15 MAI 2022 - 18:10h Amaitu da Araba Encounter, birtualki ospatu den azken Encounter topaketa Araba Encounter bikain bati amaiera eman diote antolatzaileek, hurrengo Encounter topaketak aurrez aurrekoak izango direla iragarriz. Hala, uztailean Euskal Encounterren 30. edizioa egingo da BECen, berriz ere milaka parte-hartzailerekin. Araba Encounter igande honetan amaitu da. (ARABA ENCOUNTER) NAIZ Araba Encounterren bederatzigarren edizioa on line egin da, eta oso balantze positiboarekin amaitu da igande honetan. Gainera, berri ona iragarri dute antolatzaileek: birtualki gauzatuko den azken Encounter topaketa izan da. Hain zuzen, Euskal Encounterren 30. edizioa BECen egingo da uztailean, eta berriz ere milaka parte-hartzaile elkartuko ditu. Gainera, XGN R Encounter 22 ere presentzialki burutuko da urrian, Galizian. Antolatzaileek nota ona eman diote Araba Encounter honi; izan ere, antolatutako 40tik gora jarduerak arrakastatsuak izan dira parte-hartzaileen lankidetzari esker. «On line formatua presentziala bezain erakargarria ez den arren, zaleek ondo pasatzeko eta ezagutzak partekatzeko gogoa erakutsi dute beste behin ere», adierazi dute, eta Arabako hitzorduak «teknologia zaleen topagune izateko helburua» berriro bete bete duela gaineratu dute. Aipatzekoak dira egin diren hamaika hitzaldi eta prestakuntza-tailerrak, zeinetan adimen artifiziala, marketin-tresna berriak, zibersegurtasuna edo bideo-jokoak bezalako gaiak jorratu dituzten adituek. Gainera, interesa dutenek eduki horiek eskuragarri izango dituzte Euskal Encounterren Youtubeko kanalean. Arte digital, software libre, hardware eta bideo-jokoak arloetako dozenaka ekintzetan izandako parte-hartzea ere eskertu dute antolatzaileek, party presentzialen mailan mantendu baitira orokorrean. Halaber, zaleek pandemian hitzordu teknologiko hauekiko azaldu duten konfiantza eta leialtasuna azpimarratu dituzte antolatzaileek, bilkurei jarraitasuna emateari esker errazagoa izango baita orain aurrez aurreko topaketetara itzultzea. Euskaltel Fundazioak antolatu du ekimena, Euskaltelen, Arabako Foru Aldundiaren eta Lakuako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren lankidetzarekin, SPRIren bitartez. Eta kontrolgunea Arabako Parke Teknologikoan ezarri da.