GAIAK

Ha Long badia, esmeraldaz jantzitako Vietnamgo harribitxia

Tonkingo golkoan kokatutako Ha Long badia ikusgarriak ondo merezita du Unescoren natura ondareen zerrendan egotea. Eguzki argitan esmeralda koloreko bihurtzen diren urek eta bere bi mila uharteek ezaugarritzen dute; guztien artean 1.500 kilometro koadroko labirinto naturala osatzen dute.

Milaka uhartek 1.500 kilometro koadroko labirinto naturala osatzen dute.

Halong badia, ziurrenik, Vietnamgo paisaiarik harrigarrienetakoa da, baita bertako turismo gune handienetako bat ere. Badia erraldoi baten aurrean gaude, 1.500 km karratu inguru Tonkingo golkoan, eta kareharrizko formazio kontaezinez beteta dago, uretatik irteten diren hortz erraldoien antzera, senadi eta kanalen labirinto bitxia sortuz. Urak kolorez aldatzen dira egun argiaren arabera, berde turkesa batetik urdin ilunera, badiaren hondoak, irtenguneen material berberaz, jasotzen duen argiaren zati bat islatzen baitu.

Belaunaldiz belaunaldiz jasotako kondaira batek dioenez, badia vietnamdar eta txinatar inbaditzaileen arteko gudu-zelaia izan zen. Zeruko herensuge batek eta bere semeak vietnamdarrei laguntza eman nahi izan zieten, eta inbaditzaileari aurre egin zioten perla eta jadezko arroka erraldoiak jaurtiz; hauen hondarrak, gaur egun, badiari ukitu exotiko hori ematen dioten formazio harritsuak omen dira.

Geologikoki, berriz, milaka urtetan zehar izandako fenomeno-segida baten ondoren sortu zen badia: presioak trinkotutako sedimentuak altxa egin ziren mugimendu tektonikoen bidez eta, higaduraren eraginez, pitzatu eta forma bitxiak hartu zituzten, batzuk «harrizko orratzak» sortuz eta beste batzuk uharte txikiak osatuz.

Martxoa eta maiatza arteko sasoia izaten da badia bisitatzeko egokiena, ekainetik aurrera euriteen garaia hasten baita. Itsasontziz txangoak egin daitezke bertara, egun batekoak edo egun askotakoak, eta ohikoa da bidaiak Hanoin bertan erreserbatzea. Dena den, Ha Long bisitatu duten lagun askok Hanoin erreserba egin ordez badian dagoen Cat Ba uhartean egitea gomendatzen dute, salneurria merkeagoa baita eta iruzurren bat pairatzeko aukera askoz txikiagoa.

Uharte eta kobazuloekin batera, badia osoan zehar aurki daitezkeen «ur gaineko herriek» ere erakartzen dute arreta, alegia, egur batzuen gainean eraikitako etxetxo txiki multzoek. Tokikoak arrantzatik bizi dira, eta beraien bizimodua ez da gehiegi aldatu azken mendeetan.

Bestetik, uretatik sortzen diren uharteak bertatik bertara ikusteak zirrara eragiten du. Bidaia turistiko gehienetan, gainera, aukera dago uretan igeri egiteko, urpekaritza egiteko, kobazuloren bat miatzeko, kayak edo txalupa txikietan norberaren kasa paseotxoak egiteko... Guztien artean Tximinoen Uhartea da ezagunetakoa, eta ontzi gehienek geldialdia egiten dute bertan, mokadutxo bat jan eta ikuspegiaz gozatzeko. Nahikoa toki turistikoa da, eta bertako hondartzan taberna bat ere badago. Izenak adierazten duen legez, tximinoak nahieran ibiltzen dira bertan.

Badian nabigatzen ibiltzeaz aparte, badaude Cat Ban egin daitezkeen beste hainbat gauza, hala nola arrain eta itsaski merkatuetara joan edota uharteko parke nazionala bisitatu. Munduko biosfera erreserba izendapena dauka eta trekking egiteko leku paregabea da.