GAIAK

Asteburu honetan ospatuko da XVI. Gipuzkoa Encounter, birtualki

Asteburu honetan, martxoaren 18tik 20ra, formatu birtualean ospatuko da Gipuzkoa Encounterren XVI. edizioa. Asteburuan zehar hamarka tailer eta ekintza ludiko egingo dituzte.

Euskal Encounterren XX!X.edizioa BECen, iragan den udan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Asteburu honetan, martxoaren 18tik 20ra, ospatuko da Gipuzkoa Encounterren, informatika zale eta profesionalen topagunearen, XVI. edizioa. 2022ko edizio hau Tolosako Usabal Kiroldegian egitea aurreikusita bazegoen ere, azkenean, covid-19aren pandemia dela eta, azkenean birtualki ospatzearen aldeko hautua egin dute antolatzaileek.

Hala ere, 40 ekintza eta tailer baino gehiagoko egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek: lehiaketa, hitzaldi, eta ikastaroekin, besteak beste. XVI. edizio honetan jorratuko dituzten gai nagusiak segurtasun informatikoa, arte digitala, programazioa, bideo-jokoen industria edo 3D inprimagailuak izango dira.

Antolakuntzak iragarri du 400 plaza birtual egongo direla, topaketa Tolosan presentzialki ospatu izan balitz egongo litzatekeen plaza kopuru bera. Izen-ematea zabalik dago jada eta doakoa izango da parte-hartzaileentzat.

Parte-hartzaileak etxetik konektatuko dira topaketako eremu desberdinetara «Discord» erramintaren bidez. Bertan, gaika bereizitako «areto birtualak» prestatu dituzte, zeinetan arte digitaleko, software libreko, hardwareko eta jokoetako lehiaketak aurkituko dituzten.

Hortaz gain, Gipuzkoa Encounterretik kanpoko pertsonentzako espazio ireki bat egongo dela aurreratu dute antolatzaileek. Bertan, online formatuko doako formakuntzak jasotzeaz gain, Twitch bidez igorriko den eta topagunearen nondik norakoak azalduko dituen programara atxiki ahalko dira plazarik ez duten pertsona horiek.

Hori horrela, Encounterrak ostiral honetako arratsaldeko 16.00etan zabalduko ditu bere ate birtualak eta igandeko, martxoaren 20ko, 20.00etan bukatuko da.