GAIAK

NASAk asteroide bat desbideratuko du, haren aurka talka eginez, defentsa sistema bat probatzeko

Urtebete eskas barru, NASAren espazio-ontzi batek asteroide baten gainazalaren kontra talka egingo du nahita. Zein helbururekin? Haren ibilbidea aldatzea. Etorkizunean egon daitezkeen inpaktu edo mehatxuen aurrean Lurra babestuta egon dadin nahi du «defentsa planetario» gisa definitu duten misioak.

Didymos sistema bitarra aldatzen saiatuko den DART espazio-ontziaren ilustrazioa. (NASA/AFP)

NASAren DART espazio-ontzia, planeten defentsarako teknikak probatuko dituen munduko lehen misioa, prest dago jada Kaliforniako Vandenbger basean (AEB) eta hil honen amaieran jaurtitzea espero dute.

Hollywoddeko ‘Armageddon’ superprodukzioan (1998), Bruce Willisek eta Ben Affleckek Lurra salbatu behar zuten asteroide batek txikitu aurretik. Orain, eta gure planetak hain berehalako arriskurik ez duen arren, 24.000 kilometro orduko abiaduran bidaiatzen duen espazio-ontzi bat asteroide baten aurka joko du, «defentsa planetario» sistema bat probatzeko.

DART Asteroide Bikoitzen Berregokitze Probaren helburua da zehaztea ea asteroide baten ibilbidea desbideratzeko modu eraginkorra den, baldin eta etorkizunean batek Lurrari mehatxu egiten badio.

330 milioi dolar

NASAk ostegunean eman zien kazetariei 330 milioi dolarreko kostua duen DART misioari buruzko xehetasunak. «Gaur egun Lurrarekin talka egiteko bidean dagoen asteroiderik ezagutzen ez dugun arren, badakigu Lurretik gertu asteroide ugari daudela», esan zuen Lindley Johnson NASAko Defentsa Planetarioko arduradunak.

Azaldu zuenez, asteroideak inpakturako mehatxu hori gertatu aurretik detektatzea da defentsa planetarioaren funtsezko helburua: «Asteroide bat Lurrerantza doala jakin aurretik probatu nahi dugu sistema honen eraginkortasuna, ez ondoren», gaineratu du Johnsonek. 

Didymos ilargi asteroidearen inguruan orbitatzen duen Dimorphosen aurka talka egingo du DARTek. (NASA)

Inpaktu zinetikoa deritzon metodoa da NASAk entseatuko duena: 2022ko urrian, Dimorphos ilargi asteroide txikiaren aurka talka egingo du DARTek, handiagoa den Didymosen inguruan orbitatzen duena. Hala, asteroide bitarren orbita-aldia aldatzea bilatzen dute.

Dimorphosen aurka talka eginez, ikertzaileek deflexio-teknika frogatu ahal izango dute, hainbat teknologia berrirekin batera, eta datu garrantzitsuak bildu ahal izango dituzte, asteroideen deflexioa modelatzeko eta iragarpenak egiteko dauden gaitasunak hobetzeko.

DART espazio-ontzia hilaren 23an jaurti nahi dute, SpaceXen Falcon 9 kohete batean, Vandenbergeko basetik.