GAIAK

Airearen DNA, animalien biodibertsitatea neurtzeko modu berri bat?

Airetik jasotako DNA laginak animalia-espezie ugari detektatzeko erabil daitezke eta metodo ez inbaditzaile honek biodibertsitatea monitorizatzeko eta neurtzeko modua alda dezake.

Tigreak eta beste espezie asko identifikatu dituzte airean dagoen DNAren bitartez. (Jung Yeon-je | AFP)

'Current Biology' aldizkarian argitaratutako Dinamarka eta Erresuma Batuko bi ikerketa berrik frogatu dute airetik bildutako DNA animalia-espezie ugari detektatzeko erabil daitekeela, eta horrek ikuspegi berritzaile eta ez-inbaditzailea ematen du biodibertsitatea kontrolatzeko.

Bi herrialdeetako taldeek frogatu nahi izan zuten ea ingurumeneko DNA (eDNA) nahikoa den lurreko animalia-espezieak detektatzeko, eta horretarako Europako bi zoologikotako aire-laginak bildu zituzten: Hamerton Zoo Park, Erresuma Batuan, eta Copenhagen Zoo, Danimarkan.

Erresuma Batuko ikerketa Yorkeko Unibertsitateko (Kanada) Elizabeth Clarek zuzendu zuen –garai hartan Londresko Queen Mary Unibertsitateko ikertzailea–, eta ikerketa daniarra Kopenhageko Unibertsitateko Globe Institutuko Kristine Bohmannek.

Bi metodo, ondorio berdina

Talde bakoitzak metodo ezberdin bat erabili zuen aireko eDNA iragazteko, baina biek lortu zuten animalia-espezie ugari detektatzea zoologikoen barruan eta kanpoan.

Bohmann-en ekipoak airearen hiru lagin-gailu desberdin erabiliz bildu zituen laginak: ur-oinarriko xurgagailu komertziala eta iragazki erantsiak dituzten bi haizagailu.

Clareren taldeak iragazki sentikorrak erabili zituen, huts-ponpei lotuak, zoologikoko hainbat tokitako 70 aire-lagin baino gehiago biltzeko.

Bi azterketen emaitzak espero baino hobeak izan ziren. Bildutako laginak aztertzean, Erresuma Batuko taldeak 25 animalia-espezieren DNA identifikatu zuen: tigreak, lemureak eta dingoak. Dinamarkakoak, berriz, 49 ugaztun, hegazti, anfibio, narrasti eta arrain espezie aurkitu zituen.

«Probatzen ari ginen lekutik ehunka metrora zeuden animalien eDNA ere bildu ahal izan genituen, baita eraikin barruetakoak ere. Animaliak barruan zeuden, baina DNAk ihes egiten zuen», esplikatu du Elizabeth Clarek.

Espezieak detektatzeko baliagarri

Detektatutako espezie-sorta zabal horrek erakusten du aireko eDNA naturan lurreko animalia-espezieak detektatzeko eta monitorizatzeko erabil daitekeela. Metodo hori oso erabilgarria litzateke kontserbazio-ahalegin globalean.