Zaporeen ibilbidea 06 JUIN 2021 - 17:57h Eli Txapartegi Gastronomiarekin lotutako turismoa ez da, jada, ohitura elitista. Tokian tokiko produktuei lotuta, ekoizpen prozesua eta industrien jatorria ezagutzeko interesa piztu da gizartean azken urteotan. Hona hemen gure proposamenak, bakoitzak gustukoen duen ibilbide gastronomikoa osa dezan. Eztia, ardoa, gazta, gatza, sagardoa, pastela, txakolina, ogia, olioa, trufa, txokolatea... Euskal Herrian hamaika ibilbide gastronomiko osa daitezke zenbait museo eta txokok eskainitako osagaiak egoki uztartuz. Noski, bakoitzak berea presta dezake gustuen arabera. Seguruenik, denak izango dira gustagarriak. Eta denek utziko dute zapore ahaztezina. Bakioko Txakolingunea Txakolinaren Museoa Bakioko sarreran dago. Bertako mikroklimak, itsasoaren hurbiltasunak eta lurren kalitateak erraztu dute historikoki mahatsondoen laborantza. Museoan ardo honen sekretu guztiak ezagutuko dituzte bisitariek, formatu handiko ikus-entzunezko limurtzaileen bidez. Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroa Idiazabal gaztak ez du aurkezpen beharrik; zaporean du muina, eta autentikotasunean, berriz, arrakasta. Gure mugetatik kanpoko merkatuak bereganatu dituen zaporearen nondik norakoak ezagutzeko Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroa ezagutu beharra dago. Bisita gidatuak daude eta, jakina, Idiazabal gazta dastatzeko aukera eskaintzen du. Sagardoetxea, Astigarragan Baliabide eta teknologia aurreratuak ditu, sagarraren eta sagardoaren mundu zirraragarriaren historia, iragana, etorkizuna eta Euskal Herriko kulturan duen garrantzia azaltzeko. Sagastia da, aire librean dagoen gunea, bisitariak sagarraren kulturaz modu dinamiko eta pedagogikoan gozatzeko pentsatua. Hemen garatuko dira zenbait azalpen jarduera, erakusketa, txertaketa eta labore, bisitariak naturaren mundura gerturarazteko helburuarekin. Murgiako Ezti Museoa Murgiako Ezti Museoak erlezaintzaren munduan barneratzen gaitu bete-betean. Museoa Oregi Etxean, erdigunean dago, eta eraikinaren lehenengo solairuan bisitariak Gorbeialdeko eztia ekoizteko erabiltzen dituzten teknikak ezagut ditzake. Horrez gainera, erlauntzekin lan egitean eta eztia zein bere deribatuak produzitzean erabili ohi diren tresna eta lanabesak ere ikusgai daude. Ogiaren Txokoa, Legazpin Legazpiko Brinkola landa-auzoan dago Igaralde-goena baserria, Ogiaren Txoko bihurtu dena. Azalpenek baserrien testuinguruan kokatzen gaituzte, eta antzinako ohiturak ez ezik, ogia lortzeko prozesu osoa ezagutuko dugu, zentzumenak lanean jarriz: hazia landatu, jaso, erabiltzen diren erremintak, irina nola lortu, orea eta azkenik ogia. Biasteriko ardoak Ardoaz gozatzea, berau dastatzea eta edari unibertsal honen kultura zabaltzea helburu duen erakustokia da Villa Lucia. Hainbat bilera-gelaz gain, liburutegi bat, ardandegi bat eta museo bihurtutako upategi bat ere baditu. Ardoa egiteko fase guztiak ezagut daitezke bertan. Amurrioko Likorearen Museoa Amurrioko Likorearen Museoa mota honetako Euskal Herriko aurrenekoa da. 1831n sortua, 1880tik Amurrion kokatutako Manuel Acha destilategiaren ibilbidea erakusten du, Karpy likore eta Sierra de Orduña patxaran marka ospetsuen jabearena, hain zuzen. Euskal Herriko enpresarik zaharrena da eta, bost belaunaldiren ondoren, Europa osoko enpresa zaharrenetako bat. Aukera paregabea da likoreen fabrikazioak historian izandako ibilbidea egiteko. Likore ezagunenak dastatzeko aukera izango duzu. Uztarrotzeko Transhumantziaren Museoa Uztarrotzen, Erronkariko bihotzean, kokatutako museoak Nafarroako jatorrizko deitura duen gaztari buruz behar den guztia jakiteko aukera eskaintzen du. Gaztari eta transhumantziari lotutako tresnak eta gazta egiteko plantxak, artzainen jantziak eta kanpaiak daude ikusgai, besteak beste. Trufaren Museoa, Metautenen Fruitu baliotsu honi eskainitako museoa Metautenen dago, Lizarratik 11 kilometrora. Eraikin moderno batean kokatuta hainbat euskarriren bidez, museoak boilurraren mundura hurbiltzen du bisitaria. Edukien gaineko taulak, multimedia proiekzio interaktiboak eta ikus-entzunezkoak, azalpenak emateko bitrinak eta produktuak saltzeko gune bat dira trufari buruzko multzo monografikoa osatzen duten euskarriak. Oliba olioaren interpretazio zentroa, Arroitzen Inguru berean, Lizarratik 13 kilometrora, Logroño eta Iruñea arteko bidearen erdian Arroitz dago. Mila biztanle baino gutxiago dituen herri txiki horretan oliba olioaren interpretazio zentroa dago, Ekolo enpresaren instalazioetan. Museoak garai bateko olio-errota baten jatorrizko makineria berreskuratu eta erakusten du: pieza arkeologikoak, baskulak, gurdiak eta biltegiak, besteak beste. Horiexek gidatuko dute bisitaria olibak egiten zuen bidean zehar, olio bilakatu arte. Txokolatea, Tolosan eta Biarritzen Txokolatearen munduan sartzeko aukera ederra eskaintzen dute Biarritzeko eta Tolosako bi txokok. Lehenari dagokionez, harrera gisa txokolate aleak eta ibilbide bukaeran txokolate beroa dastatuz, txokolatearen laborantza, ekoizpen eta prozesu osoari buruzko bideo bat ikus daiteke. Ekoizpenak eskatzen duen tresneria berezia ere bertan dago: moldeak, plakak, poteak eta antzinako makineria. Gela bat txokolatea bertan lantzeko prestatuta dago. Tolosako Museoan, berriz, txokolatearen ekoizpenaren bilakaera historikoa ezagutuko du bisitariak; hau da, bost mende baino gehiago hartzen dituen istorioa. Gaika eta kronologikoki antolatutako bost erakusketa-espaziotan banatuta, urteetan zehar txokolatea ekoizteko erabilitako makina eta tresnen bilakaeran oinarritutako ibilbidea eskaintzen du Rafa Gorrotxategik bultzatutako egitasmoak. Euskal Bixkotxaren Erakustokia, Saran Saratik Berarantz, Lizuniagako mendatean barrena doan bidean, dago Euskal Bixkotxaren Erakustokia. Gozo enblematiko horri buruz dena jakiteko, aski da Haranea etxera hurbiltzea, etxe bukoliko horretan baitago museoa. Autoa goian uzten da eta oinez bide zoragarri batetik jaisten da ingurune berde bateraino. Bertako gozogintza ikasteko aukera dago, baita erosteko ere. D’Elikatuz, Ordizian Ordiziako herrian D´elikatuz izeneko elikaduraren eta gastronomiaren zentroa dago, 2005eko martxoaren 17az geroztik. Zehazki, dastamenari eta osasunari eskainitako txokoa da. Batetik, dastamenari dagokionez, euskal lurrak ematen dituen elikagaien zaporeak eta testurak ematen ditu ezagutzera. Eta, bestetik, osasunaren arloan, elikagaiez, dieta orekatsuez, elikadura-arazoez eta antzeko gaietaz... aritzen da. Leintz Gatzagako Gatz Museoa Mende luzez Gipuzkoako udalerrian gatza ekoizteko erabilitako instalazioak erakusten ditu Leintz Gatzagako Gatz Museoak, herriaren sorrerari eta historian izan duen garapen ekonomikoari estuki lotutako industriaren nondik norakoak, alegia. Gatz ekoizleen historia garai batean gatza lortzen zen lekuan bertan ezagut daiteke egun, antzinako instalazioak mantendu eta orduko elementurik garrantzitsuenak berregin baitituzte.