03 JUIL. 2022 - 18:55h 12.000 bisitari hartu ditu EHZ festibal «arrakastatsuak» Irisarrin Bisitari andana jaso ditu Euskal Herria Zuzenean jaialdiak, baina antolatzaileek bolondresen papera ere azpimarratu nahi izan dute. Izan ere, haiei esker atera da hiru egunetako antolakuntza ondo. EHZren 26. edizioko une bat. (Patxi BELTZAIZ) NAIZ EHZren 26. edizioa «arrakastatsua» izan dela adierazi dute antolatzaileek. Iraun duen hiru egunetan banatuta 12 000 bisitari izan dira plazan eta pentzean. Baina zifretaz aparte, bolondresen lana azpimarratu nahi izan dute. «Goiz eta arrats, 450 laguntzaile txandakatu dira izan sukaldean, ostatuan, gunearen garbiketan, erasoen kontrako brigadan, eszena gibelean, zirkulazioan etb. EHZren arrakasta muntaketan eta hiru egunetan esku kolpe baten ematera joan diren ehunka gazteei zor diegu, gerorako bidea idekia den seinale», adierazi dute. Ostiralean metalzale eta nostalgikoak hurbildu zen EHZra. Fizt & Furiuz taldeak festibalarien belarriak berotu zituen, Sepultura eszena gainera igo aurretik. 1991tik Iparralden aritu ez zen Delirium Tremens taldeak ireki zuen pentzeko egitaraua. Kontzertuak oraingo laguntzaileen gurasoen belaunaldia erakarri zuen. «Arima bera atxiki dugu. Nabarmena da belaunaldi bateko jendea etortzen dela gure kontzertuetara, baina gogo handia dugu gazte belaunaldia ere ezagutzeko», esan zien antolatzaileei Andoni Basterretxea taldeko kantariak. EHZren bigarren eguna bertsio musikatuekin hasi zen. Ospitalean hitzaldim eta mahai inguruak markatu zuten goiza; Andere Nahia elkarteko emakume nekazariak eta Pinar Selek turkiar herbesteratu soziologo, feminista eta antimilitaristaizan ziren plater fuerteak. Igandean, berriz, Joseba Sarrionandia idazle eta poetaren bisita izan zuten. Beste poesia motak, rapak, ere lekua izan du EHZren edizio honetan. Larunbatean, Hesteka rap emankizunaren bigarren saioa grabatu zuen Kanaldudek publikoaren erdian, eta Odeik Terapia diskoa aurkeztu zuen. Igandean, berriz, ‘Ongi Etorri Hip Hop Mundura’ rap ikuskizuna izan zen plazan, Baionako Zizpa gaztetxeko rap tailerreko lanaren urte osoko emaitza dena. Antolatzaileek azpimarratu nahi dute irakurketa positiboa egiten dutela erasoen kontra hartu duten ardurari begira. «Horrek erakusten du aitzineko urteetan eginiko lanak balio izan duela giro goxo eta segur bat lortzeko. Antolatzaileek senditu dute EHZko publikoak gisa honetako proiektuak baloratzen dituela eta eskertzen dute hiru egunetan ikusi dituzten errespetua eta laguntza», esan dute esker onez.