04 AVR. 2022 - 16:24h Quimatryx enpresa gipuzkoarrak sortutako minbiziaren aurkako botika bat probatuko dute Txinan Quimatryx enpresa gipuzkoarrak 92 milioi dolarreko balioa duen akordio bat sinatu du HiDiamond enpresa txinatarrarekin. Ondorioz, enpresa txinatarrak Quimatryxek garatutako minbiziaren aurkako botikaren fase aurreklinikoa abiaraziko du. Quimatryxeko arduradunak akordioa iragartzeko egindako agerraldian, Donostian. (QUIMATRYX | EUROPA PRESS) NAIZ Quimatryx enpresa gipuzkoarrak, zeinak minbiziaren aurkako botika bat garatu duen, HiDiamond enpresa txinatarrarekin akordio bat sinatu duela iragarri du astelehen honetan. Hori horrela, enpresa txinatarrak gipuzkoarraren botikaren erregulazio fase aurrekliniko osoa kudeatuko du eta, gainera, Asiako herrialde horretan Quimatryxen botikaren entsegu klinikoak egiteko baimena eskatuko dio Sendagaien Txinako Agentziari. Prozesu guztia arrakastatsua baldin bada, Quimatryxek 92 milioi dolar poltsikoratuko ditu botikaren lizentziaren truke. Donostian egindako prentsaurreko batean, Quimatryxeko presidentea den Pedro Esnaolak jakinarazi du, oraingoz, Quimatryxek minbiziaren aurkako konposatuaren jabetza mantentzen duela eta ikerketa lanekin jarraituko duela. Gainera, beste herrialde batzuek egin ditzaketen eskaintzetara zabalik dagoela azaldu du. Quimatryxek garatu duen botika epigenetikoa da eta animaliengan egindako probetan «tumore solidoetan eraginkortasun handia» erakutsi duela baieztatu dute, hala nola, linfometan, pankreako eta biriketako minbizian, eta odoleko neoplasietan, esaterako. Gainera, ikerlariek jakinarazi dute esklerosi anizkoitzaren tratamentuan emaitza «oso onak» eman dituela, baina ikerketa, batik bat, minbiziaren tratamenduan zentratu dutela. Quimatryxek azaldu duenez, entsegu klinikoetan giza tumoreak jarri zizkieten animaliei eta, botika eman ostean, minbizia txikitu eta desagerrarazi egin zitzaien. Botikaren «abantaila handietako bat» kimioterapiak baino toxizitate gutxiago eragiten duela dela azpimarratu du Eneko Aldabak, Quimatryxeko ikerlari taldearen zuzendariak. Quimatryxen botikak gaixotasunak eragiten dituzten alterazioak zuzentzen ditu eta horiei aurre egiten laguntzen du diana epigenetikoak, genetika kontrolatu eta erregulatzen duten proteinak blokeatuz. Esnaolak esan du, zehazki, garatu duten botikak jada aurretik existitzen ziren antzeko farmakoak «hobetzen» dituela. Hala ere, ikertzaileek aurreratu dute, prozesu guztia ondo joanez gero, hau da, botikak Txinako Medikamentuaren Agentziaren froga guztiak gainditzen baditu eta gizakiengan egindako fase aurreklinikoak emaitza onak ematen baditu, bost eta zazpi urte bitartean beharko dituela pazienteengana heltzeko. «Konfiantza handia dugu produktua amaiera arte helduko dela», adierazi du Esnaolak.