27 SEPT. 2021 - 06:00h Gazteen zaurien barruan begiratzen Basurtoko erietxean osasun mental arazoekin ospitaleratutako gazteen kopuruak %50a egin du gora pandemian; abuztuan EAEko Gazteen Behatokiak argitara emandako datuak astindua eragin zuen. Baina txostena askoz zabalagoa da: nola aldarazi ditu gazteak izurriteak? Zein ondorioekin? Adituek dute hitza. Teknologiak, kontsumoak edo sexu harremanak, aztergai txosten honetan. (Getty) Ramón Sola EAEko Gazteen Behatokiak modu ezberdinetan neurtu du gazteei pandemiak utzitako ajea (bai eta zenbait onura ere). Iritzia eskatu die batetik. Hainbat arlotako espezialistengana jo du, bestetik, jada utzitako aztarna aztertu eta etorkizuneko «ondorio, arazo, erronka edo aukerak» hausnartzeko. Horietako batzuk (ez denak) laburbildu ditu GARAk, asko hitz egiten baita gazteei buruz urrutitik baina gutxi gertutik eta ia ezer ez barrura begiratuz: Natalia Alonso Alberca, Psikologia irakaslea EHUn:«Hibernazio afektiboa aukeratu dute batzuk» Emozioen kudeaketak garrantzia berezia hartu du urte eta erdi honetan guztiongan, eta askotan osasun mental arazo horien iturburuan da. Nola gertatu da prozesua gazteengan? «Emozioak sentitzen jarraitu dute, bai eta emozioen adierazpenak esperimentatzen eta adierazpen horiei aurre egiten ere. Baina, era berean, harreman sozialak eta afektiboak aldatu egin zaizkie, bai eta mugikortasuna, independentzia, lana, ikasketak eta oraina bizitzeko eta etorkizuna proiektatzeko askatasunaz baliatzeko aukera ere. Horrek haien emozioei eragin die, gogo-aldarteari eta, aldi berean, baita haien gaitasunak abian jartzeko aukerei ere. Horren aurrean, batzuek, modu inkontzientean, hibernazio afektiboa aukeratu dute, emozioen beroa garai hobeagoetan sentitzeko zain –eta, zain ere, modu inkontzientean egon dira–. Beste batzuek, oreka berrezartzeko eta absentziak presentzia berriekin ordezteko bideak bilatu dituzte».Nola egin dakiokeen aurre azaldu du Alonsok ikerketa honetan: «Emozioei hitzak jartzen lagundu behar diegu, hau da, emozioak partekatzen eta hainbat bideren bidez adierazten lagundu behar diegu. Egiten dituzten ahaleginak egokiak direla ebaluatzen lagundu behar diegu, bai eta egoerei aurre egiteko erabiltzen dituzten moduek hobeto sentitzen laguntzen ote dieten balioesten ere. Era berean, hainbat estrategia aberastu eta entrenatu ditzakegu, haien emozioen errepertorioa zabal dadin eta emozioak kudeatzeko orduan aukera gehiago izan dezaten. Are gehiago, adibide aktibo bat izan gaitezke: esperientzia emozionalari jartzen diogun arreta indartu dezakegu». Edozein krisialdik barruan duen aukera baliatu, alegia. Maite Alonso Arana, Eskola Kontseiluko lehendakaria:«Enpatikoagoak izaten ikasi dute» Alde ugari jorratu du Alonsok bere ekarpenean, baina biziki interesgarria da ikasleen ikuspuntua, jarduera hori oso baldintzatua egon delako: «Onartzen dute egokitzeko gai izan direla –nabarmendu du Alonsok–. Autonomoagoak eta arduratsuagoak izaten ikasi dute, lana irakasleen etengabeko laguntzarik gabe antolatu behar izan dutelako. Familien babesa sentitu dute, nahiz eta aipatu duten osasun-arloan lan egiten duten gurasoak dituztenek egunak igaro dituztela gurasook ikusi gabe. Beti izan dute lagunen babesa, eta, oro har, irakasleena, baina irakasleen artean aldeak daudela adierazi dute, batzuek teknologia berriak erabiltzeko gaitasunik ez dutelako». Honez gain, «krisi honetan, euren burua hobeto zaintzen eta higiene pertsonala baloratzen edo familiekin denbora gehiago igarotzen ikasi dute, nahiz eta zaurgarriago sentiarazi; bakartiago sentitu dira eta bizitzaren mugez eta mehatxuez pentsatu dute». «Uste dute ikasi dutela arazoak erlatibizatzen eta presioari aurre egiten, enpatikoagoak izaten, pentsamendu kritikoa sustatzen eta ingurumenarekiko kontzientziazio handiagoa izaten. Bestalde, kexu dira errua gazteei egotzi dietelako, eta uste dute beharrezkoa dela ikasle guztiei beharrezko baliabideak bermatzea inor atzean gera ez dadin. Bertan dauden ikasle guztiek nahiago dute aurrez aurreko hezkuntza. Azkenik, arazoei aurre egiteko erantzukizun kolektiborako deia egin dute: ‘Denok batera egiten badugu bakarrik geldituko dugu’». Estibaliz Ansotegi Guruziaga, Ortzadar: «Gehienek ez dute alkohola kontsumitu lehen hilabeteetan» Prebentzioan eragin nahi duen Ortzadar programaren koordinatzailea da Ansotegi eta arloz arlo jorratu du gai liskartsu hau. «Esku hartu dugun pertsonetako gutxiengo batek adierazi du dirua gastatu duela kirol-apustuetan edo ausazko jokoetan. Baina gehienek onartzen dute ordu asko eman dituztela bideojokoetan eta sare sozialetan jolasten. Teknologiak erabiltzearen harira, ikusi dugun ondorio handienetako bat zera izan da: pertsona askok ordu gutxiago lo egin dutela pantailen aurrean egoteagatik, eta loaren ohiturak ere aldatu egin dituztela. Oso berandu lo hartu eta ohi baino askoz beranduago esnatu dira. «Substantzien kontsumoari dagokionez ere alde handiak daude. Alkoholaren kasuan, adibidez, gehienek adierazi dute lehen hilabeteetan ez dutela kontsumitu, eta pertsona gutxi batzuek baino ez dutela esan alkohola edan dutela etxean zeudela. Tabakoarekin edo zigarro elektronikoekin, egoera bestelakoa izan da; izan ere, pertsona askok etxean kontsumitu dute hasierako konfinamenduan. Kasu askotan, familiek ezagutzen zituzten kontsumo horiek, eta aurretik gazte horietako askok etxeetan erretzen ez bazuten ere, baimena izan dute eta kontsumitzen jarraitu dute», erantsi du. Eta cannabisarekin? Bitxia da gertatu dena:«Kasu askotan, familiek bazekiten kontsumitzen zutela eta negoziatu behar izan dute etxean kontsumitu ahal izateko». Fernando Bayon Martin, dekanordea Deuston: «Sozializazioaren kalitatea murriztu da» Gazteentzako euskarri den aisiari erreparatu dio Bayonek, Aisiako Ikaskuntzen Institutuko zuzendaria baita, eta Deustuko Unibertsitatean dekanordea ere. Bere hitzetan, «sozializazioaren kantitatea ez da murriztu baina bai haren kalitatea: burbuila taldeetan batu dira unibertsitatearen, kontserbatorioaren edo eskolaren espazio partekatu/bereizian, baina aisialdiko espazio beti dibergentean burbuilak lehertu egin dira. Trafikoa moderatu behar izan dute beren parekoekin -kirola, kultura, boluntariotza, sorkuntza, zainketak, adiskidetasuna edo festa- lotzeko biribilgune horietan guztietan, eta ‘ermitau digitalen’ kate bitxi eta autogestionatuak sortu dituzte».Despolitizazioa denon ahotan dagoela, hausnarketa berria utzi du Bayonek: «Ez da hain ziurra aisia desinbestidura politikoaren prozesuarekin lotuta dagoenik. Gazteen jardunaren kasuan, behintzat, aisialdia ez da politikaren, seriotasunaren, arduraren, produkzioaren eta heldutasunaren ‘beste aldea’: aisialdiak –badago eta ez badago– ahalmen politikoa du, hau da, ahalmen eraldatzailea du, eta oraindik ez da modu sozialki sortzailean irakurri. Aisialdiaren bidez, subjektu politiko bat indar eta konplexutasun handiz ari da adierazten, eta arreta soziala eskatzen du, eta ez soilik kontsumo-espazio pribatuak eta mantsotasun funtzionaleko espazio publikoak (eta alderantziz)». Arantza Fernandez Rivas eta Miguel Gonzalez Torres, Psikiatria Zerbitzua Basurtoko ospitalean: «Batzuk ezin izan dute ondoez emozionala jasan» Ikerketa atal honetatik ateratako datuak izan ziren albiste nagusi, baina beren hausnarketaren edukinari erreparatzea ere komeni da. Haur eta Gazteen Psikiatria Ataleko burua da Fernandez Rivas, eta Psikiatria zerbitzuko burua Gonzalez Torresek, biak Basurtoko Ospitalean. «Nerabe batzuek kontrolera jo dute ondoez emozionalari aurre egiteko (hiper-auto-kontrola): gorputzaren eta elikaduraren kontrola -ohartarazi dute–. Elikaduraren murrizketak eta ariketa fisiko gogorrak anorexia nerbioso larriak eragin dituzte, eta bigarren mailako ondorio gisa desnutrizio larria, eta kasu batzuetan are pisu kritikora iristea ere. Beste pertsona batzuek, inpultsiboenek, ezin izan dute jasan ondoez emozionala, eta bere buruari min eginez edo indarkeriaz jokatuz baretu dute, eta kasu batzuetan (geroago eta sarriago) suizidiora jo dute». «Kolpatuenak neskak izan dira, faktore horiek gogorrago eragiten baitiete, bai alderdi biologikotik, bai psikologikotik», erantsi dute. Ondorio eta gomendio batzuk luzatu dituzte bere ekarpenean: «Egungo egoera oso arriskutsua da haurren eta gazteen adimen-osasunerako. Ahalik eta arreta psikologiko eta psikiatrikorik onena eta intentsiboena eman behar diegu, ahal bezain azkar eta ondo suspertzeko eta adingabeen adimen-osasunean ondoriorik/mugarik ez izateko. Egiteko honetan arrakasta izango badugu, lankidetzan jardun behar dugu gizartearekin eta hezkuntza-eragileekin». Larraitz Mendizabal Usabiaga, soziologoa: «Ez ditu gaixotu baina ondorio latzak ekarriko dizkie» Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko teknikaria da Mendizabal. Bere ondorioa, edo ohartarazpena: «Ez da egia, eta bidegabea ere bada, gu guztiok arriskuan jarri gaituzten jokaerak gazteriarekin identifikatzea eta gazteak pandemiaren ondorioen errudun nagusitzat aurkeztea. Identifikazio horrek, gainera, etorkizunera begira ez du ezer onik ekarriko». «Covid-19ak ez ditu gazteak larri gaixotu, baina pandemiaren ondorio latzak bizi eta biziko dituzte. Caixabank Research-ek egindako ikerketa baten arabera, pandemiak askoz gogorrago eragin die gazteen diru-sarrerei gainerako herritarrenei baino, lau aldiz gehiago murriztu zaizkie diru-sarrerak helduei baino. Datozen urteotan ikusiko dugu pandemiak utzitako krisi ekonomikoak zenbat eragingo dien lehendik ere prekarietatearen zama handia jasaten duten gazteei». «Horri gehitzen ari zaizkio, gainera, buru osasunaren arloko hainbat arazo, gazteen artean bereziki zabaltzen ari direnak, pandemiak ekarritako isolamenduak, harreman faltak, bizimodu autonomoa eraikitzeko zailtasunek bultzatuta. Horri gehitu nahi diogu hondamendiaren errudun izatearen sentimendua? –galdetu du Mendizabalek–. Gazteria arduragabearen irudi eta mezua desaktibatzeak on egingo liguke gizarte bezala, bai pandemia honek ekarri dizkigun ondorioak gainditzeko, baita etorkizunean izango ditugun larrialdi eta krisialdietan nola jokatu ikasteko ere». Charo Morán Cuadrado, Ekologistak Martxan: «Ikuspegi ekosozialaz, alde onak eta txarrak» Elkarte ekologistaren kontsumo arloan jarduten duen Moranek aztertu duenez, «ikuspegi ekosozial» baten ikuspuntutik «alde onak eta txarrak» ekarri ditu pandemiak. «Alde onak elikadura osasungarriagoaren, irakurketari denbora gehiago eskaintzearen, landa-turismoaren eta bizikletaren erabilera sustatzearen aldeko joera ikusten delako. Baina, baita alde txarrak ere; izan ere, ziurgabetasun-garai hauetan nabarmen garaile izan diren Amazon bezalako multinazional handiak sendotzeak kontsumo akritiko, indibidualizatu eta bidegabeaz elikatzen den eredu bati laguntzen diote, zeinak aberastasuna pertsona gutxirengan pilatzen baitu eta Lurra planetako baliabide eta hustubide amaikorrei bizkar emanda garatzen baita». Maialen Olabe Agirre, EGK-ko presidentea: «Emantzipazioari beste astinaldi bat eman dio» Etxebizitzaren gaiari nabarmen eragin dio pandemiak, aurretik jada zaila zenari oztopo erantsiak batuz. «Euskadin 23 eta 25 urte bitarteko gazte askok etxetik joan nahi dute; hala ere, datuen arabera, gogo hori ez da betetzen, emantzipatzeko batez besteko adina 30 urte ingurukoa izaten baita –ekarri du gogora Olabek, birusa heldu aurreko errealitateari begiratuta–. Hori guztia kontuan hartuta, 2020an bigarren krisialdi bat hasi zen, gizarte osoari, eta, bereziki, kolektibo kalteberenei, alegia, gazteei astinaldia eman diona. Covid-19aren krisia geldialdi bat izan da; etxe barruan sartu eta itxialdia egin behar izan genuen, eta urtebete pasatxo igaro den arren, oraindik ez dugu egiazko normaltasunik berreskuratu». «Krisi honek atzera urratsak ematera behartu gaitu alderdi askotan. Pandemiak ekarri zuen geldialdiaren ondorioz, enpresa askok aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak (ABEEE) ireki behar izan dituzte, kaleratzeak egin, eta kasu batzuetan, kontratazioak mugatu edo eten dituzte. Horren ondorioz, dagoeneko egindako aurrerapen askotan atzerantz egin behar izan dugu, esaterako, azkeneko bosturtekoan kontratazio-adierazleetan sortzen ari ziren hobekuntzetan. Beste behin ere, enplegu-faltaren gaineko kezka mahaigaineratu behar izan dugu, batez ere kalitatezko enpleguen gainekoa», nabarmendu du. Naiara Perez de Villarreal Amilburu, komunikazioa: «Esposizioarekin arazoak areagotu dira» Komunikazio eta marketing arduraduna Digitalden, aholkularia eta trebatzailea, komunikazio moduen aldaketa aztertu du txostenean. Zenbait detaile esanguratsu: «Argi dago gazteak ikus-entzunezko formatuak nagusi dituzten sare sozialak aukeratzen hasi zirela, Instagram edo Tik Tok kasu. Azken hau izan da bereziki adingabe eta nerabeen artean egundoko fenomeno soziala bihurtu zena, konfinamenduaren hilabeteetan eta geroztik ere sare honen erabiltzaile-kopurua izugarri handitu delarik. Arrazoia oso sinplea da: sare sozial honek entretenimendu erraz eta azkarra eskaintzen du, begi-kliskada batean kontsumitu eta atzamarraren mugimendu bakar batez banan-banan irents daitezkeen 15 segundo eskaseko bideoen bitartez, eta jarraian ikusiko dugun ikus-entzunezko pieza gure ordez aukeratzen duen algoritmo ikusgarri baten laguntzaz. Honi gehitu behar zaio erabiltzaileek sortutako #Etxeangeratu edo #Etxeangeratuko gisako erronkek eta hashtagek eragin zuten dei-efektuaren balio erantsia». Ondoriak utzi ditu jarduera intentsibo honek: «Gazteen esposizioa handitu ahala, izaera fisiko, psikologiko eta emozionaleko arazoak areagotu ziren. Lorik eza, elikaduraren arloko nahasmenduak, estresaren igoera, antsietatea, hiperaktibitatea eta, nola ez, mendekotasunak (bideo-jokoekiko, mugikorrarekiko, sare sozialekiko, apustuekiko, etab.) izan ziren asaldurarik garrantzitsuenak. Horrekin batera, delitu zibernetikoak ere areagotu dira: ziber-jazarpena, groominga edo sextinga, baita sareko iruzurrak ere». Ana Ramírez de Ocáriz Sorolla (Emaize): «Praktika erotiko partekatuek behera egingo dutela dirudi» Sexu praktiketan pandemiak ekarritako aldaketak ere handiak dira. Txarrak eta onak, sexologo honen aburuz: «Zuzeneko gorteatzearen zailtasunak (tabernako barraren bidezko begiradak, hurbiltzeko mugimendu erritmikoak...), non harremanetarako trebetasun sozialak hedatu behar diren, eragin positiboa izan du zeharkakoan. Sedukzio-jokoak, garai aurre-pandemikoetan Tinder edo Grindr bezalako ligatze-sare sozialen erabilerarekin laburtuz joan zenak, gorakada esponentziala izan du, bai kuantitatiboki bai kualitatiboki. Sareen euren datuen arabera, jendea irudimentsuagoa izan da tele-proposamen erotikoak egiterakoan, konfinamenduan behintzat, non kontaktu fisikorako aukerak hutsaren hurrengoak ziren. Gertaera horren alde iluna: eskatu ez duenari ‘zakil-argazkiak’ direlakoak bidaltzearen ugaritzea. Irudi intimoen bidalketa horrek –nahikoa zabalduta dago ligatzeko gay sare sozialetan–, onartzen ez direnean, argi eta garbi erakusten du trebetasun sozialen falta –indarkeriaz ez hitz egiteagatik– jasotzen duenarekiko». «Zer gertatuko da etorkizun hurbilean? Behera egingo dute praktika erotiko partekatuek? Horixe adierazten dute azkenaldiko azterketek», egiaztatu du Ramírez de Ocárizek.