14 AVR. 2021 - 17:41h Seda musika taldeak ‘The Belly’ aurkeztu du, bederatzi rock abestiz osatutako diskoa Seda musika taldeak ‘The Belly’ rock diskoa aurkeztu du Bilbon. Virginia Fernandez abeslariak bultzatutako proiektua da eta, nabarmendu duenez, bere «kezka musikal eta artistikoak jasotzen dituen aterki bat bezalakoa» da. Seda taldeak Power Recordsen aurkeztu du lehen diskoa, ‘The Belly. (Monika DEL VALLE | FOKU) Asier Robles Hainbat urteetan zehar, Jardin Infierno, Toro y la Niña del Frenesí edo Doctor Deseo bezalako proiektuetan parte hartu eta gero Virginia Fernandezek Seda proiektuari ekin dio azken urtean. Egitasmo berri honen lehen diskoa aurkeztu du asteazken honetan Bilboko Power Records dendan eta NAIZ-ekin egon da hitz egiten talde berriaren nondik norakoak azaltzeko. Fernandezek azaldu duenez, hiru urte inguru zeramatzan musika mundutik aldenduta eta bere bizitza pertsonalean zentratuta. «Denbora batez, zenbait kolaborazio eta proiektu errefusatu nituen, atsedena behar nuelako. Handik gutxira, gitarra hartu eta abestiak egiten hasi nintzen, baina inolako helbururik gabe. Konturatu nintzenean banituen abesti batzuk, eta musika munduko jendeak animatu ninduen zeozer grabatzera. Horrela hasi zen proiektu berri hau», azaldu du. Baina Fernandezez gain, musika munduko beste erreferente handi batzuk ere baditu taldeak: Mikel Caballero baxuan (Gatibu), Felix Landa gitarran (Extremoduro), Galder Creo baterian (Penadas) eta Pit Flanagan (Rubia, Garbayo) eta Martin Guevara (Capsula) gitarretan. Abeslariak azaldu duenez, hasiera batean bakarkako proiektua zen, baina Fernandezek ikusi zuen abesti batzuk «nahiko rockeroak» zirela eta talde bat atzean izatea oso ondo etorriko zitzaiola pentsatu zuen. Horrela batu ziren Sedara gainerako kideak, «modu naturalean». Hala ere, proiektuak ukitu pertsonala duela argitu du Eibarren jaiotako abeslari eta konpositoreak: «Seda nire kezka musikal eta artistikoak jasotzen dituen aterki bat bezalakoa da». Rock estiloko musika «oso kañeroa» ‘The Belly’ diskoa Silver Recordings estudioan grabatu eta Martin Guevarak ekoitzi du. Portadako ilustrazioa Miriam Ocarizek egina da. Bederatzi abesti ditu, ingelesez. Lanaren estiloa rocka dela azpimarratu du Fernandezek, baina punk arima, folka gogorarazten duten doinuak eta gogorragoak direnak ere aurki daitezkeela gaineratu du. Horrela deskribatu du Gaztelupeko Hotsak zigiluak: «Diskoaren hasieratik eta ‘Let it go’ sutsuarekin, Martin Guevara gitarrarekin batera, ‘She can do’k The Runaways urrezko garaia ekartzen du akordura, Joan Jett onena buru duela, Patti Smith kontestatario baten bahetik eta Virginia Fernandezen nortasun harrigarritik pasata. Taldeak bere punk aldea erakusten du ‘Clean my name’ kantan, ‘Breaking the House’ abesti ilun eta etsitua eskaintzeko. ‘Hey’ energetiko eta bikainak single gisa balio dio taldeari lan honen aurrekari gisa, eta, ondoren, ‘Drunken lover’en pop doinuetara hurbiltzen da, dagokion gordintasunarekin. Rock and Roll-ak ‘Passenger’ forma hartzen du liderraren ahots-harmonien eta taldearen eskarmentu eta sendotasunaren ildoan, eta konbinazio ezin hobea da ‘Two words’ ilunabarrarekin erregistroa aldatzeko eta bilduma ‘Drunken Lover’en molde akustikoan amaitzeko digipack bertsioan». Taldearen izenari dagokionez, Seda betidanik gustatu izan zaion hitza dela azaldu du, eta aurreko beste proiektu batzuetarako pentsatu zuela. Proiektu berriaren grabaketak hasi zituenean izen hori erabiltzen hasi zen, eta gero taldeko gainerako kideei ondo iruditu zitzaien. «Oso izen rockeroa eta iradokitzailea iruditzen zait. Kontrastea ere gustatzen zait, hitz leun bat musika kañeroa izendatzeko». Kontzertua Bilbon apirilaren 18an Fernandezek azaldu duenez, covid-19aren pandemiak diskoaren argitalpena atzeratu eta baldintzatu du. Musikari guztiek bizi izan duten arazoa izan da, eta pandemiak kontzertuetan ere izan du eragina. Seda taldeak apirilaren 18an Bilboko BBK Aretoan izango du lehen agerraldia. «Gogo handia dugu, ez baitakigu noiz egin ahal izango dugun beste bat. Alde batetik, egin dugun lana erakutsi nahi dugu, eta bestetik, eszenatoki gainean gozatzeko gogo handia dugu», esan du. Etorkizunari begira, proiektu honekin jarraitzeko asmoa dutela aurreratu du abeslariak. Abesti berri batzuk grabatuta dituzte eta urrirako grabatzen has daitezke.