15 FéV. 2021 - 15:45h Yucatan: Maien oihanetik kostaldera Yucatan penintsula osatzen duten Mexikoko hiru estatuetatik bi bisitatu ditugu. Europako turismoak gutxien ukitzen dituenak, Cancun eta Karibe, hain zuzen ere, itsasotik urrunen daudenak. Eta leku zoragarriak aurkitu ditugu penintsularen ipar-ekialdean egindako ibilbidean. Flamenkoak. (GETTY IMAGES) Urtzi Urrutikoetxea Hiri ederrak, ondare arkeologiko bikaina, hondartzak eta natura eta bizi-bizirik dagoen maia kultura ezagutzeko ibilbide paregabea da penintsularen ipar-ekialdean egindako hau. Campechetik Meridara doa, gutxi-asko. Lehen hiria izen bereko estatuko hiriburu koloretsua da. Unescoren ondare den alde zahar zoragarria dauka, harresiz eta piraten memoriez josita. Bigarrena, berriz, Yucatan estatuko hiriburua da. Kostaldean egon gabe ere hurbil sumatzen da itsasoa (egiaz, 30 kilometrora egon arren), eta erdialde atsegina dauka paseatzeko eta bisitatzeko. Bien artean, Mexikoko golkoko kostaldea dago alde batetik; Karibea izan ez arren, tropikoan gaude eta estimatzen da beti bainua hartzeko eta itsas faunaz gozatzeko txokoak aurkitzeko; bestetik, barneko bidean Yucatan osoko lautadan oihanaren erdian doazen errepide zuzenak daude: badabiltza autobus batzuk, baina alokatutako auto batek askatasun handiagoa ematen du. Behinolako zibilizazio maiaren altxorrik ederrenetakoak gordetzen dituzte baso tropikalek, Ruta Puuc izena eman zaion bidean. Eta harribitxi horien eraikitzaileen bila liburu eta turismo-orri eta webguneetara jo dezakegu, baina barnealdeko edozein herrixkatan ere gera gaitezke, bere eliza koloretsu, musika eta egun arrunt zein ospakizunen baten zain. Koloretako brodatuak dituzten emakumeen soineko zuriei eta gizonezkoen alkandorei erreparatzeko, oraindik herri askotan ohiko mintzaira den maia hizkuntza entzuteko eta esperientzia biribiltzen lagunduko digun kultura bizi-bizia ezagutzeko aukera izango dugu. Piraten ondarea Mexikok leku gehienetatik (Chiapastik, Mexiko Hiria hiriburutik, Oaxacatik eta abarretik) Yucatanera etorrita, Tabasco estatu txikian batzen dira errepide gehienak. Villahermosan, Tabascoko hiriburuan, ekin diogu guk ere penintsulako bisitari, geldialdi laburra egiteko. Izan ere, maien lurraldean sartu aurretik merezi du olmeka kultura zaharraren aberastasunak ezagutzea. La Venta parke museoa horretarako leku paregabea da, hiritik zenbait kilometrora bildutako buru olmeka erraldoiak jarritako parke zoragarria baita, Laguna de las Ilusiones aintzira ederraren inguruan. Bidean aurrera eginda, eta Yucatanen sartuta, Campeche da iritsi garen lehen estatua. Bost ordu luzeko autobus bidaia atsegina da; Mexikoko golkoa ezkerreko aldean eta arrantzale eta nekazari herrixkak zeharkatzen beste aldean, Campeche hiribururaino iritsi arte. Autobus geltokitik alde zaharrera hurbilduta, zaila da irudikatzen zer nolako hiribildua eratzen duen, harresi eta atariek babestuta. Barruan, harrizko kaleak, koloretako eraikinak eta klima tropikal epelak oso bisita atsegina ahalbidetzen dute. Bi atari nagusi ditu: Puerta de Tierra eta Puerta de Mar, lurreko eta itsasoko atariak, hain zuzen ere. Ez dago galtzerik, kaleek ere izenen ordez zenbakiak baitituzte: bikoitiak itsasoarekin paralelo doaz (10.ak parkera eta katedralera garamatza) eta bakoitiek horiek zeharkatzen dituzte; 59.a, esaterako, oinezko kale atseginetako bat da. Eguneko beroari ihes egiteko ez dauka hondartzarik pare-parean, itsas portua baizik (erraz sumatzen zaio pirata nortasuna hiriari), baina kanpoaldean badaude bainurako lekuak. Maien gune arkeologikoak Campecheko estatua, kostaldetik alde egin orduko, sabana, oihan eta gune arkeologiko garrantzitsuz beteta dago. Horietako askotan oraindik ere indusketak egiten ari dira, baina argi dago Guatemalako Peten oihaneraino hedatzen zen zibilizazio garrantzitsu baten arrastoak direla. Ibilbide honetan Edzna ikusgarriraino goaz, Campeche hiriburutik hurbilen dagoen lekua izanik. Dagoeneko izen pixka bat baduen arren –Puuc ibilbideak estatu honetan daukan gune garrantzitsuena da–, litekeena da aparkatu eta bakarrik edo ia beste inor gabe bisitatu ahal izatea, behinolako esploratzaileen gisan. Hori du, izan ere, ibilbide honek berezi, penintsularen erdialdeko baso eta herrixken artetik gutxien espero duzunean agertzea horrelako harribitxiak. Duela 1.800 urte ekin zioten Edzna eraikitzeari (Chichen Itza baino lehen), eta ikusgarriak dira eraikinak eta horietan zizelkatutako detaileak. Hiriko administrazioa ezin hobeto ikusten da, pilota jokoa, Nochoch-na tenplua eta parean Bost Solairuko Eraikin itzela duela, hiriko zeremonia erlijiosoetarako. Kabah, Sayil eta Labna gune txikiago baina interesgarriak ditugu zain Yucatan estatuan sartu bezain laster, baita Loltun haitzuloak ere. Meridarantz jarraituta, ibilbideko altxor garrantzitsu eta ikusgarriena dator: Uxmal. Asmatzailearen piramide itzelarekin (Pirámide del Adivino) egin dugu topo sartu eta berehala, pilota-jokoa dator atzetik, eta beste hainbat eraikinen artean Gobernadorearen Jauregi erraldoia daukagu, eskailerak igotzeko eskatzen. Esan liteke prest ere ez dagoela bisitaria lekuak eskaintzen duen ikuspegirako: Uxmal osoa alde batetik, piramidearen edertasunarekin, eta beste aldean horizontean galtzen den oihana. Eraikineko mailetan behera, zizelkatutako jaguar, txori eta bestelako figura ederrei erreparatu behar zaie. Eguneko bisita aski izan ez dela irudituz gero, ilunabarretan argi eta soinudun ikuskizuna egiten dute. Kostaldeko erreserba Ordubete inguru dago Uxmaletik Yucatango hiriburura, Meridara. Berriki, munduko hiririk seguruenen arteko izendatu dute, eta asko da hori Mexiko bezalako herrialde batez mintzo garela. Egia esan, oso atsegina da alde zaharreko kaleetan ibiltzea, Gran Museo Maya interesgarria bisitatzea eta San Ildefonso katedralaren abaroan eraikitako plaza karratuan zerbait jan edo edatea, ilunabarrean batez ere. Eta maiak, gune arkeologikoetako eta museoetako piezetan ez ezik, bizibizirik dauden herria direla aintzat hartzeko lekua ere bada, hainbat kultur ekitaldi antolatzen baitituzte. Garabide Elkartearekin eta Beasaingo Udalarekin elkarlanean, esaterako, hizkuntza biziberritzeko egitasmoa daukate Meridan. Hiriburutik hurbil, txango ugari egiteko aukera dago. Gune arkeologiko maiak alde guztietan daude; Dzibilchaltun, esaterako, Progreso hondartzara bidean goazela topatuko dugu. Eta zer esanik ez, Karibeko bidea hartuz gero, Chichen Itza ezaguna eta Coba ez hain ezaguna baitaude. Beste alderako bidea hartu dugu oraingoan, ordea, Mexikoko golkorantz. Celestunen hondartza luze eta haizetsua dago. Ez garamatza horrek kostaldera, baina. 281 bidean Celestungo zubi luzea igaro berritan, ontziak ditugu txangoa egiteko prest, itsasadarreko mangle artean. Biosferaren erreserba honek fauna aberatsa dauka, eta ontzia hartu eta gutxira bertako bisitari ezagunenekin egin dugu topo: ehunka flamenko arrosa daude, ia sakonerarik gabeko urotan lasai ederrean, bisitarien aurrean ezaxola. Arnasari eusten diogu, zaratarik ez, zooma eta kataloxak baino ez, ikuskizun bikainaz gozatzeko.