GAIAK

C hepatitisaren aurkako txertoa prest egon liteke bost urte barru, adituen arabera

C hepatitisaren birusa aurkitu zuen zientzialarietako baten arabera, gaixotasun horren aurkako txertoa prest egon liteke 2026-27rako. Mundu osoan hepatitisaren birusaren 70 milioi eramaile daudela kalkulatzen da.

C hepatitisa duten herritarren elkarretaratzea, azken belaunaldiko sendagaiak jasotzeko eskubidearen alde. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Michael Houghton zientzialariaren arabera, bost urte barru C hepatitisaren aurkako txertoa prest egon liteke. Houghtonek Medikuntza eta Fisiologiako Nobel Saria eskuratu zuen 1989an beste hiru zientzialarirekin batera C hepatitisaren birusa (VHC) aurkitzeagatik eta Europako Mikrobiologia Kliniko eta Gaixotasun Infekziosoen Europako Kongresuan egin du iragarpena.

Urtero bi milioi pertsona kutsatzen dira VHC birusarekin mundu osoan eta 70 milioi pertsona inguru hepatitis eramaileak direla kalkulatzen da, gehienak diagnostikatu gabeak. C hepatitisaren birusak urtero 400.000 hildako eragiten ditu eta infektatutako pertsonetako askok zirrosia eta gibeleko minbizia garatzen dute.

Aditu honen arabera, C hepatitisa sendatzeko ekintza zuzeneko antibiralak (AAD) oso eraginkorrak izan diren arren, 2030erako infekzio berriak %90 gutxitu daitezen eta hilkortasun tasa %65 jaitsi dadin txertoa beharrezkoa da.

Azaldu duenez, Egipton C hepatitisa kontrolatzeko programa handiak egin dituzten arren –50 milioi baheketa eta lau milioi pertsona sendatuta AAD antibiralekin 2014tik–, botika generikoen ekoizpen masiboaren bidez bakarrik egin ahal izan dute (84 dolar pazienteko, 71 euro inguru). Hori horrela, errenta altua duten herrialdeetan kostua gaixo bakoitzeko 20.000 dolarrekoa da, 17.000 euro inguru.

Nabarmendu duenez, komunitate zientifikoak ikasi du zein diren VHCren infekzioaz babesten duten erantzun immunitarioak, eta teknologia asko, horien artean covid-aren aurkako txertoetan erabiltzen diren ARN eta adenobirusetan oinarritutakoak, gai dira erantzun immunitario horiek txertaketaren bidez erreproduzitzeko.

Houghton eta Albertako Unibertsitateko bere lankideak antigorputz desberdin asko sortuko dituen txertoa lortzeko lanean ari dira; antigorputzen bidez VHC bidezko infekzioa prebenitzea da helburua eta gainera birusak mutazioagatik ihes egitea zailduko luke.

Koronabirusaren pandemiak ikerketa atzeratu egin duela onartu du, baina 2022an lehen faseko entseguak egin ahal izango direla uste du, ondoren bigarren fase batean gizakiekin saiakuntzak egiteko 2023 eta 2026 artean, arriskuan dagoen populazioaren artean nahiz drogak injektatzen dituztenen artean.

«Segurtasuna eta eraginkortasuna frogatuko balitz, 2026-27an hasi ahal izango ginateke drogak injektatzen dituzten pertsonak txertatzen. 3. faseko entseguen ondoren, C hepatitisaren aurkako txertoa arrisku handiko beste talde batzuetara zabal liteke 2029an, esaterako gizonekin sexu harremanak dituzten gizonei, osasun alorreko langileei edo C hepatitisa duten amen seme-alabei».

Txerto eraginkor batek diru asko aurreztuko lukeela ere esan du Nobel saridunak, antibiralak oso garestiak baitira.