GAIAK
Lehoiak, Serengeti parkean. (GETTY IMAGES)

Serengeti Parke Nazionala, basabizitzaren sintesia


Belar-itsasoak, ilunabarrean piztutako eguzkia akazien silueta marrazten... bizitzak eta heriotzak bor-bor egiten dute jatorrizko adierazpenean. Adierazpen zintzo eta krudela, oparoa, disimulugabea, ederra, harmonikoa... eta izugarria. Afrikako fauna basatia bizitzeko parkerik onena da Serengeti.

Serengeti entzunda mundu galdu bat datorkigu burura: lehoiaren orroak, zebren korrikaldien harrabotsa, elefantearen orro indartsua eta lehoinabarraren jauzi isila zoritxarreko inpalari lepotik heldu aurretik. Zaalntzarik gabe, Afrikako fauna basatia bizitzeko parkerik onena.

Serengetin («mugarik gabeko lautada» masaien hizkuntzan) begirada sabanako kolore bizien artean galtzen da. Bihotz beltzaren bila dabil, garai batean izan zen Afrika urrun eta basati haren sekretu biziak gordetzen dituen bihotz beltzaren bila.

Ezinbestean datozkigu gogora kolonia anker eta balentria gogoangarrien garai bateko erromantizismo basatiz betetako kontakizunak. Eguzki-galgatan arrisku izugarriz betetako lur ezezagunetan, oihan zeharkaezinetan eta felidoak zelatan izaten ziren lautadetan menturatzen ziren pertsonen hitzak. Eta aditzarekin irudia, zurbeltzeko eta sepia koloreko argazkiak, jarrera kemen suz, fusilekin, eta buruan salacot kapela koloniala jantzita, puggaree dotore batez hornituta.    

Parke nazionala ekosistema zabal baten parte da. Ekosistema horretan, faunak gizakiaren presioak ezarritako mugak baino ez ditu ezagutzen. Iparraldean, Masai Mara Erreserba Nazionala irtengune txiki bat da, Kenyako mugaren atzean Serengetitik ateratzen dena. Tanzaniako aldean Ngorongoroko Kontserbazio Eremua eta Loliondo, Maswa, Grumeti eta Ikorongo ehiza erreserbak daude.

Migrazio Handiaren eragin-eremu zabala da. Urte osoan zehar milioi bat ñu eta dozenaka mila zebra, gazela eta bestelako ungulatu mobilizatzen ditu etengabe. Baina parkearen mugen barruan dago migrazio-prozesuaren alderik garrantzitsuena, eta bertan bizi da era bizienean eta dramatismo handienarekin. Batez ere, Grumeti eta Mara ibaien inguruan, animalia talde handiek ur horietan bizi diren krokodilo gosetiei aurre egin behar dietenean.

Lautadatik ibaietara

Serengetik 14.000 kilometro koadro baino gehiago ditu (Hego Euskal Herria baino zertxobait gutxiago). Kontnenteko eremu babestu handienetako bat da, eta anmalia basatiak ikusteko onena, akaso. Hego-ekialdetik sartuko gara, belar-itsaso izugarriak zeharkatuz, Gol eta Nduturen perspektibarik gabe. Bere horizontaltasuna kopjeen profil biribilduak soilik hausten du, higadurak landutako granito-formazio bakanek, non harrapariak zelatan egoten diren harrapakina noiz agertuko.

Naabi Hilletik zeruaren eta lurraren arteko ezerezaren handitasuna dakusagu. Baina itxurazko hutsa baino ez da. Infinituaren handitasunak engainatzen gaitu, eta horrek ez digu uzten distantzian xehetasunik bereizten. Abendutik martxora bitartean, euriteek lurra berdez estaltzen dutenean, belarjale handiak eremu horretan biltzen dira, nahi adina bazkatu eta beren kumeak munduratzeko. Une honetan, gepardoek eta beste felido batzuek beren erditzeak sinkronizatzen dituzte, jakirik faltako ez zaiela jakitun. Urteko gainerako egunetan, nahiz eta animalia kopurua nabarmen murrizten den, bilatzen jakinez gero, aurkituko ditugu.

Baina parkearen bihotzera joko dugu, Seronera ibaiaren ertzera. Urak lurraren emankortasuna suspertzen du eta sabana sikomoroz, euforbiaz, kigaliaz, zuhaitz-aloez, palmondoz eta ehunka akaziaz zipriztintzen du. Egunez horien adarretan abaroan egoten da lehoinabarra, ilunabarraren zain. Orduan abiatuko da harrapakin bila, inpalaren baten, thomson gazela despistaturen baten, dik-dik baten edo tamaina egokiko beste edozein animaliaren bila, bera bezalako ehiztari eraginkor eta oportunista batek ez baitio ezeri muzin egiten. Itzaletan egongo dira lehoi taldeak; 3.000 baino gehiago parke osoan eta ugari Seronera aldean. Gosea baretzeko baino ez dira mugituko, zebrekin eta ñuekin saiatzeko, edo ahalegin handiagoa eginez, masai jirafekin eta are bufaloekin.

Paisaia aldatzen hasi da. Ez bakarrik landarediagatik, baita orografiagatik ere. Maasai Kopjeen edertasunaz gain, muino ugari daude, eta Seronera eta Nanyuki, Nyabogati eta Orangi batzen dira Retimatik hurbil. Hemen, Retima Hippo Pool izeneko putzu handi batean biltzen da ura. Bertan dozenaka hipopotamo platzen dira sasoi lehorrean, Niloko krokodiloekin bzikidetzan, bizikidetza gatazkatsua sarritan. Elkarrekin, Grumeti meandrotsuan amaituko dute. Ibai horrek Western Corridor osoa zeharkatuko du (Mendebaldeko Korridorea), freskotasun-uharteak sortuz eta colobus guereza primateak babestuz, Victoria aintziran itsasoratu arte.

Biodibertsitatea babestea

Honaino iritsita, beste sentsazio olde batek hartu gaitu. Gauez, iluntasun diafanoaren erdian, ilargia eta izarrak orroen, animalien talde-ihesaldien eta soinu ezezagunen lekuko dira. Egunsentian, argiak itsutu egiten gaitu, itzal luzangen jokoari eta animalien ibilera lasai eta arretatsuari begira gaudela. Egunez, bizitza loak hartzen du, udaminetako bero izugarriak eraginda. Ilunabarrean, dena esnatzen da berriro; sabana erretzen ari da eta zuhaitzek beltzak dirudite, eguzkiak ilunabarrean lausotutako suzko oihalaren aurrean, bere gorri, laranja, purpura eta errubi koloreekin.

Oroitzapenetako irudiak datozkigu bat-batean. Ava Gardner, zerupean dutxa bat hartzen, Clark Gable harrigarri, haserre eta bihozgabe baten begiradari erantzunez; Meryl Streep eta Robert Redford hodeiak zeharkatzen biplano batean, Lurraren taupada zaharren gainean; Stewart Granger Deborah Kerr-i kortsea ken dezala aginduz, ez dela Sussex-en faisaiak ehizatzen ari esanez. Ez dio axola filmazioak Serengetin egin zren ala ez; Serengeti gure afrikar grinaren korolarioa da, epitomea, haren aztarna.

Uztailetik abuztura bitartean, migrazioaren zatirik handiena iparraldean egon ohi da, Lobo inguruan, Mara ibaia gurutzatzeko eta Masai Marara pasatzeko prestatzen. Hegoaldera itzuliz, hemen ere aurkitzen dugu urria eta azaroa bitartean. Bertara iritsitakoan, elefante taldeek egin digute harrera. Bidean gurutzatzen zaizkigu, atzean geratutako azken kumeak adi zaintzen doazela. Sugekari bat tentuz dabil suge bila, eta hainbat hiena kumeekin beren babesleku atarian daude.

Parkeko alderik ederrena dela esan daiteke; paisaia aldakorra eta askotariko fauna ditu.
Edozein oihanetatik urrun gauden arren eta ibai handirik ez dagoen arren, geure burua ‘Ilunpeen bihotzean’ Kurtzen bila ibiliko bagina bezala irudikatzen dugu. Eleberria irakurtzean bezala, kontzientziak astindu egiten gaitu zera gogoratzen dugunean, hots, kolonialismo berri batean, masai herria lur horietatik bota zutela 1951n parke hau sortzeko.

Hori jakinda ere, Serengetiren existentzia miraria da eta berau babestea beharrezkoa da gaur egun. Bai bertako biodibertsitateagatik, bai interferentzia kontrolatuko esparru batean dauden espezieen arteko harremanengatik. Arazoak daude, hala nola, isileko ehiztariak, espezie batzuen eskasia –adibidez, errinozero beltza eta likaona–, zenbait bide-azpiegituraren garapena eta turismoak dakarren mehatxua, behar bezala kudeatzen ez bada.

Baina leku bikaina da fauna basatia bere habitatetan ikusteko, beren lotura naturalekin: eland-a (munduko antilope handiena), mangosta, proteles lur-otsoa, serbala, Scopus umbretta hegaztia, Kori basoiloa, ostruka, txakala, Polemaetus bellicosus hegaztia, Otocyon megalotis azeri belarriluzea, Balearica regulorum kurrloa, azkonar eztijalea (Mellivora capensis) eta horrela 500 hegazti espezie eta 300 ugaztun espezieraino.

Gertutik eta zuzenean ikustea, beren espazioan, ikusle huts garen espazioan, dokumental baten barruan bizitzearen parekoa da; urte askoan, gure ametsak elikatzen jarraituko du.