06 AOûT 2022 - 06:45h Internet... berdea? Klima aldaketak errealitate gordin baten aurrean kokatu gaitu: ezin diogu eutsi orain dugun bizimoduari. Gure jarduera guztiak aztertu behar ditugu, eta jasangarriak bilakatu. Interneta jasangarria ote den aztertu dute EHUko irakasleek ‘Erria’ aldizkarian publikatutako artikulu honetan. Datu-zentroetan energia gehien hozte-sistemek kontsumitzen dute. (GETTY) Olatz Arregi Uriarte, José Mª Rivadeneyra Sicilia, Ana Zelaia Jauregi (EHUko Donostiako Informatika Fakultateko irakasleak) Jasangarria izateak esan nahi du gure munduak irauteko ahalmenari eusten diola, hau da, bere balantze ekologikoa zero izan behar duela. Balantze horretan bi atal nagusi daude: (1) Internet osatzen duten ekipoak ekoizteko lehengaiak, eta, (2) erabileran, energiaren kontsumoa. Lehengaien kontsumoan zero balantzea lortzetik oso urrun dago egun Interneta, bere oinarria diren ekipoek eragindako hondakin elektronikoaren kuota handia baitute, eta ezaguna da nolako arazoa sortzen duten hondakinek mundu mailan. Egoera hori zuzentzeko hiru zedarriek adierazten digute bidea: kontsumismoaren amaiera, ekodiseinua, eta hondakinen kudeaketa eraginkorra. Ekodiseinuan aurrerapausoak ematen ari dira, batez ere energiaren kontsumoari dagokionez, baina ekipoen iraunkortasuna eta erabilitako materialen berrerabilgarritasuna konpontzeke dauden gaiak dira. Egoera are okerragoa da hondakinen kudeaketan, ekipo elektroniko gehienak ez baitira heltzen behar diren tokietara, berrerabiliak edo birziklatuak izateko. Lehengaien kontsumoan zero balantzea lortzetik oso urrun dago Interneta, bere oinarria diren ekipoek eragindako hondakin elektronikoaren kuota handia baitute Baina lehengaien aferan oreka lortzeko zedarri garrantzitsuena kontsumismoari amaiera ematea da. Ekonomia eta gizartearen arteko harremana irauli dugu, eta ekonomia gizartearen zerbitzuan izan ordez, gizartea jarri dugu ekonomiaren menpe. Egun, ekonomiaren helburua ez da gizartearen beharrak asetzea, baizik eta etekinak maximizatzea, eta, horretarako, gizarteak gero eta gehiago kontsumitu behar du, beharrezkoa izan ala ez izan. Ezinbestekoa dugu aldaketa kultural sakona gauzatzea urteetan asimilatu ditugun printzipio batzuk eraldatzeko, eta barneratzeko behar duguna baino gehiago ez dugula kontsumitu ezta ekoiztu behar ere. Ezinbestekoa da aldaketa kultural sakona gauzatzea urteetan asimilatu ditugun printzipio batzuk eraldatzeko Informatikan bereziki, industriak, bere jarduera azeleratuari eusteko, etengabeko kontsumoa bultzatu du, zaharkitze programatua ohikoa eta onartua bilakatu arte. Aldaketa kultural horrek lehentasunak birkokatu behar ditu, gure beharrak zeintzuk diren birdefinituz, eta bizi-kalitatearen kontzeptua kontsumo mailatik askatu: behin gure beharrak asebeteta, gehiago kontsumitzeak ez digu bizi-kalitatea hobetzen, kontrakoa baizik. Erabilera: energiaren kontsumoa minimizatu Hiru alde bereizi ditzakegu Interneten: erabiltzaileen ekipoak batetik, horien beharrak asetzeko eta zerbitzuak emateko dauden ekipoak (zerbitzariak) bestetik, eta bi aldeak komunikatzeko beharrezkoa den sarea. Erabiltzaileen ekipoen kasuan, bere erabileran energiaren kontsumoa minimizatzeko eman daitezkeen gomendioak beste ekipo elektronikoen kasuan ematen diren berberak dira. Hau da, funtsean, behar ez duzunean, itzali edo eseki, eta, epe luzerako denean, deskonektatu. Zerbitzarien eta sarearen energia-kontsumoa aztertzen hasi aurretik, horien izugarrizko erabilera aztertzea ere komeni da, eta horretarako, ezinbestekoa da Adimen Artifiziala eta datu-zentroak aipatzea. Adimen Artifiziala (AA) denon ahotan dagoen hitza da, eta, esan daiteke termino horrek makinek giza adimena imitatzeko duten gaitasuna adierazten duela, hau da, arrazoitzeko eta ondorioak ateratzeko gaitasuna. Bizitzako arlo askotan erabiltzen da gaur egun AA, esaterako, hizkuntzaren tratamenduan, robotikan edota ikusmen artifizialean, eta esan beharra dago, gero eta emaitza hobeak lortzen ari direla. Baina, zer behar du oinarrian AA erabiltzen duen teknologiak emaitza onak emango baditu? Eta zein kostu energetiko dauka horrek?AAk neurona-sare artifizialak erabiltzen ditu, hau da, giza garuneko neuronak imitatzen dituzten kalkulu matematikoak. Kalkulu horiek behin eta berriz errepikatu behar dira (ikasketa prozesua) emaitza onargarria izan arte, hau da, imitatu nahi denaren eredu egokia sortu arte, izan eguraldia modu fidagarrian iragartzeko, izan itzulpen automatiko zuzena egiteko. Datu-multzo erraldoien gainean egiten dira kalkuluak, eta ondorioz, konputagailu ahaltsuak (zerbitzariak), informazioa gordetzeko espazioa (biltegiratze-sistemak) eta ekipoen komunikaziorako sarea ezinbestean behar dira. Gaur egun, hiru osagai nagusi horiek datu-zentro deitzen diren guneetan biltzen dira. Gune horietan, eguneroko informazio-zerbitzu ugarien atzean dauden datuak prozesatzen, gordetzen eta bidaltzen dira, hala nola, bideo-transmisioa (Netflix, Youtube...), posta elektronikoa (Gmail...), sare sozialak (Twitter, Instagram...), edo informatika zientifikoa (fisika, kimika, ingurumena... alorretako ereduak eta aplikazioak). Kontuan izan, zerbait hodeian dagoela esaten digutenean, horietako datu-zentro batean dagoela, eta «hodeiaren» erabilera masiboak energia-kontsumo latza dakar. Esaterako, fitxategi erantsirik ez duten 65 mezu elektroniko bidaltzea kotxean kilometro bat gidatzearen baliokidea da, eta hogeita hamar minutuko bideo-emanaldiak 28 eta 57 gramo arteko CO2 isurtzen du. Datu-zentroetan energia gehien hozte-sistemek kontsumitzen dutenez, klima hotzeko lekuetan kokatu ohi dira Datu-zentro horiek erabiltzen duten elektrizitatea bero bihurtzen da, eta bero hori gunetik ateratzeko, elektrizitatearekin funtzionatzen duten hozte-sistemak erabiltzen dira; kontsumoa izugarria da. Esaterako, mundu osoko datu-zentroek 416 TWh inguru erabili zituzten 2019an, hau da, gutxi gorabehera munduko elektrizitate-hornikuntzaren %3a, Erresuma Batu osoko kontsumoa baino ia %40 gehiago. Kontuan izan behar da, datu-zentro horietan erabiltzen diren konputagailuak bereziak direla. Prozesadore asko behar da elkarlanean, paraleloan, aplikazioetan emaitza txukunak denbora gutxian lortzeko. Gehienetan, horrelako lanetarako, CPU arruntez gain, GPUak (Graphics Processing Unit) erabiltzen dira. GPUek paraleloan lan egiteko gaitasuna duten prozesadore sinple asko dituzte, 10.000tik gora kasu askotan, eta datu-zentroetan, aldi berean, milaka GPU egon daiteke lanean. Horrek esan nahi du, milioika transistore aritu daitezkeela lanean paraleloan, horrek dakarren energia kontsumoarekin.Erronkak Datu-zentroetan energia gehien hozte-sistemek kontsumitzen dutenez, klima hotzeko lekuetan kokatu ohi dira. Europako gehienak iparraldeko herrialdeetan daude, Erresuma Batuan, Alemanian, Estatu frantsean eta Herbehereetan. Kontsumo hori murrizteko iniziatibak existitzen dira. Stockholm-eko ‘Stockholm Data Parks’-en, adibidez, beroa berreskuratu eta hiriko berokuntza-sarean elikatzen da, energia aurreztuz tokiko komunitatearekin elkarlanean.Azken urteotan, datu-zentroetako teknologiaren eraginkortasun energetikoa hobetzen ari da eta hainbat ikerlariren ustez, grafenoak silizioa ordezkatuko du etorkizunean, sortutako beroa nabarmen murriztuz. Internet-transmisioari dagokionez, teknologia fotonikoari esker, energia gutxiago kontsumituz transmisio-abiadura handiagoa lortzen da, zuntz optikozko kableen bidez. Egia da Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) erabilerak gora egiten segitzen duela, horrek dakarren energia kontsumo itzelarekin. Hala ere, azterketa enpiriko gehienen arabera, IKTak erabiltzeak beste arlo batzuetan energia murrizketa dakar, eta ondorioz, haren garapena begi onez ikusten da. Bestalde, algoritmoen, softwarearen eta web-zerbitzuen diseinuan hobekuntzak egitea garrantzitsua izango da. Adimen Artifizialaren kasuan, ereduen entrenamendurako metodo eraginkorragoak asmatu beharko dira. Edo, Interneteko trafikoan eragin handia duten streaming plataformetan, adibidez, bideo-kodeketan egindako hobekuntzekin edo beharrezkoa ez den kasuetan bideoa ezabatu eta audioa besterik ez uzteko aukera emanez, energia kontsumoa izugarri murriztu daitekeela ikusi da. Diseinu-aldaketa horiek kontzientziazioa eta industria teknologikoa aldatzeko borondatea eskatzen dute. Europako Batzordeak ingurumen-legeria onartu beharko luke, Europar Batasuneko hiritarrek jasotako Internet zerbitzuak iturri berriztagarrietatik soilik elikatzen direla bermatzeko Azken batean, energia-kontsumoak eragindako ingurumen-inpaktua nabarmen murrizteko modu bakarra dago: energia berriztagarria erabiltzea. Energia-enpresen gaineko presioa handitu behar da, energia berriztagarrien teknologietan inberti dezaten. Datu-zentroen zerbitzu-hornitzaile nagusietako askok konpromisoa hartu dute ingurumen-inpaktua murrizteko. Baina, konpromiso horiek askotan konpentsazio hutsean geratzen dira; karbono-iturriko energia kontsumoa estaltzeko energia berriztagarriaren kantitate baliokidea erostean. Europako Batzordeak ingurumen-legeria onartu beharko luke, europar batasuneko hiritarrek jasotako Internet zerbitzuak iturri berriztagarrietatik soilik elikatzen direla bermatzeko. Ez dezagun ahaztu; helburua zero karbono-aztarna lortzea da.