03 MAR. 2022 - 19:25h Bakterio espezie berri bat aurkitu dute Añanako Gatz Haranean EHUko MikroIker zientzialari taldeak bakterio espezie berri bat identifikatu du Añanako Gatz Haranean, Araban. ‘Salinas58’ izendatu dute mikroorganismoa. Añanako gatzaga. (Jaizki FONTANEDA | ARGAZKI PRESS) NAIZ EHUko MikroIker ikerlari taldeak ostegun honetan jakinarazi du bakterio espezie berri bat aurkitu duela Añanako Gatz Aranean, Araban. Santa Engraziako iturburuko uretan, konkretuki. Ikertzaileek ‘Salinas58’ (‘Altererythrobacter muriae’) jarri diote izena identifikatutako mikroorganismoari. Ikerlariek azaldu dutenez, aurkikuntzak gatzagan biodibertsitatea dagoela eta honek «balio ekologikoa» duela frogatzen du. «Añanako Gatz Haranean azken urteetan gauzatutako mikrobio populazioei buruzko azterketei esker, inguru horretako espezieen bilakaera eta horien arteko harremana ezagutzen ari gara. Baliteke hautemandako espezieetako batzuk aurretik inoiz deskribatuta ez egotea eta ekosistema horietan soilik aurkitzea. Horrek adierazten du leku horretako biodibertsitatea berezia dela eta balio ekologikoa, uste zena baino handiagoa», azaldu du UPV/EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia saileko doktorea den Ilargi Martinez-Ballesterosek. Goian, ezkerretik eskuinera, Lorena Laorden Muñoz, Maia Azpiazu Muniozguren eta Ilargi Martínez Ballesteros. Behean, Irati Martinez Malax-Etxebarria. (Nuria González/ UPV/EHU) Añanako Gatz Harana gatz burbuila handi baten gainean kokatuta dago, duela 200 milioi urte itsaso bat lehortu zen lekuan, hain zuzen ere. Euri ur gezak halita edo sodio kloruro (NaCl) geruza sakonenak zeharkatzen ditu, hura disolbatuz eta iturburu hipergazi moduan azaleratuz da, eta mikroorganismo halofiloen –inguru hipergazietan bizi direnen– eta halotoleranteen dibertsitate handiko habitata sortzen du. Inguru hipergaziak metabolikoki muturreko giro kontsideratzen dira, eta NaCI kantitate aldagarrietan (%2-30) bizitzeko gai diren mikroorganismoek populatzen dituzte, hau da, halofiloek. Organismo hauek, haloegokitzapen prozesuetan, mikrobioek bizirauteko baliagarriak diren konposatuak sortzen dituzte, zeinak, ikerlarien esanetan, «oso interesgarriak» diren biomedikuntzaren, bioerremedioen edota elikagaien industriaren arloetan. Hori horrela, mikroorganismo hauen garrantzia azpimarratu du Martinez-Ballesterosek: «Funtsezkoak dira biosferarako elementu nagusien ziklo biogeokimikoak erregulatzen dituztelako, materia organikoa deskonposatzeko prozesuetan parte hartzen dutelako, elikagaien zikloa sustatzen dutelako eta konposatu kutsagarriak narritatzen dituztelako, ekosistemetarako beharrezko prozesuak guztiak».