18 MAR. 2022 - 12:00h Moonshine Wagon taldeak zaintzarako aldarria egin du ‘Self destruction’ diskoko hamar kantuetan Araban sortu zen 2013an Moonshine Wagon taldea eta ordutik hona kontzertuz-kontzertu ibili dira bidean estudioko lau lan ere kaleratu dituzte, azkena hau, ‘Self destruction’. Goiatz Dutto taldeko biolin-jotzailea izan da MusikHaria saioan diskoa aurkezten. Errepidera itzuli dira Moonshine Wagon taldekoak ‘Self destruction’ lan berria aurkezteko. (Unai ENDEMAÑO) Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio. Iker Gurrutxaga Gasteiz Pandemia iritsi aurretik urtean 150 kontzertu ematen ari ziren Moonshine Wagon taldekoak, erraz esaten da gero. Bizitza estilo bat jorratu zuten taldearen bueltan, autokarabana bat hartu eta munduko txoko desberdinetan bere musika zabalduz. Baina pandemiak dena hankaz gora jarri eta estilo hori pixka bat alboratu behar izan dute arabarrek, nahiz eta berriz errepidera aterako diren disko berria aurkeztera. Oinarrian bluegrass estiloa jorratzen du talde arabarrak, baina «purutasunik gabe» Goiatz Dutto taldekideak kontatu digunaren arabera. Appalache mendikatearen inguruan sortutako musika estiloa da, Europatik hara eramandako instrumentuekin sortua nolabait esatearren, eta, orain, handik bueltan dakarte Moonshine Wagonekoek. Hamar kantuz osatu dute ‘Self destruction’ eta horietako bakoitzean bizi dugun garaiari buruzko gogoeta bat egiten dute. «Dena azkar, dena iragankor, dena pilotu automatikoa aktibatuta. Gauza bakoitzari merezi duen balioa ez diogu ikusten, ez dugu denbora aprobetxatzen, eta estimu ia bakarra ‘fast food’ filosofiari eskaintzen diogu. Janari azkarrak edo bizitza azkar eta artifizialak ‘self-destruction’ orokorrera garamatza», kontatzen dute taldekideek. Hamar kantuetatik bi euskaraz dira oraingoan, bata bertsioa eta bestea berek sortua, lehendabizikoa, ‘Janari azkarra’ deiturikoa. Horrez gainera ‘Marinelaren zai’ Sorotan Bele taldearen klasikoa ere moldatu dute, eta, horretarako, Gorka Sarriegi talde hondarribiarreko kidearen kolaborazioa ere izan du Moonshine Wagonek. Bigarren moldaketa bat ere egin dute, Backstreet Boys taldearen ‘I want it that way’ sonatua. «Soinu probetan eta hasi ginen jotzen eta azkenean gustura jotzen dugunez diskora ekarri dugu», esan digu Goiatz Duttok. Hamar kantuok Asuako Chromaticity estudioetan grabatu dituzte Pedro Monjeren eskutik eta dagoeneko hasi dira lana zuzenean aurkezten. Euskal Herrian hurrengo geldialdia apirilaren 22an egingo dute, Gasteizko Kubik aretoan, baina, bitartean, Madrilen eta Bartzelonan ere izango dira. Errepidearen maitale dira, eta bertara itzuliko dira beren musika zabaltzeko Moonshine Wagonekoak.