15 MAI 2022 - 00:00h «Running»-a, kirolik herrikoiena Jurgi Fernandez Ostoaga - Salto Training Azken urteetan, gero eta jende gehiago hasi da kirola egiten eta hainbat kirol izan dira modan. Horien artean, squasha, padela, mendi bizikleta, arraun surfa (paddle surf), ibilketa nordikoa… ditugu, baina bereziki horien gainetik mantendu dena, nahiz eta izen ezberdinak eman, footing edo runninga da; alegia, korrika egitea. Denon eskura dagoen jarduera denez, oso erraza gertatzen zaigu lasterka egiten hastea. Gainera, kirol-aldizkari zein arropa-marka askoren publizitateak horretara bultzatzen gaitu, osasuntsu mantentzeko helburuarekin. Bestetik, bai bakarrik bai taldean egin daitekeen jarduera da, eta askatasun puntu bat ematen digu, musika hartu eta kilometro batzuk egiteko. Amaitzeko, ezagunak dira jarduera honek osasunean dituen onurak, aparatu kardiobaskularrean bereziki, baina gaurkoan ez dugu horri buruz hitz egingo. Benetan prestatuta ote nago egun batetik bestera korrika egiten hasteko? Nire sistema muskulu-eskeletikoa runningak duen inpaktua jasateko gai da? Nire berezitasunetara (patologiak, artikulazioen egoera…) egokitutako kirola al da? Pisu egokia al dut? Laburbilduz, gomendagarria al da niretzat? Galdera hauek egin beharko genizkioke geure buruari, korrika egiten hasi aurretik. Korrika egiteko gaitasuna gehienok dugu, baina hori ez da nahikoa. Gorputza prestatu beharra dago inoiz edo denbora luzean egin ez den jarduera bat egiteko, bereziki inpaktuzkoa denean. Horretarako, material aproposa (oinetakoak bereziki), hidratazio eta elikadura egokia, entrenamendu dosi mailakatu eta progresiboa (kilometro kopurua, entrenamendu denbora eta intentsitate maila), korrika teknika egokia (pauso-distantzia eta -kadentzia) beharrezkoak dira, eta garrantzitsuena, atsedena errespetatu behar da. Irizpide hauen konbinazio egokiarekin, jarduera berri honetan arrakastaz murgilduko gara; lesioak ekiditeko eta gozatu ahal izateko aukerak handituko zaizkigu. Beraz, nahiz eta running edo footinga egitea eskura dugun, aurretik geure burua aztertu beharko genuke, jarduerari ahalik eta etekin handiena atera ahal izan diezaiogun.