta itsas lehoinabarra. Carlini basea kokatuta dagoen eremu natural honek aukera handia eman dit soinu interesgarri piloa grabatzeko, elementu klimatologiko aldakorrei eta basearen inguruan mugitzen diren animalia ezberdin guztiei esker. Ez da batere erraza izan, hala ere, helburua betetzea. Urteko garairako egin behar zukeena baino eguraldi okerragoa egin digu. Haize bolada oso bortitzak izan genituen ia egunero eta euria egin zigun tarteka egun askotan, eta grabaketa ekipoa nahierara erabili ahal izatea eragozten zidan horrek. Klima gogorra Antartikaren izaeraren zati oso garrantzitsua da azken finean, baina buruhauste ugari eman zizkidan. Horren ondorioz izandako zailtasunak konposatzeko momentuan baliagarri izango zaizkidan esperientziak izan dira, bertan bizi izandakoa baita konposizioetan islatzea lortu behar dudana. Gizakiok bertan bizitzeko behar-beharrezko dugun elementu batek eman dizkit beste ezerk baino arazo gehiago, grabaketa material ugari hondatuz. Hogeita lau orduz funtzionatzen duen sorgailu bat dago basean, eta sortzen zuen zaratak ingurugiroan presentzia handia dauka, zoritxarrez. Gizakiok bertan bizitzeko beharrezkoak ditugun argia, berotasuna eta iturriko ura sortzeko beharrezkoa denez, jardunean egon behar da etengabe. Haizearen norabidearen arabera, kilometro askotako distantziara entzuten den soinu etengabea sortzen du, naturaren elementuen atzetik mantra moduan entzuten dena. Gizakion presentzia ez da bisuala bakarrik, Antartikako paisaiaren soinua guztiz eraldatzen dugu baseen inguru osoan. Biologoek pinguino koloniako soinuak ekarri zizkidaten, nik neure kabuz lortu ezin nituenak, baimen berezi bat behar baita babestutako eremuetara joateko. Izugarria da pinguino txikiek talde handietan biltzen direnean sortzen duten iskanbila. Udaberrian zuri-zuri ageri da paisaia guztia. Lurraren mailan egindako eraikinak elurpean geratzen dira ekaitza den bakoitzean. Sarrerak eta leihoak pala batez elurpetik atera behar dira eraikinak normaltasunera itzuli ahal izateko. Gure etxebizitzaren sarrerara jaisteko, elurretan eskailera batzuk egin behar izaten genituen, etxeko zorua elurpean metro eta erdiko sakonerara baitzegoen. Eraikin Nagusia, beste batzuen artean, bi metro inguruko altuerako zutabe batzuen gainean eraikita dago, eta horrek elurretan lurperatuta geratzeko arriskutik kanpo uzten du. Hilabeteko epean urtaroa bat-batean aldatu zela zirudien. Paisaia eraldatzen ikusteko pribilegioa izan nuen eta denbora gutxian beste leku bat zirudien. Elur geruza txikitzen joan zen heinean, eraikinen laranja koloreko hormak agerian geratzen hasi ziren, eta Marambio basekoen antzeko txapazko pasarela batzuk agertu ziren, lurraren erliebea zimurtzen zen toki konkretu batzuetan. Paisaia zuria izatetik beltzera pasatzen hasi zen, elur eta izotzak ezkutatzen duten lurra beltz kolorekoa baita. Neguan zehar lokartuta dirauten goroldio eta likenak esnatu eta kolorez betetzen hasi ziren bazter guztiak, berde-laranja tonalitateko eremu handiak sortuz. Glaziarraren izotza urdin eta turkesa tonuak hartzen hasi zen abenduan sartu ginenetik. Eguneko edozein momentutan izotz bloke erraldoiren bat askatzen zen glaziarraren paretatik, trumoiaren antzeko soinu bat sortuz itsasoaren azala indar handiz puskatzean. Hori naturalki gertatzen den fenomenoa da, baina Antartikan klima aldaketaren eragina nabarmentzen hasi denetik, glaziarra abiadura handiegian desegiten ari da. Urtero-urtero Carlini basera etortzen diren zientzialariek Potter kala gero eta handiagoa aurkitzen dute, bertan dauden glaziarrak oso azkar atzeratzen ari baitira. Klima aldaketa Bertako ikertzaileen eskutik jakin nuen poloak direla gizakiok munduan eragiten ari garen aldaketak gehien nabaritzen diren lekua. Klima aldaketa, azken finean, ziklikoki gertatu arren, behar lukeena baino azkarrago gertatzea sortzen ari garen kutsaduraren ondorio baita . Euri azidoak lurreko eta uretako bizi baldintzak guztiz eraldatuko ditu, eta itsasoan gertatzen diren aldaketek guri kalte egingo ez digutela uste arren, bertako mikroalgak dira guk arnasten dugun oxigeno gehiena sortzen dutenak, lurreko baso handien aurretik. Guztiak konektatuta gaude eta egoera berrien aurrean aurrera ateratzea lortuko duten bizi forma ugari dauden arren, gizakiak ez gaude talde horren barruan. Gure ekintzek kaltetzen duten lehenengoak gu geu gara. Antartika eta bertan bizi daitekeena handiegia da bere osotasunean bizitza bakar batean ezagutzeko. Klimatologia gogorra izan arren, itsasoak gordetzen duen bioaniztasuna benetan aberatsa da, eta oraindik ere zientzialariek maiz aurkitzen dituzte espezie berriak. 70. paralelotik harago aurora australak sortzen dira neguan eta Belgrano II baseak glaziarrean zulatutako gelak ditu. Ezkutatzen dituen altxor asko imajinatu besterik ezin ditugu egin, eta etorkizunean oraindik ere horrela izaten jarraitzea gure esku dago.