26 JUIL. 2022 - 13:25h Donostiako 57. Jazzaldiak 150.000 pertsona erakarri ditu kontzertuez gozatzera Murrizketa guztiak atzean utzita, oso zapore onez itxi ditu ateak Donostiako 57. Jazzaldiak. Edukiera osoak berreskuratzeaz gain, Zurriolako eszenatokia eta Nauticool guneak ireki dira berriro. Orotara, 150.000 pertsonek gozatu dute kontzertuez, eta 14 agertokiak bete egin dira kasu askotan. Jazzaldiko lehenengo egunean hartutako irudia; jendetza Zurriolako hondartzan Simple Mindsen kontzertuan. (Jon URBE | FOKU) NAIZ Donostia Edizio «bikaina», «borobila» eta «distiratsua» bezalako hitzekin definitu dute antolatzaileek ateak itxi berri dituen Donostiako 57. Jazzaldia. Gogoa zegoen berriro musikaz gozatzeko, eta neurri handi batean beharra ere bai. Bi urteko murrizketak eta mugak atzean utzita, aurtengo edizioa jendearekin elkartzeko edizioa izan da. Astearte honetan eman dituzten zenbakiek erakusten dute arrakasta: orotara 150.000 pertsona gerturatu dira jazzaz gozatzera eta ia kasu gehienetan programazioaren parte diren 14 agertokiak bete egin dira. Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak «kalitate musikala» azpimarratu du, eta jendeak neurrian erantzun duela. «Edizioak berak irabazi du publikoaren saria», erantsi du, jaialdiak eguraldia ere bidelagun izan duen honetan. Eneko Goia alkatea eta Esther Fernandino TxikiJazz programazioaren antolatzaileak ere parte hartu dute agerraldian. Espazioetako edukiera osoak berreskuratzeaz gainera, 57. edizioak berriro ekarri ditu Zurriolako agertoki handia (Keler Gunea) eta Nauticool terraza. Era berean, Kursaaleko beste agertoki txikiek (Frigo gunea eta Fnac gunea) «beren giroa berreskuratu dute», baloratu du Martinek. «Jazzaldiak publikoaren erantzuna eskertu nahi du, eguraldi onarekin batera esparru guztiak betetzeaz gain, beste urte batez, portaera eredugarriarekin eta inolako gorabeherarik gabe egin direlako ekitaldi guztiak. Hiria musikaz gainezka egon da sei egunez, eta 79 kontzertutan jai giroa, ospakizun giroa eta berrelkartzeak nagusitu dira», eskertu du. Sarreren salmenta Kalitate artistiko eta musikalaren bikaintasuna orokorra izan dela berresteaz gain, «Jazzeko eta beste genero batzuetako izar handiek kontzertu gogoangarriak» eskaini dituztela adierazi du. Adibidez, Simple Minds taldeak 42.000 pertsona bildu zituen Keler Gunean eta edukiera osoa berreskuratuta eta zenbakidun eserlekuei eutsita, zortzi kontzertu egin dira Trinitate plazan. Plaza mitikoan lau egunetatik hirutan sarrera guztiak saldu dira, zehaztu dute. Kursaalari dagokionez, «kalitate artistiko handiko eta estilo anitzeko» bost kontzertu hartu ditu. Auditoriuma egunero bete da, uztailaren 24a izan ezik, bertan, 1.800 pertsonako edukiera osotik 400 sarrera geratu baitziren saldu gabe. Zenbaki osotan, salgai jarri ziren 21.051 sarreretatik 18.601 saldu dira, hau da, %88. Erosketak mundu osoko 37 herrialdetatik egin dira. Jasotako fruituekin pozez, antolakuntzak iragarri du: iada lanean daude datorren urteko programazioa prestatzeko. Apuntatu datak: 2023an uztailaren 21etik 25era egingo da 58. edizioa izango dena.