29 JUIL. 2022 - 12:05h OMEk ohartarazi du mundu mailako eta «jatorri ezezaguneko» hepatitis agerraldi bat dagoela Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) abisatu du mundu mailako eta «jatorri ezezaguneko» hepatitis agerraldi bat dagoela, zeinak bereziki umeei eragiten dien. Gaur-gaurkoz ezagutzen diren bost hepatitis motekin ez du bat egiten. OMEk Hego Sudanen martxan jarritako E hepatitisaren aurkako kanpaina. (MSF) NAIZ Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ostiral honetan ohartarazi du munduak «jatorri ezezaguneko» hepatitis agerraldi bati aurre egin behar diola, zeinak bereziki haurrei eragiten dien. Gainera, nabarmendu du «milaka infekzio biriko akutu» ematen direla urtero haur, nerabe eta helduen artean. Testuinguru honetan, erakundeak jakinarazi du zientzialariekin eta kaltetutako herrialdeetako agintariekin zuzenean lanean dabilela infekzioaren jatorria identifikatzeko. Izan ere, badirudi ez duela gaur-gaurkoz ezagutzen diren bost hepatitis motekin bat egiten, hau da, A, B, C, D eta E hepatitisekin. «Eraginkortasun maila maximoa lortzeko, hepatitisaren zaintza komunitate mailan eman behar da, osasun premia guztiei erantzuten dien lehen mailako arreta sistema eraginkor baten bidez eta honetan integratutako beste osasun zerbitzu batzuekin», adierazi du Tedros Adhanom Gebreyesus OMEko zuzendari nagusiak. Hepatitis akutu gehienek sintoma arinak eragiten dituzten arren, batzuetan detektatu ere ez direnak egiten, kasu batzuetan konplikazioak eragin ditzakete eta hilgarriak bihur daitezke. Adibidez, A eta E hepatitisaren infekzio akutuek eragindako konplikazioek 78.000 heriotza eragin zituzten 2019an mundu osoan eta, aldi berean, gaixotasunari aurre egiteko mundu mailako ekimenek B, C eta D hepatitisetatik eratorritako infekzioak desagerraraztea lehenetsi dute. Hepatitis biral akutuek ez bezala, azken hiru aldaera horiek hepatitis kronikoak eragiten dituzte, hamarkada batzuk irauten dutenak eta urtean milioi bat heriotza baino gehiago eragiten dituztenak zirrosiaren eta gibeleko minbiziaren bitartez. Gainera, hepatitisak eragindako heriotzen %95 baino gehiago eragiten dituzte. «30 segundotik behin, pertsona bat hiltzen da hepatitisarekin lotutako arrazoiengatik, hala nola gibeleko gutxiegitasuna, zirrosia eta minbiziagatik», azaldu du Tedrosek, eta gogorarazi du gaixotasunarekin bizi diren pertsonen ia %80k ezin dutela mediku arretarik jaso edo ezin dutela behar duten tratamendua ordaindu. Hepatitisa desagerraraztea, 2030erako erronka 2030erako hepatitisa desagerrarazteko, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) osasun agentziak herrialdeei eskatu die B eta C hepatitisak eragindako infekzio berriak %90 murrizteko, horrela zirrosiak eta gibeleko minbiziak eragindako heriotzak %65 murrizteko. Era berean, OMEk B eta C hepatitis kasuen %90 diagnostikatzeko galdegin die estatuei, eta baita, gutxienez, tratamendua jasotzeko baldintzak betetzen dituzten gaixoen %80 tratatzeko. «Proben eta tratamenduen estaldura txikia da konpondu beharreko gabeziarik garrantzitsuena gaixotasuna 2030erako desagerrarazteko mundu mailako helburuak betetzeko», aitortu du OMEk. Era berean, gaixotasunaren aurkako tresna «eraginkorrak» erabili behar dituztela seinalatu die gobernuei.