GAIAK

Norberak erantzuteko galderez betetako diskoa kaleratu du Etxekaltek

2015ean elkartu ziren Iker Etxebarria, Unai Irisarri, Jonan Juarez eta Iñaki Olondo eta Etxekalte taldea sortu zuten Bermeon. Bigarren disko luzea atera dute orain, Elkar zigiluarekin, Habi taldearekin split bat kaleratu ostean. MusikHaria saioan aurkeztu dute ‘Nor da nobera?’.

Etxekalte talde bermeotarrak bigarren lan luzea kaleratu du. (Ziortza ASPIAZU eta Unai OTERO)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Zuzenean abesten hasten diren disko gehiegi ez dira izaten eta aspaldian ez dugu esku artean halako bat izan. Hartara, sorpresa bat izan da Etxekalte taldearen ‘Nor da norbera?’ diskoaren hasiera. «Konposizioa horrela hasi zen eta horrela geratu da, buelta gehiegi ez zaio eman behar kontuari, oso zuzenak gara», esan digute Etxekaltekoek.

Diskoaren lehen zatian iraupen laburreko kantuak dira eta bada Etxekalteren adierazgarrietako bat kantuek irauten dutena irauten. Ez diete buelta gehiegi ematen kantuen egitura perfektuak bilatzeari, kantuak bere izaera edo esentzia propioa duenean, iraupen laburra edo luzea izan, horrela geratzen da. «Guk askotan pentsatzen dugu kontsumo arinaren sasoian bizi garela eta gu ere horren parte garela. Ez zaigu gustatzen gauzei buelta askorik ematea, aspertu egiten gara eta, erreza ez den arren, kantuetan ere hori egin dugu. Zati batzuk hartu, elkarren artean lotu eta aurrera», aipatu digute bermeotarrek.

‘Pentsaminak’ hitza sortu dute sentimendu propio bati izena emateko, mina eragiten duten pentsamenduei deitzeko modu aproposa: «Hitz batzuk ez dira azalean geratzen eta barrurago iristen dira. Horiek oroitzapenak ere ekartzen dizkigute eta batzuetan mingarriak izaten dira, hortaz, hortik etorri zen ideia». ‘Lo egiteko errez’ izeneko kantuan agertzen da hitza eta «bizitzan sabaiari begira gau asko pasa izan dituela» kontatu digu Iker Etxebarriak, bateria jotzeaz gainera, taldeko hitz gehienen egilea denak.

Lokaleko lanaren fruituak

Lokalean Unai Irisarrik eramandako gitarra oinarrietatik abiatzen dira abestiak: «Egitura oso bat edo ia oso bat egiten dut lehendabizi eta hori lokalera eraman, dena desmuntatu eta kanta bat ateratzen da. Egitura berria egiten da, zatiak osatzen dira eta abar». Horri Etxebarriak batu dio «Unai ideiaz betetako bonba bat» dela. «Ekartzen dituen ideiak nola lotu izaten da askotan gure kezka. Gainera askotan gertatzen da ez dakizula nola lotu elkarren artean zatiak, erdi hilda daudela, eta beste abesti bat bihurtzen da. Horren adibidea da, esaterako, ‘Oreka mantendu’, aspaldiko deskarte bat zena», aipatu digu Jonan Juarezek.

Zati horiek ez dituzte grabatzen gero, memoriatik tiratzen dute kantuak osatzen ari diren bitartean. «Gisa horretara zure burua ere adi duzu, kantu bat egin eta etorkizunean berriz ere burura etortzen bazaizu, zeozer daukalako da», dio Juarezek. «Baina zortea ere badugu, gaur hemen ez dagoen arren, Iñaki Olondo liburutegi musikal bat da. Ez zaio ezer ahazten, lehen maketako deskarteak ere gogoan ditu hark», azpimarratu du Irisarrik, berak grabatu egiten duela aitortuz.

Disko osoan gitarrek protagonismo dezente dute, baina ‘Eta galderen’ kantuan bereziki, ahotsen pare jarrita daudenaren sentsazioa ematen du nahasketak. Victor Sanchez arduratu da grabaketa eta nahasketaz eta hautu hori propio egin dutela aipatu digute: «Naturalki horrela irten da. Ahotsa berez besteen parean joatea gustatzen zaigu, ez dago buelta gehiago eman beharrik. Gustatzen zaigun estilo eta musikan ahotsa instrumentuen parean joaten da eta Elkarren ere horrela izan da gure kasuan. Grabaketa prozesua zoragarria izan zen, denok elkarrekin bat eginda eta pozik geratu gara».

Diskoan orokorrean galdera asko daude, «hortik diskoaren izenburua bera ere galdera bat izatea». Erantzunak, ordea, norberak bilatu behar ditu. «‘Eta galderen’ kantua, esaterako, minetik idatzita dago. Min batek sortzen dituen galderak eta kezkak dira eta horri aurre nola egin planteatzen da bertan», aipatu digu Etxebarriak.

Euskara batuaren aldeko hautua egin duten arren, Bermeoko hiztegitik ere sartu dute hitzen bat kantuen izenburuen artean. ‘Arpi eman’ deitzen da abestietako bat eta hori azaltzeko ere eskatu diegu Etxekaltekoei: «Zerbait txarra gertatzen den egoeren aurrean erabiltzen dugun esamoldea da ‘arpi eman’. Aurpegitik dator ‘arpi’, hortaz, egoera zail horien aurrean aurpegia emateaz, aurre egiteaz, ari gara hizketan abesti honetan. Zalantza guztien aurrean nola jokatu eta aurrean ditugun aukerak nola baliatu, hori da barruan gordetzen duen galdera». Irisarrik aipatu digu «kantu honek ez dakit zenbat buelta» eman dizkiotela, «lagun batek ere bere ekarpena egin zuen, aldaketa asko egin dizkiogulako, batez ere, diskoa bere osotasunean zentzua hartzen joan zen heinean». Musikalki halako eztanda bat du kantuak hasieran, nahiz eta gozotik abiatzen den, kantua eder eta epiko egiteko.

Kalifornian begi bat jarrita

Taldearen eraginen inguruan ere galdetu diegu, izan ere agerikoa da lau izanik iturri desberdinetatik edaten dutela Etxekalteko kideek. «Bakoitzak bere gauzetatik asko edaten duen arren, Kaliforniako post-hardcorea izan daiteke denok komunean dugun estiloa, Touché Amoré bezalako taldeak. Baina ez gara ezertara itxi sekula eta probatzeko ez dugu ikararik izaten gauza lasaiago edota lodiagoetan, gure estiloak horrekin jolasteko aukera ere ematen digulako», kontatu digu Juarezek.

Soka instrumentu guztiak jolasean eta elkarren artean nahasten entzun daitezke ‘Zertan joan’ kantuan. Baxuak dizdira egiten du abesti honetan eta ea horrela ikusten duen galdetu diogu Jonan Juarez baxu-jotzaileari: «Kantuak, nolabait esatearren, aire asko dauka eta gitarrak eta bateriak beste kantuetan baino lasaiago doazenez, nik nire tartea dut sudurraren puntan jarritakoa egiteko». Bateriaren lana, isilagoan pasa badaiteke ere, baditu bere gauzak eta hori ere jorratu dugu Iker Etxebarriarekin: «Erritmoa mantenduz, oinarriari eutsiz, baina nire eskua nabaritu dadila; bateria beste instrumentu bat bezala tratatzen dugulako, beste espresatzeko modu bat bezala. Kantu guztiak gitarretatik abiatzen direnez, oso mugatuta bilatu naiz gauza askotan, baina oinarriari indarra ematen saitu naiz diskoan».

Kantuak elkarren lotuta daude eta ‘Zertan joan’ arrazional eta metaforikoak, ‘Semitriste’ emozionalari ematen dio bidea. «Autokritika moduan hartu behar da batzuetan abestiren bat edo beste. ‘Zertan joan’ hortik doa, egin aurretik gauzak bi aldiz pentsatzeari buruz ari da abestia. Disko honetan arazoeri benetan aurpegia ematen dion lehen kantua da, beste denak kaotikoagoak direla esan dezakegu», esan digute taldekideek.

Berek esan dute bi kantuek lotura dutela eta entzutean bat ez da jabetzen bi pistak noiz banatzen diren. «Ez daude aldi berean sortuta, bat lehenengotarikoa da eta ‘Semitriste’ azkena izan zen, baina biak lotuz ondo geratzen zela konturatu ginenez, hori egitea erabaki genuen. Kantuak beren artean lotuta daude propio, horregatik, soltean entzunez gero, hasierak edo bukaerak xelebreak direla eman dezake», aipatu digute.

Nostalgia aurrera egiteko tresna

‘Oroigarri bat’ kantuan nostalgiak ez duela zama izan behar kontatu digute Etxekaltekoek, atzerako begirada aurrera egiteko izan behar dela. «Hasierak aipatzen ditugu abestian, askotan hasierak gogorrak izaten direlako eta hara itzultzera behartuta egoten zarelako. Indarrik gabe egoten gara askotan hasiera horietan, nekatuta, eta hala ere aurrera egin behar izaten da. Egoera bakoitza berriz baloratzeko balio du iraganak askotan eta ‘Oroigarri bat’ horretarako da», esan digu Etxebarriak.

Kantu guztietan errusiar mendian jolasean aritzen dira Etxekaltekoak, ez dago ia kantu linealik erritmoari dagokionez, hasieran eta bukaeraren artean gorabehera ugari izaten dira. «Hori da gure kutsua. Dinamika askoko kantak izatea gustatzen zaigu eta horrela izan gara hasieratik eta disko honetan gauza bera egiten saiatu gara, dinamika hori gure zati da», nabarmendu du Irisarrik. Gaur egun musika kontsumitzeko daukagun ohiturari oso ondo egokitzen dira dinamika hauek, izan ere, estimuluak behar izaten ditu entzuleak: «Entzuleari atentzioa mantentzen laguntzen dio, denbora guztian goian edo behean egoten bada abesti bat, belarria ohitu eta paso egiten dugu askotan. Baina, aldaketekin, burua berpiztu egiten duzu. Baina gurekin bat datorren zerbait da, bizitza bera bezala da, ezin duzu sekula topera edo baxu egon, beti gora eta behera gabiltza».

Zuzenean diskoa aurkeztu dute, Donostiako DabaDaban, Logroñon, Ondarroan eta Oñatin, esaterako. Habi taldekoekin partekatu dute oholtza eta elkarrekin pozik aritzen direla aipatu dute. Datorren 21ean etxean izango dira, Bermeoko Baztarreko jaietan Lukiek taldearekin batera, eta, 23an, Baztanen, bertako gaztetxean.