GAIAK

Entrenamendua haurdunaldian


Azken urteetan jarduera fisikoaren eboluzioa izugarria izan da, bai ikerkuntza mailan bai gizartean duen eraginean ere. Horrekin batera, haurdunaldian jarduera fisikoa egitearen garrantziak garapen handia izan du, jarduera mota ezberdinak eta haurdunaldiko fase bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta. Eboluzio hori hainbat etapatatik pasa da, hasieran jarduera fisikoa alde batera uzten baitzen amaren eta umearen garapenean ahalik eta eragin gutxiena izateko, eta, berriz, azken urteotan guztiz kontrako iritziak hedatu baitira gure gizartean.

Aldaketa hori faktore ezberdinek eraginda heldu da: ikerkuntzaren bilakaera, sare sozialen inpaktua, haurdunaldiaren gaineko ikuspegi aldaketa… Hori bai, gaurko artikuluan, aldaketa fisiologikoetan eta jarduera egitearen onuretan oinarrituko gara.

Alde batetik, haurdunaldian entrenatzeak amarengan onura ezberdinak ditu, hala nola, gainpisua ekiditen eta gorputzaren osaketan ematen diren aldaketak (gantz ehunekoaren igoera energia erreserba gisa) kontrolatzen laguntzen du. Bestetik, sabeleko bolumena handitzearen ondorioz ematen den bizkarreko biomekanikaren aldaketa kontuan izanik, bizkarreko muskulatura indartzen laguntzen du, tolerantzia maila handituz eta lunbarretako mina ekidinez.

Aldi berean, umeak ere aldaketak jasaten ditu amak kirola egiten duenean. 2015etik aurrera egindako zenbait ikerketak ondorioztatu dute umearen garapen neurologikoa handiagoa dela jarduera fisikoa egiten duten amen kasuan; gainera, umearen gantz ehunekoa eta bihotz maiztasun basala baxuagoa dela ere ondorioztatu da (horrek sistema kardiobaskularraren garapena hobetzen du). Aipatzekoa da ere likido amniotikoaren kantitatea altuagoa dela jarduera fisikoa egin duten amen kasuan, erditzea erraztuz eta hidratazio maila eta umearen babesa handituz.

Amaitzeko, erditze goiztiar bat izateko edota behartutako erditzea izateko aukerak gutxitzen ditu jarduera fisiko egokiak, eta erditzearen ondoren zoru pelbikoaren disfuntzioak ekiditen ere laguntzen du.