GAIAK

Martxan da ‘Emakumeak Zientzian 2022’ ekimena

‘Emakumeak Zientzian 2022’ ekimenak erakusketak, tailerrak, hitzaldiak, emanaldiak eta mahai inguruak antolatu ditu, otsailaren 11tik 18ra bitartean, emakumeek zientziaren eta teknologiaren eremuan sarbide eta garapen profesional berdinzalea lortzeak duen garrantzia ikustarazteko.

Ezkerretik eskumara: Monica Moreno, Aitziber Cortajarena, Marisol Garmendia, Javier Larrañaga eta Sandra Camarero ‘Emakumeak Zientzian 2022’ ekimenaren aurkezpenean. (Elhuyar)

Emakume eta Neska Zientzialarien nazioarteko egunean, ostiral honetan, ‘Emakumeak Zientzian 2022’ ekimenak bere aurtengo edizioko programa aurkeztu du Donostian. Ekimena otsailaren 11tik 18ra bitartean egingo da eta, guztira, 17 euskal erakunde atxiki dira aurtengo ediziora. Aurkeztutako programak erakusketak, tailerrak, hitzaldiak, emanaldiak, mahai inguruak eta sentsibilizazio kanpaina bat jasotzen ditu bere baitan. Ekimenaren helburua «emakumeek zientziaren eta teknologiaren eremuan sarbide eta garapen profesional berdinzalea lortzeak duen garrantzia» ikustaraztea dela azaldu dute antolatzaileek.

Aurkezpen ekitaldian Aitziber L. Cortajarenak, CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoak, hartu du hitza eta EAEko emakume ikerlarien egoera deskribatu du: «Azken hamarkadan, emakumezko doktore berrien kopurua gizonezko doktore berriena baino zertxobait handiagoa da euskal unibertsitateetan. Nolanahi ere, zenbat eta gehiago igo aintzatespen akademiko eta profesionalaren eskalan, orduan eta emakume gutxiago dago».

Ildo beretik, Ainhoa Letek, BuntPlanet-en fundatzaileetako bat eta zuzendari nagusia denak, aitortu du bere karrera profesionalaren hastapenetan ez zuela inolako zailtasunik edo diskriminaziorik sentitu emakumezkoa izateagatik. Hala ere, «urteen poderioz eta, batez ere, erronka handiagoei aurre egin diedanean, konturatu naiz oso maskulinizatuta dagoen sektore bateko enpresaburu naizela. Nik neuk erantzukizunez onartzen dudan erronka bat da, gertatzea gustatuko litzaidakeen aldaketaren parte izateari dagokionez: alegia emakume fundatzaileak munduko enpresa teknologiko nagusien zerrenden buruan ikusteari dagokionez», adierazi du Letek.

Ondoren, POLYMATeko eta UPV/EHUko Ikerbasque ikertzailea den Sandra Camarerok hartu du hitza eta bat egin du Letek arestian esandakoarekin, ikerketa-arloan hasi zenean «ikertzaile junior mailara iristeko» zailtasunik aurkitu ez zuela aitortu baitu. «Gero konturatu naiz askoz errazagoa dela karrera profesional osoa bizitza pertsonal osoarekin bateratzea gizona bazara», salatu du ikertzaileak.

Hortaz gain, Camarerok nabarmendu du oraindik lan handia dagoela egiteke ikerketa-proiektuetarako funtsak lortzeko lehiaketa-deialdien aferan: «Deialdi horietako askok, ia atzo arte, ez zituzten kontuan hartzen egon zitezkeen amatasun edo aitatasun bajak, eta aldaketa hori gertatzen ari den arren, arazoari modu integralagoan heldu beharko litzaioke, emakumezko zein gizonezko ikertzaileen benetako lanbide-testuingurua kontuan hartuta».

Testigantzen zabalkundea

‘Emakumeak Zientzian 2022’ ekimenaren baitan, sentsibilizazio kanpaina bat martxan jarriko dutela iragarri dute antolatzaileek ‘Zientzia bada nesken kontua’ lelopean. Hori horrela, emakume zientzialarien bizipen eta esperientziak bildu eta sareratuko dituzte datozen egunetan.

‘Emakumeak Zientzian’ ekimenaren koordinatzaileek esplikatu dutenez, sentsibilizazio kanpaina honen bidez, zientziako profesionalen lanari «balioa eman» eta hurrengo belaunaldientzat «erreferente izan daitezen» nahi dute. Era horretan, «karrera zientifiko-teknikoetara jotzen duten emakumeak gero eta gehiago izan daitezen».