GAIAK

Anabasa erdian, Zuwara hiriko altxor naturalak zaintzen dituzte ekologistek

Bizitzaz beteriko gunea da Libiako uharte bakarra: flamenkoak, dortokak eta muskerrak dira bertako biztanleak, eta lagunak dituzte gunea zaintzen duten boluntarioak. Etsaiak, alabaina, askoz ugariagoak dira.

Bado talde ekologistako boluntarioak (K. ZURUTUZA)

Kite surf talde bat; emakumeentzako hiruzpalau gimnasio; gazteek okupatutako etxe bat… Zuwara hirian, Libia mendebaldean, gauza askok harrapatzen gaituzte ustekabean. Eta ez ditzagun alde batera utzi bertako ekologistak: urteak daramatzate Bado taldekoek kostaldeko herri honen altxor naturalak zaintzen. Kuttunena Farwa irla dute, Libiako bakarra. Aspaldi geneukan beraien berri, baina beti zegoen milizien arteko enfrentamendu berri bat, edo hondartzara iritsitako migranteen gorpuak… Funtsean, beti Libiatik espero duguna zegoen kontatzeko, eta ezin tarterik hartu bertako ekologistekin hitz egin ahal izateko.

Beraien atea jo dugu azkenik, Zuwara erdialdean, leihoak galdutako hotel baten beheko solairuan. Barrualdean, baina, begientzako opari dira hamaika animaliaren argazkiak: hauek bertako musker berdeak; horko horiek, irlan atsedena hartzen duten flamenkoak. Eta dortokak, jakina. Hauexek Farwako biztanle bakarrak.

«Irlan hartu genituen argazki hauek guztiak, bertan kontzentratzen dira gure ahaleginak», argitu digu Badoko presidente Shokri Dahek, paretan zintzilik dagoen mapa baten laguntzaz. Kostalde aurrean zabaltzen den lur mingaina hemendik 40 kilometrora dago, Tunisiako mugatik oso gertu. Ez da harritzekoa taldea bertan aritzea, Farwan lan handia baitago oraindik. Antza, Gaddafiren hirugarren semeak, Saadik, abian jarri zuen proiektu erraldoi bat 2005ean: konplexu turistiko bat, hotelak, golf zelaiak, kirol portuak… Libiako agintari gorenaren semeak hori dena altxatu nahi zuen apenas 470 hektarea dituen irlatxoan. Turista andana hartzeaz gain, komertzio askeko gune bilakatuko zen Farwa. 2011ko gerrak bertan behera utzi zuen egitasmoa, baina haren lehen fasea, irla kostaldearekin fisikoki lotzea, bukatuta zegoen ordurako.

«Sekulako hondamendia sortu zuen hark», gogora ekarri du Dahek. Irlaren eta kostaldearen arteko korrontea moztean, ura belztu eta pozoitu egin zen. Hori gutxi ez, eta alboko planta kimikoaren isuri etengabea ere bazegoen. Planta 2011n utzi zuten, eta inor ez da hura garbitzeaz arduratu. Azpiegiturak kezka handia sortzen du. «2013an bi lagin lur bidali genituen Tunisiako laborategi batera: merkurio eta kadmioaren kutsadura maila hain zen altua, non probak errepikatu egin behar izan zituzten. Ikertzaileak akatsen bat zegoelakoan zeuden, baina bigarren emaitzak bat egin zuen lehenengoarekin», azaldu du Badoko presidenteak. Nolanahi, uraren kiratsak desastrearen pista bat ematen zuen, bai eta abortu kopuru handiak, malformazioez jaiotako umeek edo eskualdean minbiziak duen eragin zabalak ere. Ura ez ezik, bertako arrainak, itsasertzeko olibondoak, haien azpiko lurra eta horko xixareak… Den-dena pozoituta dago.

Kolapsoa

Dahek eta bere taldeak ostiraletan –jaieguna– jotzen dute harantz, eta beraiekin joateko gonbita luzatu digu. Egiten dutena garrantzitsua dela berretsi du gizonak: «Ingurumenaren gaia aipatzen dugunean, jendeak ez gaitu serio hartzen. Libiako desastrearen aldean luxutzat hartzen dute gehienek, baina jaten duzuna bezain oinarrizkoa da ingurumena. Eta pozoia besterik ez da hemen». Baina ez da natura Zuwaran arriskuan dagoen gauza bakarra. Amazigak dira nagusi bertan; hauxe da, hain justu, Libiako gutxiengo nagusiaren kostaldeko herri bakarra, eta horrek koiuntura politiko bati eustera behartzen ditu bertakoak. Jakina da bi gobernu daudela egun Libian, bat ekialdean eta bestea mendebaldean, baina libiar guztiek pairatzen dute krisi ekonomiko bortitz bera. Mendebaldean nahiz ekialdean zera ekartzen dute gogora kutxazain automatiko hutsek: dirurik ez dagoela, soldatak iristen ez direla. Ezta Zuwarara ere. Tunisiako muga hemendik 60 kilometrora dagoenez, askok antzinako ofizioei eutsi diete: gasolina, gizakiak, elikagaiak nahiz armak… Kontrabandoa negozio oparoa da beti eta, askorentzat, bizirauteko modu bakarra. Dirua tunisiar dinar nahiz eurotan iristen da eta, jakina, horrek inflazioa puztu du kostaldeko amazig enklabean. Egun Zuwara dugu Libiako hiririk garestiena, Tripoli edo Misratah baino lehen. Dena den, gaitzen zerrendak amaigabea dirudi:

«Oinarrizko azpiegituren kolapsoa dago, baita migranteen krisia ere, hegoaldetik iristen zaizkigun tuareg familia desplazatuak, segurtasun arazoak gure bizilagun arabiarrekin… Jarraitzea nahi duzu?», bota digu Sadik Jiashek. Bera da Zuwarako Krisi Komiteko burua. Ingurumenari buruz galdetu diogu eta berehala aipatu ditu planta kimikoa eta italiarrek (ENI) kudeatzen duten findegia. Jiash ziur dago azken horiek ez dituztela oinarrizko segurtasun neurriak betetzen kutsadura ekiditearren. Farwa ere komitearen zerrendan dagoenez, Jiash eta bere taldeak esku bat bota dute egokitze lanetan. Duela bi urte, irlaren eta itsasertzaren artean kanala irekitzen lagundu zieten Badokoei. Eraikuntza arloko enpresari batek utzitako hondeamakina giltzarria izan zen prozesuan. Ura berriz zirkulatzen hasi zenetik, kiratsa biziki apaldu da. Baina itsas azpia isuri kimikoz josita dago oraindik.

Jiashek ez du ahaztu irlako ondare arkitektoniko bakarra. Italiarrek 1923an eraiki zuten itsasargiak gero eta maizago jasotzen du itsasoaren zigorra; munduko beste edozein kostaldetan bezala, berotze globala gero eta nabariagoa da bertan ere. «Duela urte dezente harresi bat altxatu genuen eraikina babesteko baina olatuek suntsitu egin zuten. Orain dike xume bat baino ez dugu, gurpilez eta hondar zakuz egina. Susmoa dut ez duela asko iraungo», dio ekintzaileak.

Arpilatzeak

Lanegunetan nekez esnatzen da Zuwara goizeko hamarrak baino lehen, eta ostiraletan ez da hauts izpirik mugituko bazkalordura arte. Trafikorik gabe, eta kontrol postuak hutsik daudela, berehala egingo ditugu irlarainoko 40 kilometroak. Agmar izeneko gizon batek gidatzen du autoa. 45 urte ditu eta Badoko fundatzaileetako bat dela dio. 2013an sortu zuten elkarteak 30 lagun biltzen ditu egun.

«Boluntarioak izan ez ezik, dirua ere jarri egiten dugu beharra dagoen bakoitzean, dela materiala erosteko, dela alokairua ordaintzeko…», argitu du Agmarrek. Libiako ekialdean, Derna hirian, antzeko beste elkarte baten berri daukate. Itsas Bizitza izena omen du, baina hemen inork ez daki ezer gehiagorik. Ekialdea, dio gure gidariak, «beste mundu bat da».

 Euria eta kazkabarra bota du Zuwara atzean utzi bezain pronto. 20 minutu beranduago, eskuinera jo eta planta kimikoa ikusi dugu. Portua handik gertu dago eta, pare-parean, Farwa. Hala sinistu beharko dugu, haizeteak altxatutako aparrak ez baitigu irla ikusten uzten. Itsaso zakarra dago eta boluntarioek itxarotea proposatu dute. Portuan dagoen ontzi bakarra metalezkoa da eta kaskoa erabat laua du, sakonera urriko uretan nabigatzeko egokia. Azken 200 metroak, alabaina, oinez egin beharko ditugu.

«Eraikin hori ikusten al duzu? Horixe duzu itsasargia, baina jende guztiak ‘jauregia’ deitzen dio», esan du Naderrek, itsasoko ura belaunetaraino iristen zaigula. Amazigak turistak ekartzen zituen hona sasoi batean, baina sektorea «aspaldi» erori zela dio. Gure eskuinean planta kimikoa dago; bizkarrean, Pisindon erromatar hiriaren hondakinak. Naderrek dio «zerbait» aurkitu zutela bertan 2000. urtean. Ia berehala, Gaddafiren poliziek portua eta errepidea itxi eta aurkitutakoa hainbat kamioitan zamatu omen zuten. Egun, hemen inork ez daki zer zen, ez eta non ote dagoen ere. Edonola, ez zen hura paraje honetako inoizko lehen arpilatzea. Zuwarako ondarea gogotik lapurtu zuten Gaddafiren gizonek, bai eta Idris erregeak ere, eta italiarrek, otomandarrek… Agian horregatik deitzen diote «jauregia» irlako itsasargiari, iraganeko lekuko urrietakoa baita hemen. Gaztelu itxura du; handik, inoiz «Italiako laugarren kostaldea» deiturikotik gidatzen zituzten itsasontziak. Hamarkada ugari bakarrik eman ostean, eraikinak eskaut taldeak hartzen ditu berriki. Esna egon arren, ez dirudi gazteak beren lo-zakuetatik aurki aterako direnik. Euria eta hotza besterik ez dago kanpoan.

Paradisua

Jauregiaren dorre txikia da irlako punturik altuena: hemendik bota beharko dugu 14 kilometroko luzera duen irlaren gaineko bista panoramikoa. Ekintzaileek irekitako ur kanala ekialdean dago, baina guk kontrako norabiderantz joko dugu gaur. GPS aparatu bat berreskuratu nahi dute Badoko lagunek, duela bi hilabete jarri zutena. Dortoken habia bat markatzea zen asmoa. Diotenez, Farwan egun-pasa egitea da familia askoren asteburuko plana, eta ugariak dira ere gauez bertaratzen direnak. Hondartzan dauden ur botila gehienak azken hauek ekarritakoak dira: «boja» deitzen diote etxean egindako pattarrari, eta litroka edaten omen da irlan. Aymadek dio armak ere maiz ekartzen dituztela bisitariek, batez ere flamenkoek bertan ematen dituzten hiru egun horietan, hegoalderanzko beren trabesian.

Delitua dela ere jakin ez

«Facebook-en paratuko dituzte argazkiak gero: hegazti hila esku batean eta eskopeta bestean. Okerrena zera da, askok ez dakitela honako hau delitua denik ere», damu du Aymadek, bere plastikozko pontxo berdearen azpitik. Euria gogotik ari du orain. Hondar zuria zapaltzen ari gara gure txangoan baina zaborra ere nonahi dago: jendeak utzitakoa da, edo itsasoak ekarritakoa. Agmarrek dio 50 tona jaso zituztela azken garbiketan, baina berehala pilatzen dela berriz. Beste bat da gaurko betebeharra. Bilatzen ari diren GPS aparatuak bateria balu berehala aurkituko zuten, baina ez da hala. Itsasargia atzean utzi eta bi ordura, iritsi gara. «Hemendik egon behar du», dio Naderrek, mugikorrean argazki bat erakutsiz. Plastikozko fruta kaxa bat dute erreferentzia, eta aurkitu dugu. Ez da nahikoa izango. Taldea hondartza eskuz zulatzen hasia da; zulo bat, eta gero beste bat. Baina ez dago aparatuaren arrastorik ere. Azkenean, gizonek amore eman eta bueltako bideari helduko diote. Bidean topatutako zaborraz betetzen hasi dira hainbat plastikozko poltsa.

Konturatzerako, itsasoak turkesa kolorea hartu du eta hondarra askoz zuriagoa ikusten da orain. Lagunen arropa lehortzeaz gain, badirudi etsipena ere uxatu duela eguzkiak. «Astean bitan ala hirutan etortzen naiz garbitzeko eta beti irrikan nago bueltatzeko. Ez naiz inoiz nekatzen», dio Aymadek, hamaika zabor poltsekin maniobratzen saiatu bitartean. Libia «paradisua» izan zitekeela maiz entzun dugu, baita txango honetan ere. Zentzuz beteriko mantra hori, baina, planta kimikoaren siluetari erreparatzean desegiten da. Bizkarra eman ezean, ia toki guztietan ikusten da.

Portura bidean, arrantzale batek bere gaurko harrapaketa eskaini digu bere txalupatik. Jarraian, izurdeak dira atentzioa eskatzen dutenak: motora azpitik igarotzen dira brankarekin lehiatzeko, eta gero salto bi, ababor eta istriborretik. Badokoek atera dieten bideoak Whatsappetik zirkulatu du lurra zapaldu orduko. Ur pozoitu hauetan biziraun ez ezik, animaliok jolasteko gai ere badira. Ez da makala.