22 MAI 2021 - 14:57h Viñales, paradisu jurasikoa Garai jurasikoko «mogote» ikusgarriek zizelkatutako paradisu naturalean Kuba tradizional eta benetakoenean murgiltzeko aukera izango du bidaiariak. Zalantzarik gabe, Antilletako uharte ezagunean bisitariak aurkituko duen leku eder eta magikoenetako bat da Viñales. Viñaleseko panoramika. (GETTY) Nuria López Torres Viñalesen hegazti goiztiarren begiradapean esnatzen da eguna. Eguzkiak lehen orduetako lanbroari aurre eginez egiten du leku gutxikagutxika, ihintza ziztu bizian desagertzen den bitartean. Lur heze eta emankorron usainak bidaiariaren zentzuak dantzan jartzen ditu, lurrin liluragarri baten bitartez. Los Jazmines begiratoki ikusgarritik Viñales haran paregabea aurrez aurre ageri da, eta ezinbesteko geltokia da parajeon edertasunaren berri izan nahi duen edonorentzat. Zalantzarik gabe, eguneko lehen orduak dira balkoi natural honetara gerturatzeko onenak, bai argiagatik bai aurkituko dugun lasaitasunagatik. Eguerditik aurrera turistak trumilka heltzen hasten dira autobusez: hamar minutuko geldialdi azkarra egin, argazki mordoa atera eta bidean aurrera jarraitzen dute berehala. Viñales Kubako probintziarik mendebaldarrenean dago, Pinar del Rion. Zehazki, Sierra de los Organos mendilerroan dago, Guaniguaico mendikatean. Jurasiko eta Kretazeoko kare-haitzez zipriztindutako bertako paisaia bitxia erabat esklusiboa da; harri metamorfikoak mogote deitutako mendi karstikoekin uztartzen dira –Karibeko eta Asiako leku jakinetan bakarrik aurki daitezke lurrotan mogote bezala ezagututako mendixka isolatuok–, eta, horrez gain, flora eta fauna espezie endemikoen dibertsitatea izugarria da. Hala, eta tokiko aberastasun kulturala ere kontuan izanik, ez da harritzekoa Unescok munduko paisaia kultural izendatu izana Viñales harana 1999an. Harana Viñales izeneko udalerrian dago, Habana Kubako hiriburutik 178 kilometro eskasera. Hori dela eta, herrialdea bisitatzen duen inork ez luke galdu beharko Viñalesera bitarteko txangoa. Bisitaririk gehienek egun bat edo biko bisita azkarra bakarrik egiten dute, baina benetan merezi du Viñales patxadaz bisitatzea. Izan ere, Kubarik benetakoena, nekazaritzari estuki lotutako herri baten bizitza, inon baino hobeto ezagutuko dugu bertan. Logelak alokatzen dituzten etxe ugarietako batean ostatu hartu eta tokikoen eskutik herri eder eta landatar bateko bizitza xumea ezagutzeko aukera izango dugu. Tabako lurrak Don Emilio goizaldeko lauretan esnatzen da eguneroegunero, bostetarako tabako plantazioan lanean egon ahal izateko. Tropikoko eguzki beroak gogor jotzen du lurrotan, eta, beraz, ezinbestekoa da eguzkiari lanorduak lapurtzea. Guajiro abegikorra da Don Emilio, aurpegi atseginekoa, Clark Gableren beraren antza ere baduena, eta, zalantzarik ez, gazte denboratan aktore estatubatuarra bezain galaia izango zen. Baina Don Emilio zerbaitek bereizten badu, lanean jartzen duen pasioak bereizten du: tabako kultiboa, tabako orriaren manipulazioa eta puru preziatuak lortzeko biltze-lana benetako artea dira eta berak inork ez bezala daki hori. Tabakoa prozesatzeko ohikoa da nekazariek infusio bat egitea, orriei usain eta zaporea emateko, eta bakoitzak bere moduan egiten du, tabakoari bere ukitu pertsonala emateko. Ura, guaiaba orriak, eztia, anana heldu azala, limoi azala, kanela eta banilla. Horixe da Don Emilioren formula sekretua. Nekazariek bildutako uztaren zatirik handiena Estatuari saltzen diote Viñalesen, baina zati txiki bat geratzeko aukera badute kontsumo propiorako puruak zein euren plantazioak bisitatzen dituzten turistei saltzeko puruak egiteko. Don Emiliok kontatu digunez, tabakoaren prozesu guztia nekeza eta garestia da; horregatik zaila da bertatik bakarrik bizitza ateratzea, baina tradizio handiko artea da eta berak galduko ez den esperantza izan badauka. Hori bai, gazteek ez dute tabakotik bizi nahi. «Egia esan, nik neuk ulertzen ditut gazteak, lan handia baita eta ekonomikoki ez baitu merezi. Hori bai, niretzat lan hutsa baino askoz gehiago da». Nazioarteko tabako adituen arabera, tabako orri onenak Pinar del Rio probintziakoak dira, hau da, Viñales hartzen duen Kuba mendebaldeko probintziakoak. Izan ere, erabilitako laborantza metodoei eta tokiko lur gorri eta emankorrei esker kalitate goreneko tabako orriak lortzen dira bertan. Jasangarritasun harmoniatsua Viñales haranak beren aparteko edertasunak eta bizimodu tradizionalak egiten dituzte paregabe. Gizakiaren eta naturaren arteko harmonia erabatekoa da inguruotan. Eta baratze honetan ez da tabakoa bakarrik landatzen, baita beste gauza asko ere: edozein kubatarren elikaduran funtsezkoak diren indabak, juka, anana, artoa, arroza, kafea... Hori bai, betiere ongarri naturalak erabilita, Viñalesko Parke Nazional osoan produktu kimikoak erabiltzea erabat debekatuta baitago, lurra goldatzeko makineria astuna erabiltzea debekatuta dagoen bezala. Idiak eta golde tradizionala besterik ez dituzte erabiltzen, orain dela bi mende bezalaxe. Nekazari askok, tabakoaz eta jakiez gain, landare medizinalak ere hazten dituzte, adibidez buruko minari edo sukarrari aurre egiteko erabiltzen duten inurri-belarra, hotzeriaren aurka baliatzen duten eukaliptoa edota diabeteserako eta artikulazioetako minentzako baliatzen duten anamú landarea. Orain dela gutxira arte, mogoteen goialdeetako irisgarritasun zaileko guneetan acuático gisa ezagututako lagunak bizi ziren; ez zuten medizina tradizionalean sinisten, uraren botere sendagarrian baizik. Gaixotzean, lurrotako kobetako ur puru eta gardenetan murgiltzen ziren osatzeko. Gaur egun, gehienek euren sinesmenak alboratu dituzte eta Viñales herrira itzuli dira mogoteen ingurunea utzita. Hala, bi familia bakarrik geratzen dira mogoteetan bizitzen. Soroetan barnako ibilaldia Zalantzarik gabe, bidaiariak Viñalesen izan dezakeen esperientziarik onenetakoa tabako plantazioetan barna zaldi gainean txango bat egitearena da. Zaldien jabeak inguruak inork ez bezala ezagutzen dituzten guajiroak izaten dira; bideotako landare, arroka, zuhaitz bakoitza ezagutzen dute. Goizean goiz irten beharra dago, patxada tropikalean urratsez urrats haranaren edertasunaz gozatzeko. Ingurune paregabe honetako zaratak entzunez, lurrinak usainduz... gure zentzumenak zora-zora jarriko ditugu; eta, tarteantartean, bideotan aurkitzen ditugun nekazariekin geratuko gara hizketan. Nekazarion ahotatik ezagutuko ditugu tabako laborantzaren sekretuak, guajiroak abegitsu eta harro kontatuko baitizkigu nekazari bizitzaren sekretuak, betiere kafe on bat, limonada freskagarri bat edo biziberrituko gaituen guarapo ahaltsu bat alboan (azukre kanaberarekin eta ronarekin egiten da). Bizitza gogorreko nekazariak dira, baina benetakotasun eta xumetasunez betetako bizitzen jabe. Bidaiariak okasiorako bildu berri den puru bat erretzeko aukera izango du, orria bera landatu zuen laguna alboan duela. Edota oparitako hainbat puru erostekoa. Mendi txangoak gustuko dituztenek soroetatik ibilaldiak egiteko aukera ere izango dute. Hori bai, betiere eguzkitik ondo babestea eta biderako behar beste ur hartzea ahaztu gabe. Orain dela gutxitik bizikletak alokatzeko aukera ere badago, baina tokiko lagunen batekin joatea gomendagarria da, seinalerik ez baitago ia, jabetza pribatuetatik pasatu beharra baitago eta sargune zaileko ibilbideak ere bai baitaude. Kontuak kontu, ibilbidea zaldiz, oinez edo bizikletaz egin, badago albo batera uzterik ez dagoen zerbait: nekazariokin hitz egiteko denbora hartu, euren etxe eta familiak ezagutzekoa. Kubatarrak abegikorrak dira oso, baita hizlari apartak ere. Paisaien edertasuna eta guajiroen gizatasuna lagun, jardunaldi bikaina biziko duzue. Kobazuloen harana Viñales «Catedral del Corso Tropical» bezala ere bada ezaguna, mundu osoan famatua den bertako kobazulo sistema zabalagatik. Espeleologiaren maitaleek zur eta lur utziko dituen paradisua aurkituko dute. Indiarraren Kobazuloa da gehien bisitatzen denetako bat, handiagoak ere izan badauden arren. Erraz bisita daiteke, lehen zati batean oinez, betiere ez labaintzeko kontu handiz bertako hezetasunagatik, eta, gero, irteera bitarte, San Vicente ibaian barna ontziz.