GAIAK
Entrevue
Ruper Ordorika
Musikaria

«Orduko giroa, mundua, gogora ekarri ditut ‘Hautsi da anphora’ diskoa berbisitatuz»

Pozik ageri da Ruper Ordorika ‘Hautsi da anphora’ diskoari, ezustean, Loraldiaren eta Korrika Kulturalaren eskutik ireki zaion bide berriaren aurrean. Izurriak atzeratu zuen egitasmoa baina iritsi da unea. Bernardo Atxaga lagun duela sei emanaldi eskainiko dituzte. Lehena, igande honetan Senperen.

Ruper Ordorikak gustura hartu du diskoa osorik agertoki gainera eramateko gonbita. (Maialen ANDRES)

«Interesgarria» ari zaio suertatzen esperientzia Ruper Ordorikari (Oñati, 1956). «Ez nekien nola sentituko nintzen kantuak berriz jotzen, musikalki beste nonbaitera naramaten kantak dira», aitortu du.

Senperen, Larreko Antzokian, dute igande honetan lehen geldialdia Ruper Ordorika & Mugalaris eta Bernardo Atxagak. Ondoren etorriko dira Iruñea (martxoak 10), Bilbo (martxoak 11), Eibar (martxoak 20), Gasteiz (martxoak 25), eta Errenteria (martxoak 27).

Lau hamarkada geroago ‘Hautsi da anphora’ mugarri izan zen diskoa eskainiko diete entzuleei, oso osorik. Erabat berritzaileak izan ziren poema eta kanta haiek badute zer kontatua egun ere. Hala iritzi diote Loraldiaren eta Korrika Kulturalaren antolatzaileek. Elkarlanean prestatutako ikuskizuna da.

Elkar argitaletxeak gainera, CDa berrargitaratu du, «bermasterizatuta eta digipack txukun batean aurkeztuta». Duela urte batzuk LP euskarrian egin zen beste argitalpen bat.

1978. urtea zen Atxagak ‘Etiopia’ poesia liburua argitara eman zuenean. 27 urte zenituen asteasuarrak. Abangoardiako estetikari lotua, iraganarekin hautsi eta sormen jarrera garaikidea eskaini nahi izan zuen. Erreferentzia literario ugariren gainean josia, utopia desegiteko aldarria eginez, ironiatik idatzia zen, lirismorik gabe.

Eta handik bi urtera Ordorikak musikaren lurraldera eraman zituen asteasuarraren hitzak “Hautsi da anphora” (Xoxoa) lanean.

2020an lanaren 40. urteurrena ospatzeko asmoa zuen Loraldiak baina izurriak bertan behera utziarazi zituen planak. Iritsi da unea. ‘Hi hintzena’, ‘Kalatxoriarena’, ‘Begira egiezu’, ‘Herdoilarena’ eta ‘Fas Fatum’ bezalako abestiak berriz biziko dituzte lehen kantatu zituztenek eta orain ezagutuko dituzte belaunaldi gazteek.

«Orduko giroa, mundua, gogora ekarri ditut diskoa berbisitatuz», gaineratu du irribarrez. Pott Bandaren garaiak datozkio gogora. Eta nola ez, ondoan lagun izan zituen hainbat idazle eta sortzaile. «Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Joxe Mari Iturralde, Juan Carlos Eguillor, Manu Erzilla eta beste hainbatekin izandako bizipenak. Izan ere, musikak badu aro jakin bati lotzeko gaitasuna», esan du.

Nostalgiatik urrun

Ez dio nostalgiari tarterik egiten. «Esango nuke zailagoa dela gure kasuan nostalgia gauzatzen, musikariok iturria beti irekita izaten baitugu, etengabe ari gara kantak berregokitzen», dio.

‘Etiopia’ izan zen Pott-en argitalpen bakarra liburu formatuan. Ordorikak ez du zalantzarik: «liburu guztiz garrantzizkoa da euskal literaturan». Berarentzat mugarria izan zen. «Aro bat markatzen du, oso garbi daukat. Bai hizkuntza, bai begirada aldetik. Erretorika erromantikoaren kanpoko begirada da, guztiz berria. Nitasunetik aparteko begirada dago, indar handiko testuak dira.  Hurbiltasun handia sentitu nituen irakurri nituenean, ‘nahiago nuke neronek idatzi izan banu’ pentsatzera eraman ninduena. Liburu guztiz garrantzizkoa da euskal literaturan», esan du.

Bere esanetan, «‘Hautsi da anphora’ asko lotzen da ‘Etiopia’-rekin baina baditu kanta batzuk aurretik zetozenak, ‘Ziutateaz’ nobelan txertatutako poesia eta bertsoak, hain zuzen ere».

Bere diskoa ere apurtzailetzat jo bada ere, inongo «asmo taktikorik» gabe egina izan zela aitortu dio NAIZi musikariak. «Beste inori entzuten ez niona esan nahi izan nuen. Banuen sentsazioa zerbait esateko nuela eta horrexegatik egin nuen».

Polita da berarentzat berriz abesti haiek agertoki gainera eramateko antolatzaileek egin duten ahalegina, orduko hartan oso bestelakoa izan baitzen harrera. «Disko nahiko eszentrikoa gertatu zen. Oso gertukoak ziren entzuleak nituen, baina orohar oso jende gutxirengana heldu ziren kanta haiek. Ez zuen nire lagun musikari askoren diskoen oihartzunik izan. Beste bide bat hartu zuen eta deigarria da urteekin nola seinalatzen den diskoa –adierazi du–. Sormenari jarraiki egin nuen, beste inolako kontsideraziorik gabe. Nik uste lortu zutela bilatzen zutena, nahiz [salmenta] zenbakitan ez izan oso ugaria».

Gustuko bidea

Oso barrutik egindako lana izan zen. Diskoak aurrekoarekiko suposatu zuen haustura nabarmendu izan bada ere, berak ez zuela «ezeren kontra egin» adierazi du. Berak entzun nahi baina garaiko musikan –disko erritmoak ziren nagusi eta ‘rock radical vasco’ deitututakoa hastapenetan zen– entzuten ez zuen hura sortu zuen.

Horren isla da Ordorikaren esanetan hautatuko musikari taldea. «Oso desberdinak ziren euren artean baina gustuko nituen denak», gogoratu du. «Asko zor diet garai hartako lagunei serioski hartu nindutelako», esan du barre artean.

Herri musikaren arloan bere aurreko sortzaileek egindako lanaren aitorpena ere izan bada ‘Hautsi da anphora’. «Kanta zaharra –tradiziotik datozen formak dituena– egungo sonoritatearekin uztartzea oso normaltzat jo izan dugu eta hori gure aurreko belaunaldiengandik datorkigu zuzenean. Gero konturatu gara hemendik kanpo oso gauza bitxia dela. Rock eta pop munduan askok ez dute inolako loturarik euren lurraldeko herri musikarekin».