09 FéV. 2021 - 06:06h Musikak eta mezuak identitate propioa hartu dute Merina Gris-en eskuetan Aurpegia estalita agertzen dira argazkietan Julen, Paskal eta Sara, Merina Gris taldeko kideak. Bi kantu kaleratu dituzte, bakoitza bere bideokliparekin; horietan azkena, «sAIATZEN nAIZ». Bietan izan dituzte kolaboratzaile garrantzitsuak, Izaro eta Ezpalak-eko Juanjo Berasain, esaterako. Aurpegia estalita agertzen dira argazkietan Julen, Paskal eta Sara, Merina Gris taldeko kideak. Iker Gurrutxaga Nor diren eta nor ez bigarren planoan uzten dute Merina Gris taldekoek. Sara, Julen eta Paskal dira eta ez dute informazio gehiago eman nahi. Joko batekin hasi zen hori ezkutatzearen istorioa, baina arrazoi bat ere badu jokoaren hasierak. «Askotan testuinguruan edota igorlean gehiago zentratzen gara igorleak berak esaten duenean edota egiten duen musikan baino», hasi dute elkarrizketa Merina Gris taldeko kideek beren identitateaz galdetuta. Pop bortitza jorratzen dutela aipatu zuten eta momentuz egin duten musikan eta, batez ere, ikus-entzunekoetan hori da lantzen den iruditeria. «Kontu hau guztia jaiotzen da bortizkeria musika eremu batzuetan sortzen dela esan ohi izan delako. Baina bortizkeria azkenean kode bat da eta beste eremu batzuetara ere eraman daiteke. Hala, testuinguru sozial eta adibide konkretu batekin landu genuen ‘Besteek zer’ estreinako kantuaren bideoklipa. Sekulako lana hartu genuen emaitza hori lortu nahian eta oso pozik geratu ginen», kontatu digute Merina Grisekoek. Alabama, Arriguri eta Badator ikus-entzuneko estudioen arteko elkarlanetatik sortu dira bi piezak; iruditeria sortzen, ordea, denen artean aritu dira. «Gu ere nahikoa frikiak gara halako gauzetan, baina langileak gara eta hori guztia egiten lan handia egin dugu. Musikari garrantzia ematen saiatzen gara, baina ez genuen abestia egin nahi eta kito, hor buka zedin. Zer egin nahi eta zer esan nahi dugun pentsatzen dugu, baina beti musikatik baino ikuspegi orokorrago batetik lantzen dugu guztia. Proiektuko ertz bakoitzaren gainean egoten saiatzen gara eta diziplina anitzetakoak gara garunez, baina ez gara denera iristen. Hartara, guri jatorrizko ideia sortzen zaigu eta estudiokoek egiten dituzte ekoizle lanak», azaldu digute musikariek. Bideoen lokalizazioez galdetuta, “sAIATZEN nAIZ” kantuarenaz ez digute ezer argitu, baina “Besteek zer” abestiaren bideoklipa berez Vallecasen grabatu nahi zutela kontatu digute. «Pandemiaren kontua etorri zen eta logistika arazoak gehitu zitzaizkion grabaketari. Horren aurrean Euskal Herrian, etxetik oso gertu, grabatzeko erabakia hartu genuen. Denak oso atzerrikoa ematen du irudietan, baina ‘Euskaltegia’ jartzen duen idazki bat ikusten da. Hala ere, bideoklipen lokalizazioak non dauden pixka bat perretxikoak egoten diren tokiak zeintzuk diren kontatzea bezalakoa da, altxor modukoak dira», esan digute erdi broman erdi serio Merina Grisekoek. Jolasekin jarraituz, Merina Grisek aurkeztu aurretik, Gartxotek aurkeztu zuen “Besteek zer” kantua. «Gartxot bidelagun eta bizilagun dugu proiektu honetan eta kantu horren hitzak bereak dira. Itxialdian ehun eta piko moldaketa egin zituen eta proposamenen artean hau egiteko aukera zegoela esan zigun. Guk aurrera egiteko esan eta publikatu egin zuen. Egia esanda, bideoklipa atera zenean ahaztuta genuen kasik Gartxotek egindakoa eta askok esan ziguten hamar hilabete lehenago atera genuela izatez ‘Besteek zer’». Kolaborazio garrantzitsuak “Besteek zer” abestiaren bideoklipean Juanjo Berasain Ezpalak taldeko kidea agertu zen gonbidatu berezi gisa. Boston Celtics taldearen kamiseta jantzita saskibaloian jokatzen ikusteko aukera izan genuen, Larry Bird mitikoaren 33 zenbakia bizkarrean zuela. Bigarrenean, ordea, “Saiatzen naiz” kantuarenean, Izaro Andres mallabitarra izan da protagonista. Sarean abesten entzuten duguna bera dela esan duenik ere bada. Merina Grisekoek hori gezurtatu dute, ordea: «Aktore lanak egin ditu, baina ez du Izarok abestu, Sararena da entzuten den ahotsa. Bideoklip horretarako norbait kantatzen jarri nahi genuen, baina gu agertu gabe. Izaro laguna izanik eta aktore lanetarako dituen dohainak ikusita, sekulako lana egin zuela aipatu beharra dago. Lehendabizi kantuaren irudia jaio zen eta horren harira sortu zen bideokliparena. Beti esan digu kamera aurrean egotea gustatzen zaiola Izarok, maite duela kameraren aurrean aritzea. Gainera, bideoan ez da antzematen, baina sekulako hotza pasa zuen grabaketan, momentuero euripean egon ginen eta. Horri guztiari eusteko ahalmena ere erakutsi zuen eta meritu handia du», azpimarratu dute Merina Grisekoek. Aurpegi ezagun bat berea ez den kantu bat abesten ikustearena hemendik kanpora maiz egiten den zerbait dela aipatu digute: «Euskal eszenan ez da hain ohikoa, eta guri hala egitea bururatu zitzaigun». Izarok, bideokliparen harira, kontratazioak zabalik zituela ere jarri zuen txantxetan sareetan eta, Merina Grisekoen ustez, «lehenago edo beranduago zerbait eroriko zaio». Euskal Herrian musikaren mundutik pantaila handira salto egin dutenak aurretik ere badira, gainera; Najwa Nimri edota Jone Laspiur, esaterako. Azken honek aurten Goya sarietarako izendapena jaso du. «Izarok pauso hori emango balu edota musikaren munduan zerbait egiten badu eta halakorik ez badu jasotzen, ez da merezi ez duelako», aldarrikatu dute Merina Grisekoek. Ed is Dead ekoizlearekin harreman berezia sortu zaie. Aurretik aipatutako Alabama, Arriguri edo Badator-eko kideak lagunak zituzten lehenbizi eta orain lankide bihurtu dira. «Ed is Dead-ekin alderantzizko bidea izan da, lankide bezala hasi eta egun laguna dela esan dezakegu. Radio 3-n edota BBK Live-n ezagutu genuen, bere musikaren kontsumitzaile gisa. Lagun batek gure demoak entzun eta gomendatu zigun Ed is Deadekin harremanetan jartzeko. Bidali genizkion, euskaraz abesten genuela esan eta proiektua azaldu ondoren erantzuna hauxe izan zen: ‘A-co-jo-nan-te’. Kontatu zigun ez dela ohikoa guztiekin horrelako harremana izatea, baina zortedunak gu. Egun taldekidetzat hartzen dugu Ed. Gu bezalako hiruzpalau friki elkartzean ordu asko sartzen dira konturatu gabe. Ondorioz, laurok kontsentsuan egindako lana da eta emaitzarekin oso pozik gaude momentuz», kontatu digute Merina Grisekoek. Kantu berriaren izenburuarekin hainbat tokitan ikusi ahal izan dugu kamisetaren bat. Gaztea sarietan edota Olatz Salvadorrek bere diskoko kantuen inguruko azalpenak ematen dituen bideoan, esaterako. Hala ere, ez digute argitu disko bat izango den edo kantuaren izena baino ez ote den. Gerora, ikusi dugu izenburuko hitz bakoitzaren hasierako “s” eta “n” hizkiak letra xehez daudela eta horren inguruan galdetuta hauxe da esan digutena: «Kantak behin eta berriz errepikatzen den jokabide bati buruz hitz egiten du modu sinple batean azalduta. Niri, adibidez, behin eta berriz pasatzen zait letra larriak mantentzeko teklatuko botoia gaizki zapaldu eta horrela idaztea. Hau da, lehen letra larriz eta gainerakoak xehez idatzi ordez, lehena xehez eta gainerakoak larriz idaztea. Ez da bistarako harmonikoki polita eta amorrua sortzen dit. Baina nola diren kontuak, kantuaren izenburua idaztean horrela gertatu zen eta paradigma bat sortu zen kasualitatez. Hori da izenburua horrela idaztearen arrazoia, grafiaren eta kantuaren hitzen artean sortu den lotura bitxia», azaldu digute musikariek. Badakigu disko gogor bat badutela beren kontu guztiak gordetzeko. Dena dela, ez dakigu beren emariak zenbateraino emango duen 2021ean: «Bizitza nola doan ikusita, ezin dugu jakin zer norabidetatik joango diren kontuak, baina lanean gabiltza egunero 2021ean gauza gehiago kaleratzeko. Asko dugu esateko eta, ahal badugu, ez dira ez bat eta ez bi izango etorriko direnak». Zuzenekoen prestaketak egiten ere badabiltza. Taula gainean eskainiko dutenaren sortze prozesuan dabiltza eta ziurtatu dutena da zuzeneko musika eskainiko dutela. Ikusiko ditugun edo ez isilik gordetzen dute oraindik, ordea. Gu saiatu gara ahalik eta informazio gehien ateratzen. Hemendik aurrera adi jarraitu beharko diegu Merina Gris taldekoei.