Vancouver, modernotasun lasaia 28 MAI 2021 - 10:40h Testua eta argazkiak: Xabier Bañuelos Bizitza aurrera doa Vancouverren, sutondoan pasatako neguko egun batean edota eguzki gozoko udako egun argitsu batean bezala. Columbia Britainiarreko natura oparoak inguratuta, Pazifikoari so dago hiria, etxe-orratz modernoetatik eta hain urrun ez dagoen bere iragan aitzindariaren hondarretatik. Mahuitik etorrita, goizean goiz lur hartu dugu Vancouverreko Nazioarteko Aireportuan. Terminala zeharkatu eta kanpoaldera irten ostean, paramnesia eta buru-nahasmena sentitu ditut une batez, ez bainuen lortzen ohartzea ikusten ari nintzen irudiak nondik nora zebiltzan nire burmuinean, lobulu okzipitaletik parietalera eta handik hipokanpora. Zehazki, YVR-Airport-eko geltokira iristean eta Canada Linen skytraina hartzean gertatu zitzaidan. Tren modernoa da, tren arin goratua (lurraren maila baino gorago dabilena) eta gidaririk gabea, ezaugarri horiek dituen munduko lehenengoa eta luzeena, metropoli-esparruaren zati handi bat hartzen baitu. Aireportua Sea Island-en dagoenez, ondoko Richmonden, trenean egin genituen Down Town-era iristeko zeharkatu beharreko dozena bat kilometroak. Nik ikusia nuen tren hori aurretik nonbait. Vancouver lehen aldiz bisitatzen nuenez, beste leku batean izango zen, baina non? Burura zetorkidan toki bakarra Londres zen. Han behin baino gehiagotan hartu nuen Docklands Light Railway delakoa Greenwich-era edo Canary Wharf-era joateko. Baina nahiz eta hiriari kutsu anglosaxoia igartzen hasia nintzen, hiriaren beste bereizgarri batzuek nik aurretik ikusitako trena huraxe bera zela ohartzen lagundu zidaten. Ia azken geltokira, Waterfrontera, iristen ari nintzela konturatu nintzen. Bat-batean piztia handi, izugarri bat etorri zitzaidan burura; «Godzilla!», oihukatu nuen. Nire kidearen ezustekoa ikusita, zerk asaldatu ninduen argitzen saiatu nintzaion. Hilabete batzuk lehenago, Hawaiirako bidaia prestatzen nenbilela, Pazifikoko uharteetan kokaturiko film sorta ikusten aritu nintzen, eta horien artean, japoniar munstroaren azken bertsioa. Eta hara non, filmaren erdia Vancouverren filmatua dagoen; une hartan ez nion garrantzirik eman, ez bainuen hiri hori bisitatzea aurreikusita. Skytrainean gertatzen den eszena Honolulun gertatzen dela aditzera ematen da filmean, non ez dagoen horrelako zeruko trenik; horrenbestez, paradoxikoki, Kanadan nengoen Hawaiin egin berri nuen egonaldia gogora ekartzen. Izan ere, zinemaren «magiak» Vancouver batean Honolulu, bestean San Frantzisko bihurtzen du –hor kokatzen da filmaren beste zatia– baina Kalifornia zapaldu gabe. Goiz horretan baina, ez zegoen inolako munstrorik gure bagoiak jan eta pultsu elektromagnetikoak jaurtitzen; aitzitik, bost minutuz zapaldu eta bertan paseatuta erraza zen ohartzea hiri patsadatsua zela erabat eta ez zuela filmeko kaosarekin batere zerikusirik. Bere bidea jorratutakoa Ordenatua, modernoa eta lasaia, britainiar arrastoak, transatlantiar aitzindaritzaren kutsuarekin nahasita, eta AEBetako muga hurbilaren eragina, zeinak antzekotasunak desberdintasun bihurtzen dituen. Hori da Vancouverrek eman zidan lehen itxura. Lehena eta beti oroitzen dudana, gustuko baitut hiria bere bidea jorratu duen emigrante baten pareko ikustea, bere iragana atzean utzi duena, baina beti ere Deightoneko ‘Gassy Jack’ berritsuaren tabernara joan ohi ziren zurginen herentzia mantentzen duena. Gassy Jack izeneko ingelesa, hain zuzen, 1867an iritsi zen Fraser ibaiaren bokalera, bere emazte indiarrarekin, amarekin eta lehengusuarekin, eta Globe Salon taberna ireki zuen gerora Gastown izena hartuko zuen alderdian, hiriaren sorgunean. Oso gutxi geratzen da, ostera, europarrak iritsi aurreko ondareari dagokionez. Musqueam gizon-emakumeak –lurraldea okupatzen zuen Lehen Nazioetako herria– apenas mila bat dira egun eta Marine Driveko hegoaldeko hiri-erreserba txiki batean bizi dira. Vancouver, onerako ala txarrerako, duela mende eskas kanpotik heldu zen jendearen izpiritu ekintzailearen alaba da, Canadian Pacific Railwayaren alaba, XIX. mende amaieran bi ozeano kanadarrak lotu zituen tren transkontinentalaren alaba, hain zuzen modernitatearen eta anbizioaren metafora historikoa den trenaren alaba. Bitxia gertatzen da, ordea, ezaugarri horiek aipatuta, egunerokoan bertan igartzen den erritmo patxadatsua, presa eta estresik gabea. Badirudi klimaren aldaketek zehazten dutela bertako eguneroko jarduera, XXI. mendeko hiri bateko gorabeherek baino. Artifizial kutsu bat ere badu hiriak, 150 urte baino gutxiagoko hiri gehienei pasatzen zaien bezala, bereziki Ipar Amerikakoei, baina hori hala izanik ere, bertako kale eta parkeek, antzoki, jatetxe, saltoki eta pub-ek giro bereziki atsegina dute, aspaldiko ezagunek duten gertutasun kutsu hori baitute, baita yankien estiloko edo globalizazioaren ondorio diren merkataritza guneek ere. Oinez ibiltzeko hiria Granville St.-etik, cityko ardatz enblematikotik, jaitsiz, atzean utzi dugu Vogue Theatre xarmagarri bezain dekadentearen art deco giroa, Coal Harbour-en sofistikazio geldora jaisteko. Beheko mailetan, adreilu gorriak presente jarraitzen du, XX. mende hasierako Vancouver bat ere badela gogora ekarriz. Waterfront-eko geltoki neoklasikoak segida ematen die Christ Church Cathedral txikiari, granitozko St. Andrew’s Wesley United Churchi eta West End eta Robson auzoetako espazio bakartietan baztertuta dauden antzinako etxeei. Baina hiriak goranzko, bertikaleranzko, joera hartua du. Kristal eta metalezko arkitektura anabasa da, zeruari mehatxuka. Etxe-orratzak dira hirian jaun eta jabe, lurrean ez duten espazioa airean irabazi nahian bezala. Originaltasunean norgehiagokan eta grabitateari desafioka ari direla dirudi. Eta ugaldu eta ugaldu ari dira, esaterako, gutxi barru munduko egurrezko eraikuntza garaiena ere ikusi ahal izango da bertan, Acton Ostry Architectsek egina, baita Herzog & de Meuron-en arte galeria ere, edota Alberni by Kuma ikusgarriak, Kengo Kumarenak, eta Buro Ole Scheeren-en «etxebizitza bertikalean». Egungo garaien ikurra dira horiek, diseinuari dagokionez. Baina ez diote hiriari astuntasunik ematen; alderantzizkoa, Vancouverren arintasuna da nagusi, ibilgailuen trafikoa mugatuz, oinezkoentzako hiri bihurtzeko bidean baitago hiria. Bi hamarkadatako epean %20 gutxitu dira ibilgailuak hirian eta %26 hazi dira oinezkoen joan-etorriak. Hala, Walk Score adierazlearen arabera, oinez ibiltzeko hiri aproposenen artean Ipar Amerikako bosgarren hiria da. Hala, English Bay eta Indian Arm fiordoaren artean oinez gabiltza. Canada Place ainguratutako belaontzi baten gisan zutituta dago portuan; bai, bilkura zentroa da, ‘Godzilla’ filmean Honoluluko aireportua dela sinetsarazi nahi diguten bera. Bitxia da bertan ur-hegazkinentzako geraleku bat ikustea; uretako aerodromo txiki bat da, autoz azkar iristeko urrutiegi dauden tokietara heltzeko garraio-zerbitzua ematen duena. Hegazkinak joan eta etorri dabiltza, protokolorik gabe lur hartuz eta aireratuz, taxi xumeak balira bezala. Piloteen gaineko egurrezko etxetxoak eta lur zingiratsuen ondoan flotatzen dabiltzan etxe-itsasontziak hor daude, parke, lorategi, bidegorri eta etxe-orratzekin batera. Azken horiek altura desberdinetako argi-gortina osatzen dute, skyline ospetsuenari inbidiarik ez diona. Baina bada beste protagonista bat, natura. Hiria eta bertako 600.000 biztanleak (bi milioi, inguruak kontuan hartuta) alde batetik Pazifikoak eta bestetik Columbia Britainiarrak inguratuta daude, natur ingurune amaigabea. Izan ere, hirian etxe-orratzak gailentzen badira ere, mendiak segituan bistaratu eta txiki uzten dituzte horiek. Ez dago oso urrutira joan beharrik eremu berdean barneratzeko. Horregatik guztiagatik hautatu dute aurten Vancouver, akaso, munduan bizi kalitate onena duen bosgarren hiri.