30 AOûT 2021 - 09:27h Barrancas del Cobre, munduko tren-bidaiarik txundigarrienetakoa Mendebaldeko Sierra Madre mendilerroaren erdi-erdian, Mexikoko Chihuahua estatuaren mendebaldean, arroila geologikoen amaraun paregabea da Barrancas del Cobre. Auzoko herrialdeko Coloradoko Arroila Handiarekin alderatuta, hedaduran eta sakoneran lau aldiz handiagoak dira hemengo trokak. Barrancas del Cobreko trenak egunero egiten du barnealdeko Chihuahuaren eta Pazifiko ondoko Los Mochis hiriaren arteko distantzia. Jordi Canal-Soler Barrancas del Cobreko sei bailarek osatutako labirinto korapilatsua 60.000 kilometro koadrotik gorako azaleran hedatzen da, eta bertako amildegietan, gorengo puntutik beherengora altueraren aldea 2.000 metrorainokoa da zenbaitetan. Leku eskuragaitza ematen du, baina egunero-egunero tren bat igarotzen da bertatik, mundu osoko trenbideetako ibilbiderik liluragarrienetako bat eginez. Barrancas del Cobreko trenak, Tren del Chepe ere esaten diotenak, egunero egiten du barnealdeko Chihuahuaren eta Pazifiko ondoko Los Mochis hiriaren arteko distantzia: goizeko seietan abiatzen dira mutur banatatik, eta erdibidean elkarrekin gurutzatu ondoren, gaueko bederatzietatik aurrera iristen dira beste muturreko jomugara. Goizeko seietan Los Mochis hirian (Kaliforniako golkoaren ondoan), begirale uniformedunek azken bidaiariei trenera igotzeko dei egin, ateak itxi eta txistu eginez abisua eman diote gidariari. Trena martxan jarri da, konboiaren lau bagoiak arrastatuz. Eguzkia gorantz doa trenak iparrerantz bere bidea eginaz batera, Mexiko osoko parajerik ederrenetako batean barrena Chihuahuara eramango duen 653 kilometroko ibilbidea urratzen hasi berritan. 08.16an, geldialdi bat egin du El Fuerte hirian, Sinaloa estatuan oraindik. Hiri txiki hori 1563an sortu zuen Frantzisko Ibarra durangarrak, eta 1610ean gotorlekua eraikitzen hasi ziren kolonoak eskualdeko indigena adoretsuen, yoremes izenekoen, erauntsietatik babesteko. Diotenez, El Fuerten jaio eta hazi zen On Diego de la Vega, geroago maskara eta kapa jantzi eta ‘El Zorro’ ezizen ospetsua hartu zuena. Trenak El Fuerten bildu ditu mendilerroan barneratu nahi duten azken bidaiariak. Hemendik aurrera, poliki-poliki, alderik korapilatsuena hasiko da. Trenbidearen zatirik handiena 1900 eta 1928 urte artean eraiki zuten, baina tarterik gogorrena, Chihuahuako Creel hiriko geltokiko eta Sinaloako San Pedrokoaren arteko 258 kilometroak, ez zuten 1961era arte inauguratu, trenbide bat halako paraje malkarrean eraikitzearen kostuak berarekin zekartzan zailtasun finantzarioen erruz. Mendian gora El Fuertetik aurrera maldak hasten dira, eta trazatuaren aurreneko zubi eta tunelak agertzen dira. Handik 60 kilometro eskasera trenak El Fuerteko zubia igaro du, ia-ia 500 metro luze den zubia, eta berehala, ibilbidean eraikitako 86 tuneletan lehena zeharkatzen ari da, aurrenekoa eta luzeena, hain zuzen, 1.828 metroko luzera baitu. Trenaren triki-traka oihartzun burrunbatsu bihurtzen da barruan. Berriro egun argitara ateratzean, paisaia erabat bestelakoa da, eta kostaldeko landaredia atzean geratuta, mendiko zuhaixkak hasi dira nagusitzen. Hortik aurrera, bihurgune aldapatsuak gainditu behar ditu trenak, eta ur korronte zundagaitzak zeharkatzen, mendiak zulatzen eta amildegi ertzetatik sigi-saga lerratzen, aurrera jarraitzen du. Paisaiaren handitasuna ikaragarria da, eta hura mirestera dei egiten du hala bagoi zabaletako barrualdeko eserleku erosoetatik nola bagoi bakoitzeko muturretako alboetan zabalduko ateetatik. 12.20an trena Bahuichivora iristen denean, Tarahumara mendiaren erdi-erdian, altuera 1.800 metrotik gorakoa da jada. Paisaia berriro itxuraldatu da eta mendiak orain pinu baso zabalez estalirik daude. Inguruotan ibiltzeko egun bat baino gehiago duten bidaiarientzat, leku honetan gomendatu ohi dute lehen geldialdia egitea, Cerocahui herrira joateko, autobusean 45 minutu eskasera, XVII. mendeko jesuiten antzinako misio bat baitago bertan. Cerocahuitik eta bailara ederrotatik Batopilas eta Urique arroiletara ibilaldiak ere antolatzen dituzte. Urique herria ibar sakon baten hondoan dago, hain zuzen, Barrancas osoko arroilarik sakonenean, 1.879 metroko sakonera duela. Cerocahuitik harainoko ibilbide bihurgunetsua abaila bizian amildegiaren ertzetik doan autobus trauskil horretan egitea bera bada abentura nahikoa, baina Urique hiri lasai eta berora iristean eta arroilaren sakoneko lorategi tropikala ikustean, ohartuko gara bidaia honetan ezagutzea merezi duten leku erakargarri horietako bat dela. Trenak aurrera egin du Tarahumara mendilerroan barrena, eta hiru herri txikitan etentxoak egin eta gero, geldialdirik harrigarriena iritsi da: Divisaderon, Barrancas del Cobreren gaineko ikuskizun paregabea eskaintzen duen begiratokiaren ondoan, derrigorrean egin beharreko hamabost minutuko atsedena. Bidaiariak tarte hori aprobetxatu dezake balkoira hurreratzeko eta paisaiaren argazkiak ateratzeko, janari lasterreko postu ugarietan gozagarriren bat hartzeko, edo balkoira daraman pasealekuan soineko koloretsuz jantzitako tarahumara emakumeek erakusten duten eskulanen artean kuxkuxean ibiltzeko. Txistuaren hotsak geltokiko haize garbi eta freskoa urratzen du, itzultzeko garaia den seinale, eta tirriki-tarraka trenak bere bideari ekin dio, milurteetan erosioak higatutako eremu erraldoi honen gaineko ikuspegi zoragarriak zabalduz bidaiarien begi miretsien aurrean. Divisaderotik kilometro gutxira trena altuera gorenera iritsi da (2.460 metro). Horretarako, El Lazo gainditu behar izan du, haitz barruko bihurgune zabal bat, metro gutxiren buruan altuera handia hartzea ahalbidetzen diona. Hortik aurrera, Creelerako jaitsiera hasten da. Hiri horretara 15.44an iritsi da. Lautadarantz jaitsiz 1907an Enrique Creelek, Chihuahua estatuko gobernatzaileak, sortua, Tarahumara mendilerroko aurreneko herria da, eta inguruok esploratzeari ekiteko abiapuntu hoberena. Hemendik oso erraza da Cusarareko 30 metrotik gorako ur-jauzi bikainak ikustera joatea, Bisabirachiko harrizko formazio falikoen artean ibiltzea edo Arareco aintzirako ur bareetan nabigatzea. Baina denetan interesgarriena taramahura herria ezagutzea da (raramuri, beraien hizkuntzan, «hanka arinak»). Mila urtetik gora darama herri indigena honek Barrancas del Cobreko zirrikituek eskaintzen dioten babesean bizitzen. Arroila arteko xendretan trebaturik, indiar hanka arinek, berebiziko teknika garatu dute distantzia itzelak, ehunka kilometro, korrikan egitea ahalbidetzen diena elikagai bakartzat dutelarik chia ura, tesgüino-a (artoz eginiko garagardo modukoa) eta pinole-a (arto birrindua). Lasterraldi luze horietan oinen babeserako sandalia xume batzuk baino ez dituzte jartzen, eta Tren del Cheperen logotipo bihurtu dira, hain zuzen, haien omenez. Creeletik trena ziztu bizian doa beherantz, eta Chihuahuako goi-lautadara gerturatu ahala Mendebaldeko Sierra Madretik aldenduz doa. Landaredian orain basamortu tankerako idortasuna nagusitzen da, baina berde zipriztinak ugaritzen hasten dira trena Cuauhtemoc hiri beharginera eta bertako sagasti sail zabalera inguratzen den neurrian. Hiri hori 1922an sortu zuen Kanadatik etorritako mennonita talde batek, zehazki, handik kanporatuak izan ziren 1.373 familiak. Bertan gelditu eta beren gurdiak, pertxeroiak, hustu zituzten eta nekazaritzako eta abeltzaintzako ezagutza guztiak indarrean jarri, ekinaren ekinez desertu itxurako hau Mexikoko sagar ekoizle nagusi bihurtzeraino. Europar itxura nabarmenarekin, hitz egiten duten alemanaren aldaerarekin eta beren janzkera bitxiarekin, hiriko gainerako biztanleen artean oso erraz bereizteko modukoak dira haien oinordekoak. Eguzkia sagastiz osatutako ostertzean murgiltzen hasten den bitartean, trenak temati jarraitzen dio bideari Chihuahua jomugan duela, eta gaueko bederatziak baino zertxobait lehenago iritsia da hara. Izen bereko estatuaren hiriburua, Chihuahua, ezaguna da bertako txakur txikiengatik. Baina horrez gain, Quinta Gameros ere nabarmentzekoa da, Europako art nouveau gogora ekartzen duen etxaldea, eta handik gertu dagoen Paquime eraikin prehispanikoa eta bertako esparru arkeologikoa, zeinak susmatzen uzten duen, horma eraitsietan, aurreneko espainiarren etorreraren aurreko zibilizazio oso oparo baten testigantza. Biharamunean, trena Los Mochisera itzuliko da. Bidaiariak erabaki beharko du zer nahiago duen: egun pare batez atseden hartu Chihuahua eguzkitsuan edo atzera Tren del Cheperen urratsei jarraituz Pazifikorantz abiatu, beste behin ere, Barrancas del Cobre zoragarriak zeharkatzeko.