GAIAK

Txahal ekologikoa, baserritik mahaira zuzenean

Baserria Km0 kooperatibak Eusko Label zigiluko haragia ziurtagiri ekologikoarekin jarri du salgai aurten Eroskiko lau merkataritza gunetan.

Bezeroak txahal ekologikoaren zati desberdinak erosteko aukera izango du.

Baserria Km0 kooperatiba osatzen duten 300 abeltzainek baino gehiagok modu tradizionalean hazten dituzte euren animaliak, Eusko Label ziurtagiriarekin. Orain, berriz, aurrerapauso bat eman eta modu ekologikoan hazitako txahalak merkaturatzen hasi dira horietariko batzuk, ziurtagiri ekologikoarekin, Eroskiko lau merkataritza gunetan.

Kooperatibako kide den Jose Pablo Larreak azaldu duenez, apirilean martxan jarri den proiektua «aspaldiko nahia zen eta aurten aukera izan dugu, ekoizpen aldetik eta merkatu aldetik, proba pilotu bat egiteko. Horrela, produktu ekologikoak erosten dituzten erosleek txahal haragi honi ematen dioten erantzuna ezagutu ahal izango dugu». Izan ere, Larreak nabarmendu duenez, txahal haragi ekologikoa salgai jartzea prozesu luzea da, «ekologikoan hazteko erabakia hartzen duen abeltzainek hiru urte behar dituztelako proiektua gauzatzeko».

Horrela, proba honen bitartez zer-nolako eskaria dagoen ezagutuko dute eta, jarraian, emaitzaren arabera abeltzain gehiago animatu daitezke beren abereak modu ekologikoan haztera. «Hasi berriak gara, baina ikusi dugu badagoela bezero kopuru jakin bat produktu hori bilatzen duena».

Eusko Label ziurtagiriak eskaintzen dituen berme guztiei (jatorri bermea, animalien ongizatea, elikaduraren kontrola, kalitate irizpideen araberako hautaketa…), ekologikoan hazitako produktuen bermeak gehitu zaizkie

Momentuz, astean bi txahal merkaturatuko dituzte (11-16 hilabete artekoak). Eusko Label ziurtagiriak eskaintzen dituen berme guztiei (jatorri bermea, animalien ongizatea, elikaduraren kontrola, kalitate irizpideen araberako hautaketa…) modu ekologikoan hazitako produktuen bermeak gehitu zaizkie,  animaliaren elikadura guztia (larreak, bazkak eta zerealak) kudeaketa ekologikodun belardi eta laboreetatik datorrela bermatuz. Baserria Km0 kooperatibako ordezkariak nabarmendu duenez, «Eusko Label zigiluko txahal asko modu ekologikoan hazten dira mendiko larreetan, baina ziurtagiri ekologikoarekin, txahalaren azken hilabeteetako hazkuntza prozesua elikagai ekologikoekin egin dela ziurta dezakegu».

Sorta ezberdinak

Modu ekologikoan hazitako haragia Eroskiko lau merkataritza gunetan jarri da salgai: Bizkaian Bilbondo eta Artean, eta, Gipuzkoan, Urbil eta Garberan. Lau horiek aukeratu dituzte bertan dagoelako produktu mota honen eskaririk handiena.

Baserria Km0 produktuekin gertatzen den bezala, bezeroak txahal ekologikoaren zati desberdinak erosteko aukera izango du, freskoan (xerra, gisatzekoa, entrekota, saiheskia eta xankarra) eta elaboratuan (hanburgesa eta haragi pikatua). Azken kasu horretan, haragiak ez du inolako kontserbanterik izango, eta horregatik edukiontzia ez da ohiko erretilu edo bandeja izango, baizik eta airerik gabe ontziratutakoa.

Txahal ekologikoaren merkaturatzea, iaz martxan jarri zen “Esperientziak” izeneko proiektuaren ondotik dator. Kasu hartan, mendiko larreetan hazten den betizu arraza autoktonoko txahalen sorta ezberdinak jarri zituzten salgai. Betizu haragia web orrialdean bakarrik eros zitekeen, eta, oraingoan, txahal haragi ekologikoa  aipatutako lau saltokietan bakarrik jarriko da salgai.