GAIAK

Arbaila, mundu ezezagun aberatsa Pirinioen itzalpean

Baxenabarre hego-ekialdean eta Xiberoa hego-mendebaldean kokatuta, Arbaila mendikateak denetarik du: larre zabalak gailurretan, Pirinioetara ikuspegi aparta, pagadi itxiak mendi arteko bailaretan eta ordoki karstiko batean ohikoa den anabasa, dolina eta lapiaz eremu arriskutsuez josita.

Arbaila, Pirinioen itzalpean.

Urak Arbaila mendikatea jan du barrutik, eta mendiaren erraietan jaiotzen da Biduze erreka, Ipar Euskal Herriko ibai garrantzitsuena, Aturri, Uhaitzandi eta Errobirekin batera. Mila zulo baino gehiago zenbatu dituzte espeleologoek. Horietako batek, Aphanizekoak, 328 metroko sakonera du. Oso paraje bakartia da, Pirinioen itzalpean baitago.

Baxenabarre hego-ekialdean eta Xiberoa hego-mendebaldean barrena hedatzen da Arbaila mendikatea. Pirinioen azken beso sendoa dela esan daiteke, iparren egiten duena, Kantauri itsasoan hil aurretik. Besoa, Iratiko mendi handiekin lotura zuzena duelako Burdin Olatze eta Iratzabaleta lepoen bitartez. Sendoa, 68,5 kilometro koadro dituelako, 1.200 metroko mendi dezente, eta hainbat sekretu ezezagun. Sarrera asko ditu Arbailak. Donibane Garazitik harro goititzen da Behorlegittutturru mendia, Txindoki ezagunaren antzeko fisionomia duen erpina. Baxenabarreko beste ate ezaguna Donaixti-Ibarreko Arla auzoa da. Biduze erreka jaiotzen den haitzulo erraldoira daraman bide hostotsua han hasten da.

Xiberoako lurretan sartuta, Napale gaina ere egokia da, udazkenean ehiztari askoren bilgune bada ere. Xiberoatik hainbat tokitatik hel daiteke Arbailara. Maule hiriburutik ederki sumatzen da mendikateko silueta. Altzürükü, Urdiñarbe, Muskildi, Gamere-Zihiga... Arbailak larre aberatseko mendiak dira, 1.000 metrotik gora belardi zabal asko duena, eta azken hamarkadetan dozenaka bide edo bidexka egin dira, azienden jabeak goi mendietara autoz iristeko.

170 kilometroko errepide sarea dago, denera, eta horrek ikaragarri errazten du ibiltariaren ahalegina, eta aukera. Autoa 1.000 metrora utz daiteke Lanterre eta Aphanize mendateetan, edo Ahüzkiko aterpean, eta aukera hori Arbailako eremu zabala ezagutzeko baliatu. Egun bakarrean lauzpabost gailur egin daitezke, betiere 800 metroz goiti ibil daitekeelako. Ihatea, Behorlegittutturru, Hauskoa, Khünbürüa, Etxekortea, Zaboze eta beste gailurrak 1.200 metroen bueltan daude, eta haietako bakoitzera igotzeko ahalegina ordubete ingurukoa da.

Behorlegittutturru eta Zaboze izan ezik, beste gailur gehienak belartsuak dira. Behorlegittutturru oso tontor ezaguna da, urrutitik ikusten da bere piramide itxurako silueta, eta ondo-ondoan dituen Pirinio handien anaia gaztea dirudi. Igoera erraza du, baina gailurreko kresterioak jantzi alpino dotorea ematen dio. Mendebaldera, Garaziko bailara zabala agertzen da, eta hegora, Euskal Herriko Pirinioak bere handitasunean.

Udazken betean, lehen elurte sendoak kontraste ederra eragiten du Arbailako behatokitik. Udazkena iritsi aurretik jantzi ziren zuriz Baxenabarre, Xiberoa eta Nafarroako Pirinioak, irail erdialdean, eta elur gose ziren, ia bi hilabete luzatu den lehortearen ostean. Mendikateko gailur garaienean, Ihatean (1.286 metro), elur arrasto batzuk ikusten dira. Aurreko egunetan elurra egin duen seinale, baina 1.300-1.400 metrotik gora ondo zuritu du, zuriak distira egiteko moduan.

Parez pare agertzen dira Mendibeltz, Xardeka, Arthanolatze harroa (1.531 metro) eta Escaliers edo Eskaleta zorrotza. Iratiko ipar eski gunea ipar isuritik babesten duten mendiak dira horiek. Eta haien atzean, zaindari, Orhimendi erraldoia, Pirinioetako lehen bi mila metroko mendia (2.019 metro). Bertara hurbildu eta zuritasunean etzateko gogoa sortzen du elurrak. Orhitik mendebaldera ikuspegia are ederragoa da, mendi handietan elur gehiago pilatzen baita. Hasi Otsogorrigaña, Kartxela eta Lakhurarekin, eta Belagua ixten duten menditzarrekin jarraitu: Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Petretxema, Atxerito... Midi d’Ossau ezaguna ere arazorik gabe ikusten da Ihateako begiraleku pribilegiatutik.

Ordoki karstikoa

Arbaila, ordea, mendi biribildu belartsu eta soil bilduma baino askoz gehiago da. Bere erraietan Euskal Herriko sistema karstiko garrantzitsuenetakoa gordetzen du, Larrakoaren ondoren (Belagua bailaran, Nafarroa). Urteen joan-etorrian, uraren erosioak mendigunea biluztu du, eta bere barnean hainbat eta hainbat bide eta putzu ezkutu daude. Batzuk ezagunak dira espeleologoen lanari esker, baina oraindik ere askoz gehiago dira bilatzeko eta mapa batean jartzeko dauden lur azpiko bideak, dagoeneko bilatu direnak baino. Ez alferrik, datuek diote Arbaila mendilerroan mila zulo baino gehiago daudela, lurpeko dozena bat erreka, eta osin zulo eta leize erraldoiak.

Leize erraldoi horien artean Biduze errekaren iturburukoa nabarmentzen da. Zaboze eta Beltxou hormen azpian dago, 620 metrora, eta 20 metroko zabalera eta altuera dauka, gutxi gorabehera. Naturak gizaldiz gizaldi moldatutako naturaren aurrean, gizakiari bere txikitasunean babestu eta inguratzen duen argazkiarekin aho bete hortz geratu beste erremediorik ez zaio geratzen. Haitzulo honetara iristeko abiapuntu egokiena Donaixti-Ibarreko Arla auzoa da. Handik ordu eta erdian, 7 bat kilometro denera, haitzulo handira irits gaitezke.

Larrako ordokia da Euskal Herriko ordoki edo lautada karstiko ezagunena. Europa eta mundu osoko ezagunenetakoa ere bai. Ez alferrik, Euskal Herriko ekialdeko txoko horretan galeria sarea ikaragarria da, 125 kilometro. San Martin leizeak 1.410 metro ditu, gizakiak sakonera horretaraino bertaratzea lortu du, behintzat. Arbailan bada nabarmentzea merezi duen zuloa, Aphanize gainetik gertu, Behorlegittutturru gailurraren magalean. 328 metroko sakonera du, eta frantses Estatuan, bertako putzu sakonena dela diote idatziek.

Lainoarekin kontuz

Sistema karstiko horrek itxura berezia eman dio Arbaila mendiguneari lur azpian, baina baita lur azalean ere. Larre zabalak bezala, mendi bideak lapiaz eta dolinaz beteta daude. Lapiaz edo lenarrak punta zorrotza duten harri multzo ilarak dira, era kaotikoan hedatzen direnak, eta ibilkera dezente zailtzen dute. Pauso bakoitzean oina non jarri zaindu beharrak halako nekea sortzen du. Zeresanik ez zorua bustia badago. Orduan lapiaz bidea arriskutsua ere bilaka daiteke.

Eta udazkenean, normalena zorua hezea egotea. Euskal Herrian iparren dauden 1.000 metrotik gorako lehen mendiak dira Arbailakoak. Kantauri itsasotik hezetasunez lepo datozen laino multzoek lehen geltokia bertan egiten dute, eta oso eremu euritsua da. Pirinioak baino gehiago. Euria, eta lainoa, noski. Lainoa bada, ondo hausnartu behar da Arbailako mendilerroan murgildu edo ez.

Lautada karstikoak pagadi itxi eta zabala du lagun gailurrak lotzen dituzten bailaretan, eta horietan erraza da perspektiba galtzea. Iparrorratza edo GPSa eramatea, beraz, gomendagarria izan liteke lainoa denean. 4.800 hektarea pagadi daude Arbailan, eta Eltzarreko ordokikoa da handienetakoa. Ohar bat ere badago, Inharpu gainetik gertu, han barneratzera doanarentzat, tentuz ibiltzeko gomendatzen diona.

Lapiaz edo lenarrez gain, dolina edo osin zuloz josita baitago Arbaila. Zenbatutakoak mila baino gehiago. Ahüzkiko aterpetxetik Ihatea gailurrera bidean hiruzpalau topatuko ditu mendizaleak. Batzuk alanbre hesiz inguratuta daude, arriskutsuenak edo sakonenak direnak, baina beste batzuk ez. Laino itxiari elurraren osagaia gehitzen badiogu, Arbaila paraje horiek oso ondo ezagutzen dutenentzat bakarrik da aproposa. Izan ere, zanpatu gabeko elurraren azpian lapiaz zorrotzak edo osin zulo sakonak gordetzen dira, eta hori gogoan edukitzea komeni.

Ihatea gailurrean, lertxun eta antzara sail handia pasatu da oihuka. Haiek gizakiek baino askoz lehenago sumatzen dute neguaren, elurraren etorrera, eta badoaz hegoalderantz, eremu epelagoren baten esperantzan. Azaroa hasieran dozena bat kilometrora geratu den elurrak Arbaila ere bereganatuko du, hango altxorrak eta tranpak ezkutatuz. Mundu zibilizatura bueltan, Ahüzkiko aterpe dotorean sabela berdintzen ari dira Burdin Olatze gaineko postuetan eskopetari eman eta eman aritu diren ehiztariak. Lertxunei buruz ari ziren, haiek urtero egiten duten bideaz, eta haiek bezala, erabakirik zentzuzkoena etxeko epelera bueltatzea dela deliberatu dute.