GAIAK

Rodrigues uhartea, Indiako Ozeanoko uharterik basatienetakoa

Ibilbide turistikoen irismenetik kanpo dagoen paraje urruneko hau esploratzera abiatu gara. Ugariak dira hondartza birjinak, fauna oparoa da, musika bera gustagarria, eta altxor lurperaturik ere ez da falta, nork aurkituko duen zain.

Uharteko irudia. (Getty Images)

Rodrigues uhartea Maurizioren administrazioaren pean dago, baina inolako zerikusirik ez daukate batak bestearekin, ez behintzat lehen begiratuan. Itsasoan 600 kilometroko distantziak banantzen ditu elkarrengandik, eta 109 kilometro koadroko azalerako lurralde nanoa da Rodrigues; eta besteak beste bi arrazoi horiei esker, paraje erabat birjina da, bizitzan noizbait Robinson Crusoe bezala sentitzearekin amets egiten dutenentzat idilikoa.

Port Mathurin da hiriburua, baina ez da hiri handi bat, ezta hurrik eman ere. Bertan 6.000 biztanle baino ez dira bizi, itsasoaren magalean kokatutako bi edo hiru solairuko etxe txikietan. Biztanleria, azal kolore beltz-beltzekoa, kreolea eta katolikoa da gehientsuena (%97). Hiriaren sarreran, autobus geltokiaren parean, azoka dago, eta asteazken eta larunbat goizetan zabaltzen dute. Frutak, barazkiak eta ortuariak ez ezik, uhartean bertan ekoitzitako gazta onak eta Marylou Augoustine enpanada ezagunak ere salgai izaten dira.

Estalpetik kanpoko alderdian, artisautza denda batzuk daude, eta batez ere otzarak, txapelak eta palmondo orri txirikordatuz egindako bestelako produktu batzuk eskuratzeko aukera dago. Mont Lubinera doan errepidetik iritsi gara viewpoint edo begiralekura; hain zuzen, bertatik zabaltzen dira hiriaren gaineko ikuspegi panoramiko hoberenak, eta bereziki ikusgarria da ilunabarrean.

Kreole musikaren jaialdia

Urtero, abenduan, kreole musikaren jaialdia antolatzen dute. Uharteko herritar guztiek zainetan daramate erritmoa, eta irrika biziarekin hartzen dute hitzordua. Berezitasunen artean, akordeoi diatonikoaren doinuak; izan ere, botoi bakoitzarekin aldi berean bi nota jotzeko gai dira, eta uhartean halako hogei baino ez badaude ere, jaialdi honetan ez dute sekula kale egiten. Bestalde, afrikar erritmoen eta europar estilo tradizionalen arteko uztarketak sega eman du, kreole musika mota bat, Rodriguesen berezko dutena.

Akordeoiari beste tresna batzuk gehitzen zaizkio, hala nola ahuntz larruz egindako egurrezko danborra, mazoak, bobre izeneko egurrezko perkusio tresna, edota kontserba poto hutsak, erresonantzia kutxa gisa erabiltzeko. Jaialdiko egunetan, mundu guztia pinpirin-pinpirin ibili ohi da, jantzirik ederrenekin.

Indiako Ozeanoko hondartzarik basatienak

Hondartzarik onenak ekialdean daude, eta horiek aurkitzeko modurik onena Cotton Bay hotelera iritsi, eta handik Port Sud Est-eko norabidean oinez joatea da. Kosta zati honetan tartekatuz doaz harea zuri-zuriko hondartza luzeak eta labarrez inguratutako kala txikiak. Fumier, Anse Ali, San Francois, Trou d’Argent edo Anse Bouteille dira hoberenetakoak. Azken hori uharteko politen gisa katalogatuta dago: itsaso zabaletik babesten duten haitzen artean kokatua, igerileku natural bat ematen du.

Beharbada hondartza hauetako batean egongo da piraten altxor ezkutua; diotenez, uhartean lurperatuta baitago. Izan ere, kondairak dio itsaslapurrek Mogol Handiaren alaba eta haren dotea Mekara eramaten ari zen ontzia harrapatu zutela. Altxorra aurkitu ahal izateko, lehenago mapa eta gako misteriotsu batzuk ere eskuratu behar omen dira.

Beharbada norbaitek asmatutako kontua baino ez da izango, edo agian J. M. G. Le Clezioren (literatuko Nobel sariduna, 2008an) aitonak zertxobait gehiago argituko zuen, 30 urte eman baitzituen haren peskizan. Nolanahi ere, mundu guztia bat dator kontu batean behinik behin: egun batzuk hemen pasatzea bera badela nahikoa sari. Rodrigueseko bisitariarentzat gauzarik deigarrienetako bat zera da, uharteko 600 emakumek eta gehiagok egiten duten lana: olagarroak harrapatu, eta etxeetako ataurretan zintzilik jartzen dituzte piezak eguzkitan lehortzeko.

Turismo aktiboa

Turismo aktiboko jarduerak gogoko dituenak uhartean hainbat eskaintza gustagarri aurkituko ditu. Caverne Patate haitzuloa, esaterako, lurpeko sistema ikaragarria eratzen baitu. Bertako estalaktita eta estalagmitei begiratuta, balizko antzekotasunak antzeman dituzte bai dodo hegazti desagertuarekin, Buckingham Palace jauregiarekin eta, hara, Winston Churchillekin berarekin ere bai! 2006. urtean, WWF (World Wildlife Foundation) elkartearen ekimenez, dortoka erraldoiak ekarri zituzten berriro uhartera. Francois Leguat erreserban ikus daitezke, haitzuloaren ondoan.

Rodriguesen punturik garaiena El Limon da, eta uhartearen erdi-erdian dago, zuhaixka basoz estalia; 393 metro arroka bolkaniko, eta ikuspegi panoramikoak: baserri txikiak, errepide bihurgunetsuak eta itsasertz argi eta urrekarak. Zertxobait beherago dago Montagne Malgache, eta hor tirolinen bidez uhartearen gainetik hegan egiteko esperientzia proba dezakegu, 400 metro luze den ibilbidea egiten duena, adibidez.

Ile aux Cocos

Alfred Hitchcock 1963an ‘Birds’ filma egin aurretik uharte honetan egon zela esango balidate, ez nintzateke batere harrituko. Zalantzarik gabe, paradisua da turismo ornitologikoa gogoko duen edonorentzat. Ile aux Cocos Rodrigues uhartetik 4 kilometro eskasera dago, eta itsasoz ordubete pasatxoko zeharkaldia eginda iritsi gara bertara. Ur urdin turkesa eta harea zuriak inguratzen dute uharte ñimiño hau, eta bertan erretzea debekatuta dago, baita leku batzuetan ibiltzea ere.

Hori guztia, bertan bizi diren milaka eta milaka hegaztiak babesteko, esaterako, txenada mota zenbait: Sterna repressa, hemen ‘Ama Birjinaren txoria’ esaten diotena, bere zuritasunagatik; noddi edo mandarin delakoa, edo yeye deitzen diotena bere oihu bereziagatik.