GAIAK

Nafarren gehiengo zabal batek garatu ditu covidaren aurkako antigorputzak

Bost urtetik gorako Nafarroako biztanleen %97,4k covid-19aren aurkako antigorputzak garatu dituzte, bai txerto bidez bai infekzioa pasatuta. Hala dio Osasun Sailak egindako seroprebalentzia-ikerketak. Kalkulatu dutenez, %62k infekzioa pasatu dute eta immunitateari eusten diote.

Bi antigorputz aztertu dituzte, bata txertoak emana eta bertzea naturalki garatzen dena. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Nafarroako bost urtetik goitiko biztanleen %97,4k covid-19aren kontrako antigorputzak garatu dituzte. Ikerketaren estimazioaren arabera, herritarren %62k ditu infekzioa pasatu dutela adierazten duten antigorputzak, eta immunitateari eusten diote. Portzentaje hori %80 baino handiagoa da 30 urtetik beherakoen artean eta adinarekin batera txikitzen joaten da, 80 urtetik gorako pertsonen artean %26ra iritsi arte.

Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak egin du azterketa, Nafarrako Unibertsitate Ospitalearekin, Tuterako Reina Sofia ospitalearekin eta Lehen Arretako osasun etxeekin elkarlanean. Ondorioztatu duenez, nafarren gehiengo zabal batek lortu ditu covid-19aren aurkako antigorputzak.

18 urtetik gorako herritarren %94 inguruk antigorputz aunitz ditu SARS-CoV-2tik babesteko, bai txertatu direlako eta bai infekzioa pasatu dutelako. 5 eta 17 urte bitarteko haur eta gaztetxoetan txikiagoa da ehuneko hori, %78,5ekoa.

30 urtetik beherako biztanleen %70etan immunitate bikoitza topatu du ikerketak, baita 60 urte baino gutxiagokoen erdietan ere. Ikertutako biztanleen %2,6k ez du antigorputzik, hortaz, «ez litzateke babestuta egonen» infekzio bat gertatuko balitz.

60 urtetik goitiko jendearen artean, %50ek dituzte txertoak emandako antigorputzak, baina ez dute infekzioa pasatu eta, hortaz, ez dute horrek ematen duen antigorputzik. Oroitarazi dutenez, txertoak ez du kutsatzea eragozten, bereziki Omicron eta bere barianteak iritsi zirenetik, baina «oinarrizkoa da infekzioaren larritasuna txikitzeko».

Metodologia: 1.461 pertsona eta bi antigorputz

Antigorputzei buruzko ikerketa hau 1.461 pertsonekin egin zen joan den apirilaren 26tik ekainaren 3ra bitartean. Odola atera eta laginak aztertu zituzten. Osasun etxeetako 35 taldek eta 231 profesionalek parte hartu zuten.

Bi antigorputz aztertu zituzten, immunitate naturala adierazten duena alde batetik, eta txertoari erantzunez eta naturalki ere gara daitekeena bertzetik.

Santos Indurain Osasun sailburuak aurkeztu du azterketa ostiral honetan, Marian Nuin Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko kudeatzailearekin eta Jesus Castilla bertako epidemiologoarekin batera. Indurainek lan hau egiteko ahalegina eta apustua nabarmendu ditu. Erran duenez, «informazio baliagarria» lortu dute «osasunaren kudeaketan erabiltzeko».

Azterketa elkarlanean egin izanagatik ere gustura eta eskertuta agertu da sailburua.