23 JUIN 2021 - 10:02h Anboto, Euskal Herriko arroka Anboto da Durangaldeko mendi kutuna. Ezagunena, garaiena eta eskualdeko ikurra. Eskualdekoa, Bizkaikoa eta Euskal Herrikoa. Oso mendi ezaguna eta maitatua baita, bisitari asko jasotzen duena. Euskal Herriko erpin zorrotzenetakoa, Txindokirekin batera. Anboto, goialdeko irudia. Andoni Urbistondo Anboto. Berezi egiten du mendikate osoa kareharrizko hormatzarrek osatzen dutela. Hasi Mugarran eta Udalatx arte, Untzillatx, Astxiki eta Alluitz tontorrak zeharkatuz. Desnibel handiak, harriari arroka eta amildegi benetan sakonak. Europako mendien seme-alabak bailiran ikusten dituzte askok mendiok, garaieraz apalagoak izanda ere, haien oso antzekoak baitira. Txoko anitzetatik igo daiteke 1.331 metroko piramide eder honetara. Kontakizun honetan, Atxarteko haitzak izango dira abiapuntu eta helmuga. Atxarteko haitzak western filmetako eszena mitikoetara garraiatzen dute hara lehen aldiz bertaratzen den bisitaria. Bertako kareharria ustiatzeko harrobiek usteltzen utzitako eraikin zaharkituak ikus daitezke nonahi. Untzillatx eta Astxiki arteko pasabide honetan harrobi ustiaketa basati hura geratzeko hainbatek hartutako bizi arriskuarekin oroituko dira asko... Harrobi hura geratu zelako baita, ziurrenik, hain ezaguna egun Atxarteko eskalada eskola, Euskal Herriko aberatsenetakoa. Asteburuak eta eguraldi txukuna uztartzen badira, aparkalekuak lepo topatuko dituzu txoko hartan. Batzuk bizikletan, Txakurzulo eta Urkiola aldera. Besteak eskalatzera, Untzillatx edo Astxikiko haitzetara, eta besteak Anbotora joanetorrian. Lauzpabost orduko txango erosoa da Atxarten hasi eta bukatzen dena, erdibide Anboto gailurra duena. Desnibel handi samarra libratu behar da, mila metro inguru, eta distantzia ere 12 kilometro ingurukoa da. Bidea, baina, erosoa da, malda handirik gabekoa Anbotora eramaten duen azken igoera tente eta harritsua izan ezik. Astxiki eta Untzillatx haitzak banatzen dituen Atxarteko sakonetik hegora egin behar da. Kristoandako ermita uzten da atzean aurrena, eta berehala, Txakurzulora daraman bidea, eskuinera doana, ezkerrerantz doana hartzeko. Beti Astxiki aldera, ekialdera. Pista azkar bukatzen da, eta mendi bidea hasi, ataka bat zeharkatuz. Dotorea da benetan Amilla iturrira iritsi osteko bista, gure bizkarrean azalduko baitira, harro, Untzillatx eta Astxiki, eta Mugarra eta Leungane, Aramotz mendigunean dagoeneko. Eta iparrera, Alluitz tontorreko kareharri anabasa, mendizalea igarotzen den tokitik baino 500 bat metro gorago (1.034 metro). Alluitzetik Anbotoraino gailurrez gailur doan bidea Euskal Herriko erakargarrienetakoa da, alpinismoan murgildu nahi dutenentzat... eta bertigorik ez dutenentzat. Bidean “Infernuko zubia” delakoa pasa behar da, bai edo bai, “Paso del Diablo” delakoa gaztelaniaz. Berez arroka gainean egiten den metro batzuetako jaitsiera da, II. zailtasunekoa, baina oso aereoa da, amildegi handi samarra duena bailararantz. ‘Euskal Herriko Mahoma pasabidea’ deitzen dionik ere bada, Aneto Pirinioetako gailur garaienera iristeko bide normaletik pasa behar den gunea. Lasai, txango honetan ez baita ‘Infernuko zubitik’ pasatzen, Asuntzeko lepora daraman bide erosotik baizik. Ordubete eskasean Asuntzeko lepora iristen da Atxarteko bidea. Eta Asuntzen... prozesioa! Han batzen dira Atxarteko eta Urkiola mendatetik datorren bidea, eta Anbotora igotzen diren hamarretik bederatzi Urkiolatik abiatzen dira. Bide erosoena eta motzena baita, Urkiolamendi belartsuan barrena. Banaka batzuk ginen tokian mundua elkartu gara Pagozelai leporantz. Batzuk Asuntzetik gertu dagoen Pol-Pol iturrian geratu dira, hamaiketakoa egiten. Izen berezi hori urak erortzean egiten duen hotsagatik jarri omen zioten. Ekialdera agerikoa da, dagoeneko, Anboto aurreko erpinen silueta: Kurutzeta, Elgoin eta Saitzen Puntie. Tentuz egiteko moduko bidea Pagozelai lepotik 350 metroko desnibela geratzen zaigu Anboto tontorreraino. 40-45 minututan lasai egiteko modukoa. Pagadiaren babesean egiten du bideak aurrena, hosto alfonbra udazken eta neguan hankapean, baina harriari harria ondoren, nonahi. Anboto eta inguruko mendi ia denak harritsuak baitira oso. Pagaditik irten ostean agertuko da dotore Anbotoko azken igoera. Tentuz egiteko modukoa da azken tarte hori. Jende andana dabilelako gora eta behera, eta asko oinetako egokirik gabe. Anbotok, berez, ez dauka arriskurik. Tarteka eskuak erabili behar dira oreka lortzeko, eta hankak non jarri ondo aztertu behar da, batez ere arrokak eta belarra hezetuta badaude. Mantso joanez gero arriskurik ez daukan igoera da. Eta merezi du gailurra iristea, bistak oso-oso aberatsak direlako. 1.331 metroko behatokitik urrun ditu mendi garaiagoak: Gorbea, igitaiko elur geldoa eta guzti, hego-mendebalderantz, eta Aizkorriko tontor multzoa ekialderantz. Oztoporik gabe, Euskal Herriko paraje asko ikusten dira gailurretik. Hasi Udalatx, Aralar eta Txindokitik, Beriain, Izpizte eta Oriol gertu, Ioar Araba hegoan, Durangaldeko mendiak eta Kantabriako lehen bi mila metroko mendiak, Castro Valnera ezaguna lehen lerroan agertzen dela. Arratia bailara osoa eta Bilboko itsasadarra, eta iparrean Oiz eta haize errota ezagunak. 1.100 metro beherago, Axpe, Arrazola, Atxondo eta beste herrixka txiki zoragarriak. Herri horietatik abiatzen da, hain zuzen ere, ipar isuriko bidea, neguan sarri egiten dena, Anboto elurrez lepo dagoenean, kilometro bertikala. Ekialdetik, Zabalaundi lepotik hurbiltzen denik ere bada, Pagozelairaino igota, aurpegi malkartsuan gora. Baina mendizale soilak Urkiola eta Atxarteko bideak lehenetsiko ditu beti. Eta bi horien artean, noski, Urkiolatik abiatzen dena. Hango ostatuetan egin daitekeen hamaiketakoak ez baitauka parekorik beste bideekin. Eta euskal mendizaleak mendia du gustuko, izerdia botatzea, baina baita bueltan mahai bueltan gozatzeko grina ere. Anbototik Pagozelaiko lepora bueltan ipurdiko pare bat hartzea baino ez zaio geratuko, egun polita biribiltzeko.