18 JUIN 2021 - 09:04h Dinder parkea, Sudaneko mirari hauskorra Afrikak Dinder edo Al-Dinder parke oparoa da, ederra, naturaren indarrez betea... baina, aldi berean, mehatxupean dago, goseteak bultzatutako gizakien beharren mende. Basozainak lanpetuta daude parkea bereganatu nahi dutenak kontrolatzen. Parkearen irudia. Marian Azkarate (argazkiak: Abdulmonam Eassa) Dinder ibaiaren ertzean –hortik datorkio izena– eta Etiopiako mugaraino hedatuta, Sudaneko iparraldean errotutako Al-Dinder parke parke nazionalak aparteko flora eta fauna gordetzen ditu bere baitan. Halere, basozainen eguneroko lana parkeko lurrez jabetu nahi dutenen kontrako borroka isil bihurtu da. Koka gaitezen Afrikako mapan: Afrikako hirugarren herrialdean gaude, Sudanen. Hego Sudan, Egipto, Afrika Erdiko Errepublika, Etiopia, Eritrea eta Txadekin muga egiten du. Sudan herrialde idorra da. Idorra eta oparoa, aldi berean, lau parke nazionalek herrialdeko baso, kostalde eta hezegune garrantzitsuenak babesten dituztelako. Parkeak hauexek dira: Radom izenekoa –Darfurren hegoaldean dago–, Suakin artxipelagokoa –Itsaso Gorrian kokatutako uharte sarean dagoen itsas erreserba babestua–, Sudd Wetlands hezegunea –Nilo ibaiaren arroan dagoen ur gezako hezegune handiena– eta, handiena, Dinder parke nazionala, Sudaneko iparraldean. 10.000 kilometro koadroko zabalerarekin, Khartum hiriburutik 400 kilometrora dago, Sahelgo zelaien eta Etiopiako Altash parke nazionaleko basoen artean. 4.000 landare espezie inguru biltzen ditu eta Afrikako espezie ikoniko garrantzitsuak bizi dira bertan. Hegazti migratzaileen ibilbidean Sabana eta eskualde basotsuak aintziraz zipriztinduak daude, eta inguru hau oso ibilbide garrantzitsua da hegazti migratzaileentzat. «Parkean Sudango faunarik aberatsena dago», dio Albadri Alhassanek, Dinder parkeko garapen zuzendariak. «Baina gizakiek gero eta [arau] urraketa gehiago egiten dituzte, eta horrek arriskuan jartzen du biodibertsitatea», haren esanetan. Parkea erreserba natural babestua izendatu zuten 1935ean, oso populazio txikia zuenean. Baina azken hamarkadetan, inguruko herrixketako eta eremuetako biztanleen kopuruak gora egin du, eta gero eta lur gehiago behar dute laborantzarako. Pixkanaka inguru hauetako larre tradizionalak zelai bihurtu dira, eta abeltzainak parkeko lurrei so daude. «Erreserbarako mehatxu handia da», dio Omar Mohamedek, Dinderreko biodibertsitateari buruzko ikerketa zentroko buruak. Lurra eskuratu nahi duten gizakion eraginez, esaterako, jirafak desagertzen hasi dira. Bertakoek diote ahal duten guztia egiten dutela parkeak eskatutako arauak betetzeko, baina laborantzarako lur falta arazo larria bihurtu da. Abubakr Ibrahim nekazaria da eta Mai Caraton bizi da. Herria Rahad ibaiaren mendebaldeko ertzean dago, parkea zeharkatzen duen ibaiaren ondoan, alegia. «Nekazaritza tradizionala mantentzen dugu eta ez dugu uzten gure animaliak herrixkatik kanpo bazka dezaten», dio. Halere, haren arabera, arau batzuk «oso gogorrak dira eta ez dira oso praktikoak». Mai Caratok, esaterako, 2.000 biztanle inguru dituen arren, 5 kilometro karratu besterik ez ditu. «Eta ez da nahikoa! Erreserba handia da, leku gehiago emango baliguke inori ez lioke kalterik egingo!», dio haserre. Omar Mohameden ustez, ordea, «edozein hedapenek min izugarria egingo lioke erreserbari, bertako faunari kalte egin eta baliabideak murriztuko lizkiokeelako». Haren hitzetan, hobe litzateke «herrixka horiek hobeto konektatutako eta hobeto hornitutako lekuetara eramatea». Biztanle batzuek, goseak bultzaturik, suak piztu dituzte erleak urrundu eta eztia biltzeko, parkean debekatuta dagoen arren. Basozainak erreserban patruilatzen ari dira etengabe, baina «sarritan ihes egiten dute gu iritsi baino lehen», batek aitortu digunez. Sei hilabete arteko kartzela zigorra ekar dezakete sute horiek. «Erreserbaren bioaniztasunari eustea lortu dugu», dio Omar Mohamedek, «nahi dugun guztia dagoen bezala mantentzea da». Hor dago talka.