Thailandia, iragan bizi baten muin-muineraino 28 AVR. 2021 - 09:22h Lucas Vallecillos Ayutthayaren handitasunak, Sukhothairen dotoreziak eta Phimairen edertasunak Thailandiaren iragan biziaren berri ematen digute. Iparraldeko paraje hauetan daude herri honen ernamuina gerizatzen duten parke arkeologikoak. Bangkok atzean utzi, eta iparrerantz jota Ayutthaya hirira iritsi gara. Antzinako Siameko erresumaren hiriburu izan zen 400 urtetik gorako oparoaldi betean, birmaniarrek 1767an inbaditu zuten arte. U-Trong erregeak 1350. urtean sortu zuen hiri harresitua, Pa Sak, Lop Buri eta Chao Phraya ibaien artean azaleratzen den uharte batean. Iragan loriatsu haren testigantza emanez, gaur egun munduko ondare izendapena jaso duen parke arkeologiko paregabea osatzen dute aztarnek. Ezagutu nahi izanez gero, komeni da uhartean bertan ostatu hartzea, ia interesgune guztiak hortxe baitaude, eta motorra edo bizikleta alokatzea nork bere kabuz egin ahal izateko bisita, inongo estutasunik gabe. Bi gurpilen gainean ondo moldatzen ez bazara, hor dago ibilbidea tut-tuk batean egitea negoziatzeko aukera ere, prezioak ez dira garestiak. Bero sapa ikusita, motozikleta hautatu dugu guk, eta eguna argitzen hasia zen jada gure lehenengo bisitara abiatu garenerako. Goizeko zortziak baino lehen iristea zen gure asmoa –ordu horretan zabaltzen ditu ateak Wat Mahathat tenplu budistak–, turista aldrak saihesteko. Izan ere, bakardadean ikusi nahi genuen, patxada osoz disfrutatu ahal izateko baniano edo Bengalako pikondo baten sustraiek besarkatzen duten budaren buruaren irudi ikononikoa, makina bat argazkitan ikusia. Eta aurrez aurre edukitzean, ezustean harrapatzen zaitu haren tamainak, hain da txikia, baina hasierako noraezaren ostean, ia-ia ohartu ere egin gabe sumatuz zoaz irudiari darion misterioa. Inork ez daki nola iritsi den hona buru moztu txiki hau. Erromantikoenen ustez, halabehar hutsa izango zen; eta sinesgogorrenek diotenez, gizakiak esku hartu du hor. Nire ustez, ordea, zaila da halako edertasun neurrigabea gizakiaren eskutik sortzea. Handik gertu dago Wat Ratchaburana tenplua. Sarreran, sabairik gabeko kapera bat dago bi zutabe ilarez babestua. Zati nagusia harrigarria da, estupa edo monumentu espiritual erraldoi bat, inguruan dituelarik beste lau, txikiagoak eta punta zorrotzekoak. Zalantzarik gabe, ezin diogu uko egin chedi handiaren gorenera igotzeari (izen hori ematen diote Thailandian estupari), gailur horretatik ikusiko baitugu Ayutthaya parke arkeologiko osoaren gaineko ikuspegirik ederrenetakoa. Landaretza itsaso berde baten gisara hedatzen den eremuan han-hemenka goratzen dira chedien pinakuluak, paisaia ezin harrigarriagoa itxuratuz. «Chedien» gailurretik Goizeko bederatziak dira eta beroa astun samarra da jada, baina oraingoz eramangarria. Ordu pare bat ditugu, hortik aurrera 35 graduko tenperaturaren txandan sartuko baikara hezetasun jasangaitzarekin. Aztarna hauek bisitatzeko ordurik onenak egunaren hasierakoak edo amaierakoak dira. Eta tarteko orduak museoetarako baliatzea baino aproposagorik ez dago, edo izatekotan, gerizpe goxo bat aurkitu eta besterik gabe, luze-luze etzanda ematea. Garrantzitsuena, behintzat, eguzkiak bete-betean ez harrapatzea. Izugarri ederra da halaber Wat Phra Si Sanphet. Parke arkeologikoaren erdian kokaturik, aztarnategi bikaina da, hiru chedi monumental buruan dutelarik Ayutthayako estilorik jatorrizkoenean. Iraganean erregeerreginen egoitza izan zen. Gauean argi-ikuskizun animatua egiten dute bertan, eta merezi du ikustea, baina ordutegiei buruz, garbiena informazio bulegoan galdetzea da.Bisita biribiltzeko, oso interesgarria da Chao Sam Phraya museo nazionalean barneratzea. Eraikin xumea da, baina parke arkeologikoan aurkitutako piezarik baliotsuenak gordetzen dira bertan. Museoaren inguruetan elefante kanpaleku bat dago, eta esparru arkeologikoan pakidermo gainean ibiltzeko aukera eskaintzen dute. Luzaroan gogoan izango duzun esperientzia bat da, ezbairik gabe, eta horrez gain, kontuan hartzekoa da bultzada txiki bat emango diezula bertakoei, elefanteak ez desagertzeko nahiz elefante gaineko gidarien antzinako lanbidea sustatzeko urte askoan egiten ari diren ahalegin horretan. Beste bi leku ere badaude uhartetik kanpo, bisitatzeko modukoak. Bata Wat Chaiwatthanaram da. Aztarnategi zoragarri horretako estupen artean oinarri handien gainean jarritako bi buda tantai nabarmentzen dira, inguru osoa beren begiradapean balute bezala. Bestea, Wat Yai Chai Mongkhon errege monasterioa da, edertasun paregabeko multzo monumentala, ahoa bete hortz utzi gaituen ikuskizuna. 1357. urtean eraiki zuten Sri Lankatik etorritako monje komunitate bati aterpe emateko. Egundoko estupa dauka, eta hara iristeko mailadi piko samarra igo behar da, buda erraldoiz osatutako ilaren artean igaroz. Gauean, bestalde, giro izaten da janari azokan, Ayutthayako gunerik biziena bihurtzen da, jendea afaltzera edo etxera eramateko janari bila bertaratzen baita. Ezinbestean probatu beharrekoen artean daude pad thai (arroz fideo salteatuak arrautzarekin, arrain saltsarekin eta tamarindo, piper gorri eta soja kimuekin), eta frutak, batez ere guretzat ohikoak ez direnak, esaterako, rambutan, durio eta mangosteen delakoak. Aztarnategi enigmatiko eta ez hain ezagunak Hurrengo geltokia Sukhotain egin dugu, Siameko erresumaren lehenbiziko hiriburua izan zena 1257 eta 1379 urte artean, Khmer inperioak konkistatu zuen arte. Hiriburu izan zen urteek askorako eman zuten; bederatzi errege pasatu ziren bertatik, eta bertan sortu zen thailandiar alfabetoa. Urrezko aro haren oinordetzan geratu da munduko ondare izendatutako parke arkeologiko bat, egungo hiritik 12 kilometrora. Bisita egiteko modurik onena esparru arkeologikoaren inguruetan ostatu hartu eta atzera eta aurrera bizikletan ibiltzea da. Aztarnategi enigmatikoa da, hegoaldera begira dauden budak daude han-hemenka, eta jauregien eta santutegi budisten hondarrak ez ezik, khmerren ureztatze sistema eraginkor batek putzu, aintzira eta kanalen bidez kudeatutako akuifero baten aztarnak ere badaude. Esparruaren erdigunean kokatzen dira Noen Phrasat errege jauregia eta Mahathat tenplu ikusgarria, hiri zaharreko handi eta garrantzitsuena. Zutik jarraitzen dute tenpluari eusten zioten zutabeek; buda izugarri handi batek ere bai, eta bertakoek gaur egun ere gogotik gurtzen dute. Egunaren amaieran ohikoa da mojeak ikustea tenplu batetik bestera beren otoitzak eta eskaintzak egiten. Esparru arkeologikoaren mendebaldeko atetik gertu jatetxe ezagun bat dago, turismo jardun nekagarri baten ostean indarrak batzeko aproposa. Ez du izenik, baina Sukhota osoko fideorik ospetsuenak egiten ditu; erraz bereiziko duzu barruko argi gorriengatik eta jende guztia fideo jaten ari delako bol batean. Lau aldaera izango dituzu aukeran. Sekulakoa da sukaldariak nola prestatzen dituen ikustea, abiadura zorabiagarrian, di-da adurra dariola uzten gaituelarik: lehenik fideoak jartzen ditu, eta gero azukre pixka bat gehitu, baratxuria txiki-txiki eginda, soja kimuak, martorria eta salda kazokada bat. Gure ibilerak Phimain amaitu dira. Khmer estiloko parke historikoa da, ia bisitaririk batere ez duena. XI. eta XII. mendeen bitartean eraiki zuten eta Khmer inperiorekin lotzen zuen errege bide batek. Egunaren amaierak bertan harrapatzea zoragarria da, ilunabarreko argi epelak laztantzean harriak hartzen duen samurtasunaz ohartzeko beta egokia. Ohar hauek idazten ari naizen honentzat, aztarna hauek dira Thailandiako ederrenak. Ez dute beste batzuen handitasunik, baina azaltzen zaila den zerbait helarazten dizute, benetan bereziak dira. Multzo monumentalak unibertsoaren forma irudikatzen du, non erdiko eraikina, Prasat Hin Phimai izenekoa, gailentzen den beste guzti-guztiaren erdigune gisa. Eta sentsualtasun berezi batez janzten du hinduismoaren eta budismoaren arteko batuketak, Angkorren tankerara, hau da, gizateriaren maisulanik handienetakoa den haren ildotik. Baina beste bidaia bati ekin beharko genioke hori azaltzeko.