GAIAK

Atsedenaren garrantzia errendimendua hobetzeko


Azkenaldian, jarduera fisikoaren eta entrenamenduaren garrantziaz hitz egiten ari gara, baina bada ahazten dugun beste faktore bat: atsedena. Gizakion organismoak homeostasi egoerara eramaten gaitu etengabe. Izan ere, gure gorputza kanpo-barne eragileen kontra borrokatzen da, berriz ere gorputzaren sistemak bizirauteko beharrezkoa dugun oreka egoerara itzuliz. Entrenatzean, homeostasi egoera desegiten da, gorputzaren tenperatura handituz, fibra muskularrak suntsituz, sistema kardiobaskularra landuz… Gorputzak entrenamenduaren ondorioz jasaten duen estimuluaren kontra lan egingo du, berriz homeostasia lortzeko. Horrela, entrenatzearen ondorioz, norbanakoaren homeostasi maila edo normaltasun maila gero eta handiagoa izango da (indartsuagoa edo erresistenteagoa, esaterako). Hobekuntza prozesu honi superkonpentsazioa deritzogu, eta entrenamenduaren funtsa izango da, baina horretarako, atsedenak berebiziko garrantzia du. Entrenamendua ez da zapatilak eskegitakoan amaitzen, baizik eta aspektu fisiologiko, psikologiko eta nutrizionalak kontrolatu behar dira errendimenduan hobetzeko. Atsedena entrenamenduko kargen asimilaziorako ezinbestekoa da, eta zenbait metodo ezberdin topa ditzakegu:

Entrenamenduaren ostean lan kardiobaskular lasaia egitea, luzaketa estatikoez lagundua. Entrenamendu aerobiko erregeneratiboak bihotz maiztasuna progresiboki jaisten laguntzen du, hondakinen kanporaketan lagunduz. Entrenamenduaren osteko lehen 2 orduetan, hidratazioa eta janaria zaindu, etalehen 30 minutuek berebiziko garrantzia izango dute errekuperazioan, asimilaziorako une egokia baita. 7-8 orduko loa errespetatzea gomendatzen da, arazo gastrointestinalak saihesteko, gose sentsazioa gutxitzeko, kontzentrazioan eta giharretan arazoak ekiditeko... Gainera, hainbat teknikak errekuperazioan lagunduko digute. Krioterapiak onurak erakutsi ditu esfortzuaren errekuperazioan. Elektroestimulazioak giharrak erlaxatzen laguntzen du, odol zirkulazioa areagotuz. Masaje linfatikoak edo automasajeak odol zirkulazioa areagotzen laguntzen du, erlaxazio bidez giharren estresa gutxituz.