GAIAK

Chicama: Munduko ezker olatu luzeenak basamortuaren ondoan

Euskal Herrian badira olatu luzeak eskaintzen dituzten urautsiak, Mundaka edo Parlementia kasu, baina gurean ezagutzen dugun olatu luzeena ere motz geratzen da Peruko Chicamaren ondoan. Hona hemen naturak sortutako leku miragarri honen inguruko zenbait datu.

Surflari bat Chicamako olatuekin gozatzen. (SURFERTODAY.COM)

Orain arte olatu bakarraren gainean ariketa gehien egin dituen surflaria Cristobal de Col perutarra da. 2012ko irailean Chicaman egin zen txapelketa batean 34 ariketa egin zituen olatu bakar baten gainean; bi minutu eta 20 segundo egin zituen olatu gainean, ia gelditu gabe ariketak eginez, eta horrela, oraindik inork gainditu ez duen Guinness errekorra egin zuen.

Olatu luze bat egiteak sekulako esfortzua eskatzen du. Euskal Herrian oso leku gutxitan egin daitezke olatu luzeak. Mundaka (Bizkaia) edo Parlementian (Lapurdi) olatu luze bat egin duen edozein surflarik badaki une batetik aurrera izterretako tentsioari eustea zein gogorra den. Hala ere, gurean egin ditzakegun olatu luzeenak ere motz geratzen dira Chicamako ezker olatu amaigabearekin alderatuta.

Naturaren miraria da Chicama. Peruko basamortu lehorrek inguratuta, bi kilometroko luzera duten ezker olatuak eskain ditzake, baldintza egokiak diren egunetan. Horrela, sasoi onean den surflari batek ia hiru minutu egin ditzake olatu bat lerratzen eta, olatu zaila ez denez, maila ertaineko edozein surflarik erraz mendera dezakeen olatua da.

Chicamako historia

Peruko iparraldean kokatuta eta Ozeano Barearen hegoaldeari begira, Chicamako olatu eta korronteak aspalditik ezagutzen zituzten bertako arrantzale eta herritarrek, baina surfaren historia estatubatuarrek idazten dutenez, Chicamaren kasuan ere bertakoa ez zen surflari baten izena aipatzen da lehen surflari gisa, nahiz eta surf egiten lehena ez izan.  

Antza, Chuck Shipman surflari hawaiiarra izan zen 1966an fenomeno natural miresgarria etxera bidean hegazkinez zihoala airetik begiztatu zuena. Honolulura iritsi zenean Limara deitu omen zuen informazio eske eta, horrela, oraindik bertan itsasoratu gabea zen arren Chicama surfarekin lotzen duen lehen datu historiko gisa surflari hawaiiarraren izena aipatzen du Matt Warshaw idazleak, “The Encyclopedia of Surfing” liburu ospetsuan.

Aldiz, Chicamako olatuetan surf egiten lehenak ez ziren hawaiiarrak edo estatubatuarrak izan, Peruko surflariak baizik. 1967. urtean Carlos Barreda, Oscar Malpartida eta Ivo Hunza Peruko ipar-mendebaldeko kostaldea ezagutzera abiatu ziren eta Chicaman surf egin zuten lehen surflariak bilakatu ziren.

Ezker olatu amaigabea Lima hiriburutik 600 kilometro ipar-mendebaldera dago eta egun munduko bazter guztietako milaka surflari erakartzen ditu. Basamortuan kokatuta egon arren, ostatu eta gune historiko ugari daude inguruan, eta Andeetako mendikatea ere ez dago urrun.

Chicama izenez ezagutzen den olatua Puerto Malabrigo arrantzale herrian kokatuta dago, baina izen ofiziala Puerto Chicama du. Puemape, Punta Prieta, Pacasmayo, Huanchaco eta halako urautsiak dira Chicamatik gertuen dauden surf egiteko lekuak; izan ere, urautsi ugariko kostalde batean aurkitzen da Chicamako ezker olatua.

Munduko ezker olatu luzeenera iristeko modu egokiena hegazkinez egitea da, Lima eta Chicamatik gertu dagoen Trujillo hiriarekin lotzen dituzten hegaldiak ohikoak baitira.

Baldintza egokienak

Peru ekuatoretik hurbil dago eta, beraz, Hawaii bezalako lekuen antzera, udan urtaro hezea du eta neguan urtaro lehor baina lainotsua. Urtaro hezea abendutik martxora bitartean izaten da, eta ostera, urtaro lehorra, maiatzetik irailera arte. Sasoi hori da Chicaman surf egiteko garairik hoberena, apiriletik  urrira bitartekoa.

Urautsia estrategikoki kokaturiko lurmutur batek babesten du. Hego eta hego-mendebaldeko itsaskiek lurmuturra zeharkatu ostean, uhin lerroak astiro-astiro okertu eta ezker olatu amaigabeak altxatzen dituzte, eta kostalderantz lerratzen dira surflarien gozamenerako.

Chicamako uhinak ongien orrazten dituzten haizeak hego eta hego-ekialdekoak dira, eta  haizerik gabeko egunetan ur-azalak distira berezia izaten du. Horrela, egun gogoangarrietan ortzi-mugatik kostalderantz gerturatzen diren dozenaka uhin lerro begizta daitezke hondartzatik. Bertako surflarien arabera, egun batzuetan ilaran 40 ezker olatu begizta daitezke.

Hego Amerikako mendebaldeko kostaldea zeharkatzen duen Humboldt korrontearen eraginez, uraren tenperatura hotza da. Egun lainotsuak eta airearen tenperatura baxuak ohikoak dira; beraz, maiatza eta urria arteko hilabeteetan komenigarria da 3/2 mm edo 4/3 mm-ko neopreno bat izatea.

Olatuan erraz lerratzeko taula egokiena bolumen handiko taula bat izan daiteke. Edozein taulak balio du, baina longboard edo taula handiekin surf egitea errazagoa da, ez baita ohikoa olatu handiak izatea. «Benetan uste dut Chicama ‘Surfaren Disneylandia’ dela» esan zuen Roberto Meza surflari perutarrak Chicama deskribatzean.

Bost sekzio

Chicamako ezker olatuak lurmuturretik gertu du abiapuntua, eta amaiera, ostera, hondartza ondoan dagoen kaiaren ondoan dago; “Muelle de Malabrigo” ondoan, alegia. Bi puntu horien arteko ibilbidea, ordea, oso luzea da. Eta bidean olatuak sekzio eta forma desberdinak hartzen ditu.

Arau orokor gisa, zenbat eta itsaski handiagoa izan olatuak ere orduan eta hobeak izango dira eta ibilbidea ere garbiagoa izango da, olatu txikiekin ezinezkoa baita ibilbide osoa egitea etenaldirik gabe, eta, gainera, olatuak txikiak direnean soilik lehen eremuan lortzen dira.

Guztira bost atal nagusi ditu ezker olatuak eta guztiak lotzea ezinezkoa da, baina posible da luzera osoa egitea hiruzpalau ibilalditan. Alegia, surflariak ahalik eta ibilbide luzeena egiten du olatu batean, eta amaitzen duen leku berean hartzen du beste olatu bat, ibilbideari jarraituz; horrela, atalka lurmuturretik kairaino iritsiko da.

Chicamako ezker olatuak honako atalak ditu: La Isla, El Cape, El Point, El Hombre eta El Pueblo. Guztiek forma eta izaera desberdinak eskaintzen dituzte eta batzuetan bost hondartza desberdin balira bezala funtzionatzen dute.

Olatua zenbat eta urrunago hartu, orduan eta azkarragoa eta borobilagoa izango da berau baina, hala ere, ez da tuboak egiteko leku hoberena. Tuboak egiteko aukerak urriak dira, baina batzuetan izaten dira. Olatuek tamaina eta norabide zehatz bat behar dute forma borobila izateko eta tuboak eratzeko baina, esan bezala, Chicamako olatua ez da tuboak egiteko urautsi egokiena.

Hondoan hondarra da nagusi; beraz, hondoak aldakorrak dira eta olatuaren forma ez da beti berbera izango ibilbideko sekzio desberdinetan. Itsasbeheran han-hemenka eremu harritsu batzuk badira eta arroketan kontuz ibili behar da zeren itsas trikuak ere badaude.

Chicaman itsasoratzen den edonork hartuko ditu olatu oso luzeak eta horrek fisikoki sasoian egotea eskatzen du. Behin puntatik hondartzaraino iritsi ostean, berriz ere lurmuturrera ailegatzeko modurik egokiena kanpora atera eta oinez abiatzea da, arraunean joateko distantzia handiegia baita eta, gainera, korronteak indartsuak izaten baitira.

Chicamako hoteletan eta surf -campetan ostatu hartzen duten surflariek tokiko enpresek eskaintzen dituzten «bidaiak» ere alokatzen dituzte. Alegia, olatua amaitu ostean urautsira itzultzeko motordun ontzi puzgarriak erabiltzen dituzte.

Marea puntu egokiena itsasbehera da, batez ere marea igotzen hasten denean. Marea erdian dagoenean ere olatu ederrak izaten dira. Olatuen tamaina hoberena, berriz, bi metrokoa da (4-6 oin). Tamaina horrekin uhin lerroek ibilbide osoa egiten baitute.