29 DéC. 2021 - 11:30h Jon Maiaren kontzertua otsailaren 3ra pasa da Edukiera murrizketen eraginez bertan behera gelditu den beste kontzertu bat asteazken honetan, abenduak 29, Victoria Eugenian Jon Maiaren ‘Kantu bat gara’ lanaren aurkezpena izan da. Otsailaren 3ra pasa da. La Polla Records-ek Belodromoan eman behar zuena, ordea, bertan behera gelditu da. Jon Maia ‘Kantu bat gara’ disko-liburuarekin. (Jon Urbe | FOKU) Amaia Ereñaga Lakuako Gobernuak indarrean jarritako neurri murriztaileak jakin bezain laister, iritsi zen lehen albistea: La Polla Record-ek Donostiako Belodromoan asteazken honetan finkatuta kontzertua behar behera gelditu da. Edukiera murrizketak jakitean hartu zen asteartean erabakia; ordu batzuen buruan, erori den beste hitzordu baten berri izan dugu: Jon Maiaren ‘Kantu bat gara’ disko-liburuaren aurkezpen kontzertua, asteazken arratsalderako Victoria Eugenian finkatuta zegoena –sarrerak agortuta zeuden– ez da egingo, bertan behera gelditu da. Dena den, Jon Maiaren kontzertuari data berria ezarri zaio: otsailaren 3a; hau da, dekretuak finkatzen duen murrizketa epetik kanpo. Donostia Kulturak argitu duenez, bertarako ez dute balioko abenduaren 29ko sarrerek. Eta otsailaren 3rako sarrerak laster izango dira salgai. Urtarrilaren 29rako sarrerak Internet bidez erosi dituztenei bide beretik itzuliko zaie dirua, aipatu dutenez. Eta leihatiletan erosi dituztenek dirua itzultzeko eskaera leihatilan bertan egin beharko dute.Hitzordu berezia zen Donostiakoa. 30 urte baitira Jon Maia bertsolariak bere lehenengo kantak idatzi zituela, Negu Gorriak taldearen ‘Gure jarrera’ diskorako. Ordutik Euskal Herriko hainbat eta hainbat talde eta abeslarirentzat idatzi ditu kantuen hitzak: Negu gorriak bera, Gari, Mikel Urdangarin, Anari, Benito Lertxundi, Soziedad Alkoholika, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Gozategi, Ken zazpi eta abar luze bat. Horietako kantu asko eta asko jendearen gogoan geratu dira dagoeneko eta letragile ibilbide oparoa ospatzeko, Jonek bere hainbat kantu ezagunen bertsioak jasoko dituen ‘Kantu bat gara’ (Elkar) izeneko liburu-diskoa kaleratu zuen azaroan. Donostiako zen zuzeneko emanaldien lehena, goi mailako musikariez inguratua. Victoria Eugeniako emanaldian lagunez inguratua aurkeztu nahi zituelako Jonek bere kantu ezagunenak. Bilboko Arriagan urtarrilaren 6an du data; orain, neurri berriak ikusirik, zer egin aztertzen ari dira antzokian. Seguruenik mota honetako albiste dexente izango ditugu egun hauetan. Bilboko Euskalduna jauregian, esaterako, Jose Luis Peralesek asteazken honetan eman beharreko kontzertua ere bertan behera gelditu da. ‘Baladas para una despedida’ biraren barnean kokatzen da kontzertua eta ez du data berririk momentuz.