GAIAK

Proba aitzindariak egin dituzte drone batekin Anberesen, ospitaleen artean ehunak garraiatzeko

Drone batek probako hegaldiak egin ditu Anberesen, Belgika ekialdean, ospitale batetik bestera giza ehunak garraiatzeko. Europan inoiz ikusi ez den esperientzia horri esker, berebiziko denbora irabaz daiteke ebakuntzetan erabiltzeko orduan.

Ospitaleen artean giza ehuna garraitzako sistema honek ez du aurrekaririk Europan. (Kenzo TRIBOUILLARD | AFP)

Helicus konpainia flandestarrak gidatutako aparatua asteartean aireratu zen ZNA ospitale-sareko eraikin batetik, eta lau minutu geroago lurreratu zen GZA ospitaleetako Sint-Agustinus eraikinaren teilatuan, abiapuntutik 800 metrora.

Droneari akoplatutako hodi baten barruan kantzerigenoa izan zitekeen giza ehuna zeraman ontzi bat zihoan, eta bigarren zentroko laborategian aztertu behar zuten.

Probako hegaldi hori, egun berean hiruzpalau errepikatu zutena, primizia da Europako lurretan: oraingoz, Helicus da hiri batean eta urrutitik –operadorearen ikuseremutik kanpo– gidatutako droneak helburu medikoekin hegan egiteko Bruselaren baimena jaso duen konpainia komunitario bakarra.

Testak SABCA eraikitzaile belgikarraren aparatu batekin egin dira, eta giza ehunen garraio hori orokortzeko Europako araudi berria onartu aurretik egin dira, 2023rako espero baita.

2024tik aurrera hegaldi erregularrak egitearen aldeko apustua egiten du Helicusek.

«Dronen abantaila nagusia da azkartasuna konbinatzen dutela, batez besteko garraio-denbora murriztuz, eta erregulartasuna, fidagarritasun logistikoa bermatzen dutelako», azaldu dio Mikael Shamim Helicuseko presidenteak AFP agentziari.

ZNA eta GZA ospitale-taldeetako buruzagiak lege berria indarrean jartzen denerako prestatzen ari dira. «Entregatzeko denborak ezinbestekoak dira, eta airean trafikorik ez egoteak hegaldi fidagarriaren iraupena ziurtatzen du», adierazi du Els van Doesburg ZNAko presidenteak, ibilbideen denbora erdira murriztu daitekeela esanez.

Bi ospitale-sareetako lau laborategiek 1.200 proba ateratzen dituzte urtero ebakuntza medikoetan, eta lehenbailehen aztertu behar dira minbizi-zelulak detektatzeko eta interbentzioak nolakoak izan behar diren zehazteko.

«Emaitzak 30 minututan prest egon behar dira», zehaztu du Sabine Declercq GZA ospitaleetako patologoak.

Oraingoz, analisiak egiteko laginak garraiatzea baino ez dago mahai gainean, baina Helicusek kontuan hartzen du odola eta transplanteak egiteko organoak garraiatzeko aukera. Horretarako, baina, itxaron beharko da: garraiatuko den materialak bolumen handiagoa izango duelako eta hozte-elementuak gehitu beharko litzaizkiokeelako aparatuari, Shamimek gogoratzen duenez.