20 JAN. 2021 - 16:19h Irlandako mendebaldea: Galwey eta Clare konderrietan aniztasun bila Irlada altxor bat ezkutatzen du ematen den pauso bakoitzeko. Kostaldean, paisaia aniztasun aberatsa aurkituko dugu. Moher-eko itsaslabar garaiekin batera, ezezagunagoak diren Burren-eko harri biluzi eta pitzatuz osatutako zoruarekin edota Connemarako mendi eta zingira ederrekin egingo dugu topo. Moher itsaslabarrak. Koldo Carrillo Mendebaldea oso da ezaguna labar malkartsuz jositako kostaldeagatik, baina pixka bat sakonago arakatuz gero, Galway eta Clare konderriek paisaia ederrak ezkutatzen dituzte itsasalde zein barnealdean. Are gehiago, oinez zein bizikletaz bazter ezberdinak esploratzeko tartea hartuz gero. Izan ere, inguru hau oso egokia da naturaz trankil gozatu eta ibilbideak egiteko. Mendebaldeko kostaldea miresteko beti da abiapuntu ona Wild Atlantic Way deritzon errepidea. Irlandako hegoaldetik hasi eta iparralderaino, 2.600 kilometroko ibilbidean zehar itsaslabar, uharte eta hondartza ikusgarriak bisitatzeko aukera es-kaintzen digu honek. Bidaia honetan, Galway hiria izan dugu abiapuntu, hurrengo egunetan bisitatuko ditugun parajeez inguratuta dagoelako. Galwaytik hegoaldera ordubete inguruz gidatuta, Clare konderrian dagoeneko, Burren and Cliffs of Moher geoparkean barneratu gara; paisaia, geologia eta ondare arkeologiko oso interesgarriak ditu itsasalde zein barnealdean. Kostaldeko errepide atseginetan barna gidatuz, autoa bazter batean utzi eta itsasoari so geldialdia egiteko gogoa izan dugu behin baino gehiagotan. Gure lehen helmuga Doolin-en dago, musika tradizional irlandarraren etxetzat hartzen den herrixkan. Herri honek bisita ugari jasotzen ditu, Moherreko itsaslabarretatik oso gertu dagoela-eta. Hain zuzen, Doolin eta itsaslabarrak banantzen dituen 9 kilometroko ibilbideak kostaldearen ertzetik garamatza eta bidean aurrera goazen heinean itsaslabar handiak agertzen zaizkigu begien aurrean.Helmugara iristean, oso gomendagarria da bisitarigunean tartetxo bat egitea, bere erakusketa eta bideoproiekzioetan bikain azaltzen baita Moherreko itsaslabar entzutetsuen sorrera. Labarrok Goi Karbonifero garaian sortu ziren, duela 300 milioi urte baino gehiago. Sasoi hartako euri-jasek harea, lokatza eta lohi kanti-tate handiak garraiatu zituzten erreken bitartez itsasora, delta handi batera, eta milioika urteren poderioz, sedimentu hauek harri solidoetan trinkotu ziren. Hala, hareharri eta lutita (limolita eta argilita) geruzek egungo itsaslabar apartak eraiki zituzten. Labar garaiekin batera, Branaunmore itsas zutabea nabarmentzen da, zeinak ez dirudien arren itsasoaren mailatik gora 67 metroko altuera duen. Egun osoko turisten joan-etorrien ostean, ilunabarrean autoak gutxinaka aparkalekua uzten doaz eta, itsaslabarraren ertzean eserita, erabateko lasaitasunean bilduta, ederra da eguzkiaren azken printzek harrizko paretak urre kolorez nola tindatzen dituzten ikustea.Moherreko labarrak mundu osoan ezagunak egin badira ere, hegoalderantz gidatuz, herrixkak eta hainbat hondartza eder ikusiko ditugu, Lahinch, Doughmore eta Kilkee-koa kasu. Azken honen inguruan, hain zuzen, itsasertz ikusgarria dago, Moherreko jendetza atzean utzita gozatzeko modukoa, gainera. Errepideak aurrera jarraitzen du, hein handi batean itsasertzari itsatsita, Loop Head lurmutur bakartiko itsasargiraino. Bidean, altxor paisajistikoak topatuko ditugu; Kilkeeko itsaslabarren begiratokiak eskaintzen duena, esaterako; begiratzen dugun tokira begiratzen dugula, kostalde eta itsaslabarren ikuspuntu zabal eta ederra ematen digu.Burreneko ilargi-paisaiaKostaldetik barnealdera eginda, Burren Parke Nazionalean sartu gara. Kareharrizko paisaia zabala ireki da gure begien aurrean. Burren izenak (Boíreann gaelikoz) horixe diosku, «toki harritsu», hain zuzen. Ilargikoa dirudien paisaia berezi honen jatorria Behe Karbonifero periodoan (duela 350 milioi urte) dago eta nagusiki kareharriz osatua dago. Lurrazalean gertatutako aldaketa handien ondorioz, harrizko plakak tolestu eta hautsi, eta Burrengo paisaiak bereizgarri dituen pitzadura luze eta sakonak sortu ziren. Gainera, izotz polar geruzen espantsio eta kontrakzioaren, eta euriaren eraginak glaziokarst deritzon paisaia sortu dute. Burren Parke Nazionalak 15 kilometro karratuko eremua hartzen du eta zailtasun ezberdineko hainbat ibilbide proposatzen ditu txoko eta paisaiak arakatzeko. Bestalde, Lahinch herrian hasi eta Corofin-eraino, Burren Way izeneko 123 kilometroko xendazaletasun ibilbide-sareak mendixka eta bailaretan barrena barneratuko gaitu. Parkeko aparkalekura iritsi orduko, Mullaghmore mendiaren forma biribilduak erakartzen du bisitariaren arreta. Harrietako pitzadurez eta arroka isolatuez gain, eremu honetan landaredi oso aberatsa aurkituko dugu. Izan ere, normalean kontinenteko toki ezberdinetan hazten diren landareak bata bestearen ondoan aurki ditzakegu; mediterraneoak, alpinoak eta artikoak, hain zuzen. Gainera, Irlandan hazten diren bertako basoko loreen %75 Burrenen hazten dira, tartean, 24 orkidea espezie.Eremu honek daukan garrantzi natural eta paisajistikoaren ondotik, ondare arkeologiko aberatsa aurkituko dugu Burrenen. Bertako 2.500 toki historikoen artean, parkeko aparkalekuaren ondoan dagoen eraikuntza megalitiko ezagunena da Poulnabrone dolmena, Irlandan datatutako monumentu megalitiko zaharrena. 80ko hamarkadan egindako indusketetan, 21 lagunen gorpuzkiak aurkitu ziren bertan eta horien hezurren radiokarbono datazioen arabera, duela 5.200 eta 5.800 urte artean, etengabeko erabilera izan zuen. Gainera, dolmenaren inguruan, oso agerikoa da glaziokarst paisaia.Zingirak eta mendiak Connemara babesgabeanGalway hirira itzuli eta mendebalderanzko bidea hartuta, bestelako paisaia miresgarriak aurkituko ditugu Connemaran. Halako atmosfera bukoliko eta basati batez inguratuta, zingiraz eta lakuz zipriztindutako lautada amaigabean edota hondartza eta badia ugarietan ia bakardadean galtzeko aukera eskaintzen digu. N59 errepideak Galway hiria eta Clifden, Connemara penintsulako herri nagusia, lotzen ditu. Ibilbide honetan, Recess udalerriaren inguruan, oso gomendagarria da errepide nagusia albo batera utzi eta iparral-dera jotzea, Twelve Bens eta Maumturk mendiek, garaiera txikikoak izan arren, aho zabalik utziko baikaituzte tamainako edertasunarekin. Gainera, bidean aurrera eginda, Killary fiordo-glaziarrak eskaintzen digun ikuspegiarekin gozatzeko aukera izango dugu. Oso aldakorra da eguraldia Connemaran eta egun argitsuetan zeru urdina zingiretako uretan islatzen den bitartean, egun lanbrotsuek are itxura babesgabeagoa ematen diote paisaia basati honi.Ibilbidean atzera eginda, Clifden herrixkara doan errepidea hartu eta Twelve Bens mendiak atzean utzi aurretik, geldialdi bat egin daiteke Connemarako Parke Nazionalean. Honek 2.000 hektarea ditu eta hamabi tontor horiekin batera, zingirak, txilardi, belardi eta basoak zeharka daitezke ibilbide ezberdinetan. Galway hirira itzuli eta bidaiari amaiera eman aurretik, Connemarako paisaiaren beste aurpegi bat ezagutzea erabaki dugu. Betiere hamabi tontorrak paisaiaren hondoan ditugula, bigarren mailako errepideak aintzira txikiz inguratutako barnealdeko eremu hezea zeharkatzen du. Urrutira begiratuta, lautada amaigabe eta bakartia besterik ez genuke ikusiko aurrean, belarretan eta errepide erdian han-hemenka dabiltzan ardiengatik izango ez balitz. Autoa bide ertzean utzi eta argazki batzuk ateratzeko kokaleku egokia bilatzeari ekin diogu, baina zorua horren da hezea, ematen dugun pauso bakoitzak gehiago murgiltzen baikaitu paisaia latz honetan.Bidaia amaierara iristen ari da, baina aurretik Roundstone herriaren inguruko hondartza atsegin eta ederrek merezi dute tarte ba batez inguratuta, tonbolo eder bat osatzen dute eta inguruan paseo bat ematera gonbidatzen dute egun eguzkitsuetan.