01 SEPT. 2022 - 21:40h Castillo de Lapoblación, motz eta zorrotz Toloño mendikateak bi mundu banatzen ditu. Iparrean, pago basoak eta soroak. Hegoan, lehorragoa, horia eta mahastiak. Castillo de Lapoblación da bi aldeak banatzen dituen gailurretako bat. Altueran apala, erraza, ikuspegi dotorekoa eta bi isuriak ezagutzeko aproposa egun erdiko txangoan. Toloño mendikateko gailur garaienak, Lapoblación haitzeko ipar isuritik: Cruz del Castillo, Palomares, La Rasa eta Peñalta. Andoni Urbistondo Andoni Urbistondo Lizarrerriatik ederki ikusten da Joar mendia, Kodes mendigunean; 1.417 metroko altuerarekin bailara horren mendebaldeko atea da. Laplana eta Joar mendietan hasten da ia 50 kilometro luze den mendikate dotorea, Euskal Herriko zabalena Pirinioak alde batera utzita. Goi mendi haiek adina eragin dauka kliman Toloño mendikateak (Kantabriako mendiak, bertakoen ahotan), eta, ondorioz, bizimodu eta tradizioetan. 600-700 metroko hesi handia egiten du iparreko bailaretan, 900 metrokoa ere bai hego isurian. Iparrera gari eta garagar sail bakan batzuk daude Arabako Mendialdean, Kanpezu aldean, baina soroek eta basoek presentzia handia dute. Hego isurian basoa desagertu egiten da ia erabat, eta lursail horiek eta mahastiek bereganatzen dute terreno guztia. Esan beharrik ere ez, Arabako Errioxa eta Nafarroa hegoaldeko ardoek munduan barrena duten fama. Toloño mendikateak hezetasuna ipar isurian tenkatzearen ondorioetako bat. Toloño mendikateak hainbat tontor ezagun ditu: Joar, Cruz del Castillo, Palomares, La Rasa, Toloño gaina bera… Castillo de Lapoblación ez dago gehien igotzen den gailurren artean, baina badu bere interesa: txango erraza da, desnibel apalekoa, 300 bat metro baino ez, eta egun erdiko txangoan harkaitz ikusgarriaren bi isuriak ezagutu daitezke, ipar eta hego isurien arteko ezberdintasunaz modu zehatzean jabetzeko. Castillo de Lapoblación gandorrari Castillo bakarrik esaten diote bertakoek, baina baita Etzandako Lehoia ere. Izan ere, itxura hori dauka Labraza aldetik ikusten denean (Araba). Ontzi bateko brankaren tankera ere badauka Castillo mendiak. Mendiko oinetakoak jantzi eta ibiltzen hasi aurreko errepide bidea ere interesgarria izaten da sarri. Lapoblación herrira iristeko bidea halaxe da, Torralba del Río, Azuelo edo Aguilar-Kodes herriak zeharkatuz Joar harroaren magalean. Lapoblación herrixkara iritsi baino kilometro eskas lehenago ikusten da lehen aldiz bere osotasunean Castillo mendia, 200 metroko haitz tentez jositako harri puska. Lapoblación herria 960 metrora dago. Pirinioetatik kanpoko Euskal Herriko herri garaiena da, eta Castillo haitzaren babesean dago. Uda aspaldiko beroena izan da Euskal Herrian, eta, horregatik, goiz xamar mugitzea komeni, bero saparen atzaparretan ez jausteko. Herri txikia da, 100 biztanle baino gutxiago. Eliza ondoan aparkatzea onena, bertan hasten baita txango zirkularra, Castillo haitzari buelta osoa ematen dion mendi irteera. Kate eta zirgak mendian gora Pista zabal batean egiten da lehen ordu laurdena, baina berehala mendi bide bilakatzen da. Hainbesterako, hiru gunetan kateak daudela itsatsita mendi hormetan, irristatzeak saihesteko. Zorua lehorra dago abuztu betean, baina hezetuta dagoenean arrisku usaina dauka bideak. Kate edo zirgei helduta, ordea, batere komeriarik ez. Tarteka, mendian oso behera geratu den Lapoblación herriari begiratua ematea komeni, oso azkar irabazten baita altuera. Sastraka azkar desagertzen da, eta mendi handiak agertzen hasi ostertzean: ekialdean Joar, urrun samar, eta gure begi aurrean El Tajo erpina (1.201 metro). Eskalada bide batzuk badaude tontor horretan. Bideak azken norabide aldaketa egiten duen tokiari arreta berezia eskainiko diogu, ibilbide zirkularra osatzeko norabide aldaketa horretan dagoelako bueltako bidea Castillo haitzeko ipar isuritik egiteko. Gailurretik bizpahiru minutura dagoen gune laua da, erdi-erdian metro erdiko seinaleztapen makila daukana. Ordubete eskasean iristen da gailurra, 1.244 metrora, eta ikuspegia zoragarria da: Logroño Errioxako hiriburua ezin hobe nabarmentzen da, baita Guardiako kaskoa ere, Araban. 10-15 kilometro eskasera daude bi gune horiek lerro zuzenean. Mendebalderantz Toloño mendikateko gailur tente guztiak agertzen dira: Peñalta, Peña del León, Palomares… Iparrera ere garbi ikusten dira Beriain, Muela, Aratz edota Aizkorri mendiak, tarteka Kantauri itsasoko lanbroak harrapatuta. Atzera egin, eta esandako bidegurutzean ipar isurira egingo dugu jauzi. Hasierak bihurri samarra dirudi, malda handia dagoelako, baina, lehor egonda, arriskurik ez. Zirga bat ere bada, jaitsiera laguntzeko. Castillo haitzeko pareta ikusgarrien azpian ibiliko gara, eta horrek erakargarri egiten du oso itzulerako bidea. Altuera galtzen goazen heinean haitzak desagertzen hasten dira, pago baso dotoreak beste mundu batera eramaten baitu mendizalea. Baso itxia da, hezetasuna gordetzen dakiena, eta zorua hostoz josia dago. Eguzki printzarik ez da sartzen bertan, eta ez du batere berorik egiten. Castillo haitz osoa inguratu ondoren, Aldea edo Bernedo mendateraino iristen da bidea ia-ia. Araba eta Nafarroaren arteko muga naturala da gune hori. Meano herrixka ere gertu ikusten da, baina ibilbide zirkularra osatzeko ekialderantz egin behar dugu, eta berriro Castillo haitzaren magaletik Lapoblación abiapuntura iritsi, bi ordu eskaseko txangoan.