GAIAK

Komunitatearen zentzurik zabalena hartu du Broken Brothers Brass Brandek ‘Katebegia’ diskoan

Erronka musikal garrantzitsua izan dute aurretik Broken Brothers Brass Band taldeko kideek ‘Katebegia’ diskoa egiterakoan. Itxialdi betean zirela aprobetxatu eta bakoitzak bere ertzetik sortu ditu gainerakoentzako doinuak, musika beltza oinarrian dutela. Ion Celestinok aurkeztu digu egin duten lana.

Ion Celestino tronpeta-jotzailea izan dugu Broken Brothers Brass Band taldearen diskoa aurkezten. (Rubén GÓMEZ DELGADO | LOBOgrafía)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Diskoa hasten den moduan zaila da asmatzen zein talderena den asmatzea, ahotsez eta ‘a capella’ abesten dutelako ‘Agur jaunik’ Broken Sisters bezala bataiatu dituztenek. Baina, harmoniari erreparatuz gero, brass band batentzako idatzitakoa abestu dutela esan dezakegu. Izan ere, hasieratik utzi dute argi non duen jatorria haien musikak Broken Brothers Brass Band taldeak ‘Katebegia’ diskoarekin. «Jolas bat ere badu, aurreko diskoa harmonizazio horrekin bukatu genuen, tronboientzat idatzita eta haiek jota, eta pentsatu genuen hurrengoari letra emanaz horrela irekiko genuela, etortzen baldin bazen. Orain, diskoa etorri denean, Gabriel Arestiren hitzak konponketa horri batu eta sortu da kantua. Ez zen sobera lana», esan digu Ion Celestino taldeko tronpeta-jotzaileak.

Broken Sisters osatzen dutenak sei dira: Lorena Aisa, Nerea Erbiti, Amaia Espinosa, Claudia Rodriguez, Idoia Tapia, Maite Txurruka. «A zer ahotsak edo a zer lagunak esango genuke. Iruñerriako hainbat proiektutan dabiltzan abeslari eta lagunak dira eta batzuekin behintzat aspalditik gabiltza elkarlanean; Nerearekin batez ere, nik neuk beste hainbat gauza ere egin izan ditudalako», azaldu digu Celestinok. Konposatzeko modua berezia izan da, kantu bakoitza instrumentu jotzaile desberdinek sortu dituztelako. Lau bloketan daude banatuta, tronpetak, tronboiak, sousaphoneak eta perkusioa, eta haizezko instrumentalistek sortu dituzte ‘Katebegia’ diskoko abestiak.

Baina sortzeko modua ez da beti bakoitzak jotzen duen instrumentutik abiatzen beti: «Ez nuke esango instrumentutik beretik ateratzen denik, baina bai atalka edo taldea nola osatzen den dagoela koxka. Diskoa itxialdi betean ginenean hasi ginen sortzen eta oraingoan nola banatuak ginen, disko honek nola izan behar zuen estrukturalki planteatu nien eta taldekide bakoitzari proposatu nion egitura horren barruan zegoen kantu bat egitea. Hortaz, prest zegoen edo gogoz zegoen jendeak hartu zuen erronka eta bakoitzak horrela sortu zuen bere abestia».

La Nabe estudioan grabatu dute eta oraingo honetan instrumentuak atalka grabatzearen aldeko hautua egin dute: «Aurreko disko batzuk ia-ia guztia zuzenean grabatuta egin genituen, baina arlo teknikoan gurekin ibiltzen den jendearekin New Orleansen disko hauek nola egiten diren bilatzen ibili garelarik, azkenean, soinua zehatzagoa izateko eta bat-batekotasun hori ez galtzeko modua atalka grabatzea zen egokiena. Sousaphoneak, bonboa eta perkusio txikia alde batetik, tronboiak bestetik, tronpetak beren aldetik eta kutxak eta taula bukatzeko».

Konposatzearen gaiari berriz helduta, jakin nahi izan dugu Celestinorentzat kantu instrumentalak edota abestutakoak diren konplikatuagoak sortzeko: «Instrumentala egiteko tresnak askoz garatuago ditut eta, bestetik, ahotsarekin egindako gauzak duela gutxi hasi naiz idazten, asko kostatzen zitzaidan, ez dut perfekzionista naizenik esango, baina hitzak dituzten kantuekin oso oso xehe egon behar dut konbentzituta. Hartara, errazago esango nuke instrumentalak egiten zaizkidala, baina boza duten kantuekin pozik naizenean ikusten dut beste irisgarritasun bat duela jendearentzat eta gustatzen zait haiek lantzea».

Katebegiz katebegi

Diskoaren izenaren jatorriari buruz ere egin diogu galdera Celestinori eta «hau ongi prestatua dut» esanaz hasi da erantzuten: «Katebegiaren ideia horrek baditu hainbat hari. Egin genuen momentuan elkarrengandik banatuak ginen baina taldekideetako bakoitza bada katebegi bat. Bakardade momentu horretan taldeari lotuko gintuen hari bat zen katebegiarena. Bestetik pertsonalki asko obsesionatzen nauten bi bide daude. Bata tradizioarena da. Musika beltzean bada 9th Wonder deitzen den hip-hop ekoizle bat eta berak eta beste artistek egindako beat-ak aztertzen zituen, eta hor erakusten zuen beren ekoizteko modua katebegi bat dela. Sortzen duten guztia ‘link in the chain’ dagoela esaten dute musika beltz tradizionalarekiko, hau da, katebegia direla haiei begira jarriz gero. Nik ere horrela sentitzen dut tradizioarekiko lotura, ez dugu hautsi behar baizik eta gure katebegia eman behar diogu. Horrez gainera, komunitatearekiko ere katebegi izatearena dago, musika beltzean oso presente dagoena. Eta, gero, erdi-txantxetan edo esaten dugu baina badakizu Nafarroan katebegia hitzak badu beste zera bat eta polisemia maite dugunez, ba hori ere hor dago».

Nafarroan musika kolektibo gisa ari dira ulertzen batzuk hein batean edota hori da kanpora helarazten ari direna, ‘Ekialde’ bezala definitzen dena: «Mito bat garatzeko izen bat eman behar diogu eta hori uste dut polita dela», dio Celestinok. Iosu Ihabarrek egin du diskoko aitzin-solasa eta antropologia aholkulari ere ibilida Broken Brothersekoekin. Arga eta Missipi konparatu ditu, Iruñeak eta New Orleansek ibaiarekin duten lotura agertuz. «Testua irakurtzean oso pozik geratu nintzen. Iosu Ihabarrek dirudiena baino garrantzia gehiago du Brokenek egin izan dituen gauzetan eta Iruñerrian gertatu izan diren hainbat gauzetan, katebegi garrantzitsua izan da Iosu bera. Musikari bezala akaso ez dago lehendabiziko lerroan, baina bai beti itzaletan. Ibaiaren irudi hori aspalditik izan dugu oso presente, ‘Ganbo ibai-ertzean’ kantua egin genuen aspaldi eta bestetik ere euskararen tradizioan ibaiaren emari hori bizi-bizirik daukagun zerbait da. Orduan, horri hartu eta lotzea oso polita da. Azkenean gizakion bizitza beti dago ibaiarekin eta haren emariarekin lotua eta bistan dagoen metafora bat da», kontatu digu Celestinok.

Parisko komunari omenaldia

‘1871’ izan zen singlea eta testuinguru konkretu batean kokatu zuten sorreratik abestia: «Maite ditut irakurketa maila desberdinak dituzten gauzak eta uste dut kantuek bere horretan funtzionatu dezaketela, bere horretan ederrak izan daitezkeela, baina atzetik badute hausnarketa luze samarra. Kontuan hartu behar da disko hau duela urte eta erdi luze grabatu zela eta iaz Parisko komunaren 150. urteurrena zenaren aitzakian, Katakrakek Louise Michellen poemak itzuli eta haiekin osatutako liburu bat kaleratu zuten. Guk liburu horretako esaldi batzuekin hitzak osatu eta abestia idatzi genuen eta iraultza sozialaz hitz egiten du eta etorkizun hobeago baten inguruan». Autotunearen erabilera ere egin dute abesti honetarako: «Eskura diren tresnak erabili behar direla uste dut. Gure musikak askotan aitzinako gauzei begiratzen dien, baina ez modu nostalgiko batean, baizik eta ikasteko zer dugun begiratuz. Kantuak ematen zuen kasu honetan hau erabiltzeko aukera, bazuen bere grazia eta baliatu genuen».

Tradizioa eta abangoardia uztartzen dituzte askotan Broken Brothers taldekoek eta Celestinok aitortu du «euskal tradizioko musika nahi modu obsesiboan» aztertzen duela. «’1871’ abestiari beste dena kenduz gero, letra bakarrik utzita, izan liteke aise duela urte asko egindako bertso-sorta bat, forma eta errima hori errespetatzen saiatu garelako oso bestelako toki batetara eraman badugu ere. Gainera kantu honetan badaukat beste txiste bat, berez Sustraian Recordsek ateratako kantu bat delako, Oihana Fernandez ‘Afu’-k kantatzen zuena, eta horko melodia zatiak hartu ditugu. Hortaz, ezin da jakin euskal kantu bat den edota duela hamar urte grabatutako rocksteady kantu bat ote den«, esan digu tronpeta-jotzaile iruindarrak.

Kantu instrumentalenen artean ‘Miguelon’ abestia aurkitzen da, Moisés No Duerme rap abeslariaren hitzak daramatzana. «Zati instrumentalaren sorrera guk askotan egiten dugun zerbait du abiapuntu, New Orleansen ere gertatzen dena. Norbaitek ideia sinple bat ekartzen du eta kalean jotzen dugu ‘jam session’ moduan, hala, duela hiruzpalau urte Mariok Lesakako San Ferminetara ideia hau ekarri zuen eta hortik hasi ginen inprobisatuz kantua sortu arte. Gauza da hitz batzuk sartu nahi genituela, eta polita da Moisesek inoiz atera ez duen abesti baten hitzak direla, dembow bat, Tego Calderónen estilora sortutakoa, eta guk mugikorretan entzuna genuen baina eta leloa harrapatu dugu. Kaleko bizitzaren isla bat da, diskoa egin zen garaiarekin lotura duena. Grazia egiten dit kantua nola geratu den, akaso esplizituena poliziari buruz hitz egiten duena delako, baina besta kantu bat delako eta hari buruz ari delako».

Iruñeko euskaldunen komunitatea

Bada kantu bat digitalean soilik entzun daitekeena, binilotik at geratu delako ’24/7’ azken Euskaraldiko abestia: «Atzera begira jarrita, kantuaren enkargua itxialdia baino dezentez lehenago etorri zen. Ekialdearen mitoa gerora gehiago landu dugu, baina momentu horretan bazen zerbait polita, talde nafar batek egin zezala kantua, Skabidean taldekoek abestua eta hitzak egun Iruñean bizi den Sustrai Colinarenak dira. Pixka bat bazen Iruñeko politik bultzatzeko zerbait eta guretzat oso enkargu polita izan zen».

Broken Brothers euskaraz bizi ote den galdetuta, ordea, erantzuna ezezkoa izan da: «Talde bezala ez, %50 inguru esango nuke garela euskaldunak eta gure artean gazteleraz egiten dugu, nahiz eta euskaldunon artean euskaraz hitz egin. Eta pertsonalki batzuk gehiago eta besteak gutxiago, baina pentsa, euskaldunetako bi Bartzelonan bizi dira eta besteok Nafarroan, Iruñean. Etxean edo inguru hurbilenean bai, baina hortik kanpora zaila da». Laba sarearen lokalak ateak ireki berri dituen honetan, halakoen garrantzia ere nabarmendu du Celestinok: «Azkenean Iruñerriako euskaldunen komunitatea, halakorik baldin bada, nahikoa gauza txikia da, orduan, nahi eta nahiez harremana badugu hor dabilen jendearekin eta gu ahal duguna emateko prest gara. Harreman pertsonala estua da. Bada Iruñean halako arnasgune bat, iristen zaren tokitik iristen zarela egoteko moduko tokia da».

Komunitate euskaldunak dituen espazioak dira, beraz, Laba edota Katakrak eta Celestinoren ustez «gako interesgarri batekin asmatu du Labak. Euskara tresna izan dadin eta ez helburu ari dira lanean eta hori bada guri askotan kosta izan zaigun zerbait. Toki ez euskaldun batean euskarak beti helmuga bat dirudi eta nire ustez ez du horrela behar. Egin nahi dugun hori egiteko tresna bat izan behar du eta Laba horretan dago buru-belarri».

Segidan datorren ‘Kaletarrak’ abestia ere testuinguru antzekoan kokatu digu Celestinok: «Tradizioari eta komunitateari egindako keinu bat da. Iruinkokoan, Iruñeko inauteri euskaldunean, abesti hau nabarmentzekoa da. Iruinkokoa bera ekialdearen mugimenduaren gako garrantzitsuenetariko bat da, aurten laugarrena izango da eta Behe Nafarroako libertimenduen maneratik hasita sortu izan den inauteri adierazpen herrikoi bat da. Euskararen komunitatea mamitu du sinestezina dirudien moduetara. Horko dantza guztiak jauzien sistemak eta ‘paloteada’-ren sistemak lotuz sortu diren kantak dira eta ‘Kaletarrak’ hau dantzetako bat da, egunean bertan fanfarre tradizional batekin jotzen dena, baina abestiak nik sortuak direnez badu zapore berezi hori». Ihitz Iriart da dantzarako pausuak markatzen dituena, Amaren alabak taldeko kideetako bat, nola ez, egun Iruñean bizi dena.

’Mailu bat’ kantua ere Iruñeko Euskaraldirako sortutako abestia izan zen, «gailu elektronikoen sortutako R&B abesti bat, Maite Txurrukak abestu zuena. Orain egin duguna da kantu hori berriz hartu eta beste modu honetara eraman. Musika urbanoarekin lotuta Brass Band batek egin dezakeena da beste giro batzuetan entzuten den musika kalera eramatea. Musika urbanoan sortzen eta pentsatzen dena elektrizitaterik gabe kalera eramateko aukera dugu guk eta zubi hori sortzen du. Hortaz, abesti honekin hori egiten da, gailu elektronikoekin sortutako zerbait instrumentu organikoekin kalera eramateko aukera dago orain. Mailua euskara da abestian, euskara eta berarekin datorren kultura, baina finean mailuaren irudi hori ezaguna bazaigu Arestirengatik da eta diskoa nola Arestirekin hasten den harekin bukatzen da», azaldu digu tronpeta-jotzaile iruindarrak.

Bi herrialde lotzen dituen katebegia

Herrialde Katalanetako Borrianan ere beste katebegi batekin egin dute topo Iruñeko Brass Bandeko kideek. «Borrianako jendearekin aspalditik harremana, Iruñean bezain martetarra delako Borrianan gertatzen dena New Orleanseko musikarekin. Oso jende engaiatua da, ‘Aurora Support’-en istorioan oso sartuta daude, Mediterraneoko migratzaileen salbamenduko kontuetan alegia, eta oso musika beltzaren zaleak dira. Hor dabilen askoren artean Veri Veritas deituraren azpian dabiltzan bi ahizpa daude, muralak margotzen dituztenak, eta, gure eta haien arteko lotura indartzeko, gure diskoaren portada margotuta dago Borrianako kale batean, Germanies karrikaren 6. zenbakian», aipatu du Celestinok.

Horrez gainera ‘Cremasoles second line’ deituriko kantua ere katalanez idatzi eta Tatiana Javaloyesek abestua dago. «Oso chauvinista geratuko zait, baina Katakraken lan egiten duen sukaldarietako bat, Luis Soldevila, Alacantekoa da eta New Orleanseko musikaren maitale sutsua da eta Iruñeko kolektiboan arima izan zen, berak jarri zuen kasik lehen hazia. Urtero han egiten den jaialdian, Cremasoles (zola erretzaileak) deitzen den ‘second line’-ean, izaten da Luis gurekin eta hitzak egiteko horregatik eskatu genion. Eta Tati Borrianako abeslari bat da, festibalarekin eta hango jendearekin lotura estua duena, jarraitzeko moduko emakume bat, sekulako ahotsa du».

Txaranga, Brass Band eta halakoak udan ugaritzen dira, udaberriarekin batera hasten dira loratzen eta hori baieztatu du Celestinok: «Guretzat uda Borrianan hasten dela esan dezakegu. Maiatza bukaeran izaten da jaialdia eta hemen oraindik fresko izaten da askotan, baina hara iristean uda betea izaten da beroa sekulakoa delako». ‘A casa no’ kantua segidan dator eta nolabait ere iradoki dezake udako gau luze bat, baina Celestinok esan digu emanaldiaren erdian jotzen dutela normalean: «Broken Brothers izan aurretik Amama Luisa Brass Bandean jotzen genuen abesti hau Durangoko lagunekin. Durangokoek asko erabiltzen zuten txiste bat da eta beti egon da txantxa hori eta horietatik tiraka Chico Rotok egin zuen letra hau». Izan ere kaleko musikarien «maldizioa eta bedeinkazioa» ordu asko jo eta lo gutxi egitea izaten da.

Musika urbanoa eta brass bandak

Brass Bandetako instrumentazioari buruz ere galdetu nahi izan diogu, izan ere haizezko instrumentuen atalean, metalezkoak izaten dira protagonista, baina ez daude guztiak Broken Brothers taldearen kasuan: «Aldakorrak izan dira erabili diren instrumentuak gisa honetako formazioetan. Brass Band hitza erabiltzen dugu nahiko hertsiki New Orleansen erabiltzen duten moduan oinarrituta, baina txaranga esaten dugunean esaten dugunaren nahiko antzekoa da: kalean joko duten kobrezko instrumentuak. Baina txaranga batean egurrezkoak ere sartu ahal izan dira. Brass Banden historian denetarik egon da eta guk geuk ere hasieratan saxoak izan ditugu eta, gaur egun ere, taldeen formazioak nahikoa labainkorrak izaten direnez, jendea falta denean saxofoiak etortzen dira. Baina ‘frikikeria’ bat esanaz, azken urteetako Brass Banden uholdean, saxoen erabilera albo batera utzi zen soinua pixka bat oldarkorragoa izan zedin, kalean gogorragoa izan dadin eta pixka bat modu naturalean bide horretara jo dugu».

Azalpen historiko interesgarri bat ere eman digu aipatutako gaiaren harira Celestinok, izan ere Brass Bandetako musikak eta momentuan komunitate beltzak sortzen duen musika zuzenean lotuta daude New Orleansen: «70. hamarkadatik hona Brass Bandaren korronte berri bakoitza aldatu da musika beltzaren norabidearen arabera. Hamarkada hartan funk musikaren goraldiaren bidera joan zen, 80etako hamarkadan hip-hop mugimenduarekin eta hortik aurrera ere sortu diren korronteetara bideratu da. Arraroa dirudi, batez ere musika hain sintetikoa edo modu elektronikoan sortutako musikak eragin handia egiten diolako bakarrik musika organikoa den zerbaiti. Adibidez, egun bonboaren soinua rap musikarekin lotura duen soinura gerturatzen da edota sousaphonea jotzeko modua nota luzeagotara ari da joaten, 808 baxuarekin lotura garbia dutela. Hortaz sousaphoneak MPCko baxuaren soinua egiten du, tronboiak harmonietan zentratzen dira eta tronpetek melodiak jotzen dituzte».

Tapia eta Chill Mafia lotuz

Gisa horretan ulertzen da musika urbanoko hainbat gauzarekin eta pertsonekin lotura zuzena izatea Broken Brothersek. Chill Mafiakoak izan dituzte kolaboratzaile, aurretik ere Joseba Tapiarekin ikusi ditugunak, nolabait ere Ion Celestino izan delako denak elkarrekin lotu dituena. Kolaborazioa, ordea, Broken Brothers taldearen ‘Katebegia’ diskoan etorri da, tradizioko hainbat kantu gaur eguneko bidera ekarri dituztelarik: «Kontatu beharreko gauza oso kurioso bat badago, abestia aspaldi grabatua dela, 2020ko udan, hau da, Chill Mafiak oraindik bere lana kaleratu gabe zuenean. Hemen aspalditik gertatzen ari ziren gauza batzuk erakusteko balio du, kantu hau grabatzera estudiora joan ginenean mixtape pare bat bazituzten Chill Mafiakoek eta Beñatekin aspalditik harremana banuenez haiekin zerbait grabatu nahi izan genuen eta Tapiarekin ere bai. Oso modu naturalean izan zen guztia. Egun hartan Ben Yarti galdetu zion ea Chill Mafia zer ziren eta hark azaldu zion nola batzuetan elkartu eta kantuak sortzen zituzten parrandan zeuden bitartean, besterik gabe, orduan oraindik ere proiektua hastapenean zegoelako. Mitoa lantzeko txorakeria horretan gabiltzanean, bada naturalki sortzen diren gauza batzuei izena jartzea. Hau gertatu zen gertatu behar zelako eta zerbeza batzuekin letrak idatzi eta grabatu ziren. Kantu honen leloan, gainera, berriz ere Aresti agertzen da, ‘San Simon eta San Juda’ abestiaren hitzak ere bereak direlako. Tapiarena beste egun batean grabatu zuen eta esan zuen nahi genuena egiteko horrekin eta akaso berak ere ez zuen gogoratzen hori egin genuenik. Hau da diskotik gehien entzuten ari den kantua, baina guk ez dugu hari horretatik bereziki tira, bide naturala egiten utzi diogu».

Hala diskoaren bigarren zatiak nolabaiteko narratiba bat badu: «Goizean hasten da ‘Kaletarrak’ kantuarekin Iruinkokoaren bueltan, segidan ‘Cremasoles second line’-n jendea bestan sartzen da, segidan ‘A casa no’ kantuarekin gaueko besta dator eta ‘Joan zen gaua’ abestiarekin goizekoa». Orain Broken Brothersen eskutik halako egun bat bizitzeko aukera sortuko denaren zain geratu beharko, «martxoa bukaera aldera edo apirila aldera» hasiko dira segida samarrean jotzen, baina aurretik aretoetan ere egin nahi dituzte emanaldi batzuk: «Kalean jotzeko aukera beti da polita baina aretoetan erakustea diskoa ere polita dela uste dut eta sortuko dira aukerak».